Itzultzaile Berriak programea hiru eguneko lantegiagaz amaituko da

Bizkaie! 2016-06-20 11:01   Euskerea berbagai

Deserria itzultzen izenburuko tailerraren bidez, Etxepare Institutuaren eta EIZIEren Itzultzaile Berriak programan parte hartzen dabilzan atzerriko zazpi itzultzaileek euren egonaldia biribilduko dabe. Bagilaren 20tik 22ra bitartean da lantegia, Donostian.

Mintegiko parte-hartzaileak eta arduradunak, tartean atzerriko zazpi itzultzaileak | Ikusi handiago | Argazki originala

Lituaniako, Esloveniako, Bulgariako eta Poloniako itzultzaile bana, sei hileko egonaldia egiten dabilz, urtarriletik bagilera, Zornotzako Barnetegian, euskerea ikasi eta euskal literaturako lanak euren hizkuntzetara eroateko helburuagaz. Bagilean, beste hiru etorri dira hilabeteko egonaldirako, Errusiatik, Estoniatik eta Txekiatik.

Donostiako Tabakaleran egiten dabilz lantegia, Etxepareren egoitzan. Hasteko, Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria liburuan eta Joseba Sarrionandiaren hainbat poematan oinarrituta lan egingo dabe zazpi itzultzaileek. Itziar Otegik koordinauko ditu zereginok eta Garazi Arrula arduratuko da egindako guztia zabaltzeaz. Urretabizkaiak berak emongo deutse ondo-etorria parte-hartzaileei.

Beste alde batetik, Miren Ibarluzea itzultzaile eta irakasleak berbaldia eskainiko dau, euskal idazle batzuek itzulpengintzearen inguruan daukien jarrerearen ganean, berak egindako ikerketa bat oinarri. Gero, atzerriko itzultzaileek euren eretxia emoteko tartea izango dabe.

Joseba Sarrionandiaren testuak lantzeko orduan, Miren Ibarluzea eta Aiora Jaka izango dira gidari. Aurrez akeratutako hamabi poemaren irakurketa personalizadua egingo dabe. Ganera, idazleak berak mintegiko parte-hartzaileei idatziz bialdutako argibideak aztertuko ditue. Urretabizkaiaren eta Sarrionandiaren testuak lantzen amaitzeko, Iñaki Iturrietak eta Eva Linazasorok autore biok gaztelaniara itzultzen izandako esperientzia kontauko dabe.

Hiru eguneko tailerrean ikusi eta ikasitakoak jentaurrean erakusteko modua be izango dabe Itzultzaile Berriak egitasmoko zazpi itzultzaileek. Eguaztenean, 19:00etan mahai-ingurua egingo dabe Tabakaleran bertan eta mintegian ateratako ondorioak plazaratuko ditue. Xabi Strubellen musikeak girotuta, irakurketa eleaniztunaren txandea izango da gero.

Modu horretara, Itzultzaile Berriak programeak amaiera interesgarria izango dau atzerriko zazpi bisitarientzat, ondoren egin beharko daben lanerako erabilgarria. Izan be, parte-hartzaileek euskal idazleren baten obra bana aukeratu dabe eta euren hizkuntzetara itzuliko dabe, euskeratik abiatuta.

Itzultzaile Berriak programan, sei hileko egonaldian, honeek laurak dagoz: Laura Liubinaviciute (Lituania), Barbara Pregelj (Eslovenia), Maria Petrova-Patxkova (Bulgaria) eta Katarzyna Sosnowska (Polonia). Hilabeteko egonaldirako, ostera, honeek hirurak etorri dira: Karina Misxenkova (Errusia), Merilin Kotta (Estonia) eta Lenka Niznanska (Txekia).

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu