Mundu guztiko 3.000 gaztai klase, zemendiko Gaztaiaren Nazinoarteko Jaialdian

Bizkaie! 2016-06-22 09:08   Jan edanak

Donostian egingo dabe International Cheese Festival eta Bilbon aurkeztu dabe egitaraua. Gaztaiaren kulturearen inguruko ekitaldi ugari egongo dira zemendiaren 16tik 18ra, adibidez, Artzaintzearen Nazinoarteko Foroa, sukaldarien topaketea eta lehiaketak.

Pablo Basterra (Artzai Gazta), Victoria Urresti (dastatzailea), Luisa Villegas (jaialdiaren zuzendaria) eta Jose Mari Ustarroz (Idiazabal jatorrizko deiturea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Artzai Gazta alkarteak antolatu dau International Cheese Festival. Bost kontinentetako 3.000 gaztai klase inguru dastatu ahal izango dira eta bertoko zein kanpoko 250 dastatzailek parte hartuko dabe. Guztira, jaialdira 20.000 lagun inguru etortea espero dabe antolatzaileek. Ekitaldi gehienak Kursaal jauregian izango dira.

Hasteko, munduko gaztai txapelketarik handienaren 28. edizinoa hartuko dau Donostiako jaialdiak. World Cheese Awards-en aurreko edizinoan, 2.700 gaztai baino gehiago aurkeztu zituen lehiaketara. Aurten be, antzeko kopurua espero dabe. Urrezko, zidarrezko eta brontzezko dominak emongo deutsiez onenei.

Zemendiaren 16an izango da txapelketea eta, 17an, lehenengo aldiz egingo dabe Champions of the champions izeneko beste lehiaketa bat. Orain arteko edizino guztietan irabazle izan diran gaztaiak batuko ditue hor, eta onenetan onena aukeratuko dabe.

Beste alde batetik, jaialdiak gune ugari izango ditu, danak gaztaiaren kultureagaz eta gastronomiagaz lotuak. Esate baterako, Gazta Market gunea Europako gaztaien bilgunea izango da. Gaztaren zientzia/istorioak eremuan, ostera, berbaldiak antolatuko dira, produkzinoaren arloko barrikuntza teknikoak eta artzainen esperientziak ezagutzeko. Showcooking gunean, sukaldaritzea izango da ardatza.

Ganera, artzainek alkarren barri izateko guneak preparauko ditue eta gaztaigileak banatzaile eta erosleakaz hartu-emonetan jarri ahal izango dira. Artzaintzaren Nazinoarteko I. Foroa be egingo dabe. 

Jaialdiko ekintza gehienak publikoari edegita egongo dira, baina sarrerea ordaindu beharko da. Sarrera orokorrak (12 euro), egun batez jaialdira sartzeko eta munduko sei gazta zati probetako aukerea emongo dau. 20 euro pagau ezkero, dastaketetan parte hartu ahal izango da. Prezio berean erosi ahal izango da berbaldi eta mintegi teknikoetarako sarbidea emoten dauena. Amaitzeko, 50 euroko sarrerea be ordaindu beharko dabe gaztaiagaz lotutako bizipenen inguruko saio berezietan eta sukaldari ezagunen zuzeneko erakustaldietan egon nahi dabenek.

Antolatzaileek azaldu dabenez, Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdiaren bidez, artzainen lanbidea ezagutzera emon nahi dabe eta barrikuntzearen zein jasangarritasunaren alorretan egiten daben ekarpena erakutsi. Gaztaigintzea tradizinoagaz, kultureagaz eta natureagaz lotuta dagoala dino Artzai Gazta alkarteak.

Egitaraua osorik, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu