'Oholtza' lana aurkeztuko dau Beñat Krolemek Bilbon
2016-06-15 13:57 BertsolaritzeaBeñat Krolem (Bilbo, 1990) EHUn Arte Ederrean lizentziatua da, University of the West of Englanden, Bristolen, urtebete igaro ostean.
Igaz Mintzolak eta Laboa Katedreak alkarregaz esleitutako proiektu sarietako bat irabazi eban Beñat Krolem bilbotarrak. Bertsolaritzearen hitzaren arteko irudia lanagaz irabazi eban proiektu saria, eta orain hortik eratorritako Oholtza lana aurkeztuko dau datorren zapatuan, hilaren 18an, 12:00etatik aurrera, Bilboko Erriberako merkatuan. Jon Martin eta Jone Uria bertsolariak izango ditu lagun performancea gauzatzeko.
Oholtza bertsolariari jarduteko toki bat eskaintzen deutson eraikuntza-aldagaien multzoa da, mobikorra eta artikulagarria. Bat-bateko eraikuntza-jokoa da, pieza multzoen bitartez osotzen dana. Emonaldiaren momentuan bertan proiektau, diseinau eta montetan diran egiturak dira. Bertsolariak abestu bitartean bertan berbakaz sortzen dauen bertsoaren pareko prozesuak dira. Oholtza bertsoa sortzeko sormen-prozesuaren harremanaren eta gorputzaren jarrerearen arteko azterketea da. Bertan, bertsolaria bera berben aldare bihurtu eta altzau egiten da.
Erriberako merkatuko performanceaz gan, Beñat Krolem Europa bat-batean topaketearen barruan egingo diran jardunaldi akademikoetan izango da Oholtza erakusketeagaz. Miramar Jauregian izango da bere lana ikusgai garagarrilaren 11tik 15era.
Beñat Krolem (Bilbo, 1990) Euskal Herriko Unibersidadean Arte Ederretan lizentziatua da, University of the West of Englanden, Bristolen, urtebete igaro ostean. Sorkuntza-beka desbardinak jaso ditu, tartean, Antonio Gala Fundazinoaren bekea, BilbaoArte Produkzino bekea eta aitatutako Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedreak esleitutakoa. Gaur egunean bat-batekotasunaren eta inprobisazinoaren prozesuak ikertzen dabil.
Aurtengo deialdia zabalik
Mikel Laboa Katedreak eta Mintzola Ahozko Lantegiak igaz esleitutako proiektu sarietako bat Beñat Krolementzat izan zan. Aurten be deialdia zabalik dago: bi ikerketa kontratu eta hiru proiektu sari dagoz esleitzeko. Irailaren 12a baino lehen aurkeztu behar dira baterako zein besterako eskaerak. Prozedurearen eta zehetasunen inguruko informazino gehiago topau daiteke www.mintzola.eus eta www.ehu.eus/laboakatedra atarietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!