Julen Nafarrate: Betiko sukaldaritzearen eredu diranen omenez otu jatan 'Izeko Mertxeren osogaien bila' proiektua

Koldo Isusi Zuazo 2016-06-20 08:43   Barriketan

Abenturazalea

Izeko Mertxeren osogaien bila izenburupean, bizikletea eta etxeko sukaldaritzea buztartuta, 3.000 kilometro baino gehiago egingo ditu Julen Nafarrate berangoztarrak Europan zehar. Hiru hilebete inguru emongo ditu kanpoan eta Europa hegoaldeko etxeetako benetako sukaldaritzearen barri jasotea da asmoa eta eguneroko kronika, argazki eta bideoak okasinorako sortu dauen blogean txertatzen joatea. Abentura honen gorabeherak gustora kontau deuskuz bidaiari ekin aurreko egunetan.


1.- Bizikletea eta etxeko sukaldaritzea buztartuta, asko joango litzatekez gustora zeugaz. Zelan otu jatzun abentura hau?

Donostia 2016ko deialdi publiko bat ikusi neban Biziz enbaxada ibiltaria ekimenaren barruan, bizikleta batek bultzatutako bost espedizinok osotzen dabe, eta Europan ibiliko gara, beste horrenbeste ibilbide tematikotan. Misinoak kontinenteko bizitza-estiloen aniztasuna jasoteko diseinau dira, eta 2016 urtearen erdialdean ekingo deutsagu bidaiari; Las Palmas, Atenas, Kopenhage, Konstantza eta Kaliningrad dira, hurranez hurran, arkitektureari, gastronomiari, bioaniztasunari, komunidadeari eta sexualidadeari eskainitako ibilbideen abiapuntuak. Nik neuk sukaldaritzeagaz lotutako proiektua aurkeztu neban. Eta kozinan erdipurdi, normal antzean moldatzen nazenez, etxean daukadan altxorra, izeko Mertxe, 78 urteko emakumea, bertoko sukaldaritzea egiten dauena etorri jatan burura, sekula errekonozimendurik jaso bakoa eta hor zehar betiko sukaldaritzearen ikur eta eredu diran asko eta askoren omenez otu jatan Izeko Mertxeren osoagaien bila proiektua.  


2.- Izeko Mertxeren osoagaien bila izena jarri deutsazu proiektuari. Zergaitik?

Proiektuari ekiteko arrazoia da izeko Mertxe, eredu moduan hartu dot, Euskal Herriko etxe askotan legez, betiko sukaldaritzearen eredu. Izeko Mertxeren moduko emakumeak topau eta lekuan lekuko jateko, errezeta eta produktuen bildumea egitea da asmoa. Emakume horreen ezkaratzetan sartu, alkarrizketatu, jatekoak kozinau, errezetak jaso eta errezetak preparetako osogaiak batu eta Euskal Herrira ekarriko dodaz. Gero, izeko Mertxek egingo deust menu bat horreekaz guztiakaz.


3.- Noiz ekingo deutsazu abentureari? Bakarrik zoaz?

Oraintxe, datorren astean, hilaren 20an goaz Atenasera eta han astebete edo egingo dogu. Bagilaren 27an, barriz, bizikletea hartu eta bideari ekingo deutsagu. Grezia zeharkatu ostean, ferrya hartuko dogu Italia hegoaldera salto egiteko. Erroma parean beste ferry bat hartu eta Sardiniara joango gara. Aurrerago, beste ferry batek Frantzia hego-ekialdera eroango gaitu eta Marsella, Montpelier inguruak atzean itxita, Katalunian zehar, Aragoi, Nafarroa eta Euskadin bueltan izango gara irailean. Nigaz batera lagun bi etorriko dira, Xabi Duo eta Jose Torres donostiarrak, ez gara ezagutzen eta, beraz, hori be erronka polita izango da. Batez be, logistikaz, etapak antolatzeaz eta arduratuko dira.


4.- Nondik nora ibiliko zaren aurreikusi dozu? Zenbat etapa izango dira? Egunean zenbat kilometro?

Bai, danetara, 12 aste izango dira eta astero laupabost bizikleta egun, tarteko deskantsurako egunak eta abar. Egunean 40-60 kilometro inguru izango dira, ez dira asko baina hiru hilebeteko tartea luzea izango da eta deskantsurako tarteak laburrak. Seguru belaunetako eta ipurdiko mina igarriko dala. Danetara, 3.300 bat kilometro izango dira.


5.- Abentureari ekin aurretik, entrenamendu berezirik egin dozu?

Ez pentsau, entrenamendu berezirik eta ez dot egin, lanean be ibili naz eta ez dot astirik izan. Baina normalean bizikletan nabil hemen inguruan, Berango, Algorta, Sopela eta inguruetan eta zeozelako ohiturea daukat bizikletan ibilteko.  


6.- Udarako oporraldi ederra atondu dozu, egunean kilometro batzuk egin eta heltzen zaren lekuko etxeko sukaldaritzearen barri jaso eta ahal dala probau.  Zein izango da zure egunean eguneango egitekoa?

Eguna goizean goizetik hasiko da guretzako ze uda sasoi betean goazenez eta sekulako beroa izango dogunez, goizeko freskuran egingo doguz kilometroak. Eguerdirako lan hori eginda izatea aurreikusten dot eta hortik aurrera helburua izango da lehen aitatu deutsudazan emakume horreek topau, ezagutu, konbentzidu eta eurekaz errezeta bat egitea. Egunero ez da posible izango, tarteka inguruak ezagutzeko astia be hartuko dogulako.


7.- Grabazinoak  ala oharrak eta errezetak idatziz jasoko dozuz?

Bideoak egiteko esperantzea daukat, bideoak be egiteko aukerea dauen argazki-makinea eroango dot eta alkarrizketak, barriz, grabau egingo ditut segurutik baina idatziz jasotea be ez da txarra izango, oharrak eta besterik ez bada. Badakit hizkuntzea mugea izan daitekela ze edadekoek ingelesez egitea gatxa izango da baina zelan edo halan ulertuko gara, keinuen bidez besterik ez bada.

Ganerakoan, eguneko kronikak, errezetak eta enparauak internet bidez, plataforma desbardinetan ezagutarazoko dodaz, Donostia 2016ko blogean, hedabideetan zein okasinorako beren-beregi sortutako blogean: www.naiz.eus/blogs/izekomertxe.


8.- Zeri daukotsazu bildur handiena: hanketako minari ala alkarrizketatzaileen hizkuntzeari?

Horreek biak arazo izan daitekez eta ezusteko gehiago be agertzea ez litzateke gauza arraroa izango baina ez gaitezan txarrenean jarri. Esfortzu fisikoak bildur puntua emoten deust, neke fisikoa baino gehiago edo horregaz batera neke sikologikoa be agertu daitekelako. Egun asko dira, hiru hilebete eta tarteka deskantsuak be izango doguzan arren, errutina horrek, erropa bardina, egunero leku desbardinean lo egin beharra, herrietan alkarrizketatzaile egokiak topetako zeregin horrek estres puntua be eragin leike baina subertetan jakuzan arazoei aurre egin beharko deutsegu ilusinoagaz.

 
9.- Etxean bueltan zagozanean, zer egingo dozu batutako material guztiagaz?

Donostia 2016ko Biziz enbaxada ibiltarian bitakora bat aurkeztu behar dot, bidaian sortzen dodazan bideo, argazki, idatzi eta hedabideetan egiten dodazan alkarrizketa eta enparauakaz. Irailaren 18an helduko gara Donostira eta data hori ez da kasualidadea, izan be, egun horretan ospatuko da Donostian Mobikortasun Jasangarriaren Eguna eta hor bertan hasiko gara gure abenturearen kontakizuna edo mezua zabaltzen, erakusketa, berbaldi edo beste bide batzuen bitartez. Hortxe hasiko da izeko Mertxeren erronkea be, izan be, bidean jasotako material guztiagaz, handik ekarritako osogaiakaz eta errezetak preparau beharko ditu. Eta irailaren 22an haren urtebetetzea danez, menu berezia eskaini beharko deust; bidebatez izeko Mertxeri egingo deutsadan alkarrizketea izango da abentura honetan azkena.


10.- Zertan zabiz orain Julen? Durangoko Azokearen komunikazino atalean be ibilia zara...

Saltsa askotan nabil, danak kazetaritzeagaz eta euskereagaz lotuta. Durangoko Azokako komunkazino arduraduna izan nintzan igaz eta leitekeana da aurten barriro be izatea. Aurretik, barriz, Sopelako Udaleko komunikazinoa arduradun izan naz lau urtean eta egun kazetari lanak egiten nabil han eta hemen enpresa desbardinetan. Orain, ostera, dana itxi beharko dot epserientzia hau biziteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu