Hamaika lan ikusi ahal izango dira Bilboko Antzerki Eskola Jaialdian

Dabi Piedra 2016-06-15 11:28   Kulturea

Aurreko urteetako edizinoakaz alderatuta, zabaldu egin dabe parte-hartzaile kopurua Fetabin, Bilboko Antzerki Eskolen Jaialdian. Bagilaren 27tik garagarrilaren 2ra, sail ofizialean bost antzezlan lehiatuko dira eta Off sailean beste sei.

SGAEko Garbitxu eta Martin Calvo antzerki eskoletako ordezkariei azalpenak emoten | Ikusi handiago | Argazki originala

Antzerki eskola eta ikastegietan ikasleek egiten daben lana ezagutarazotea eta euren lanak oholtzan erakusteko aukerea emotea da Fetabi jaialdiaren zeregina. Bosgarren edizino honetara 26 proposamen aurkeztu dira eta antolatzaileek sei aukeratu ditue sail ofizialerako. Azkenean, baina, horreetako bat ezin izango dabe garaiz preparau eta bost lehiatuko dira. Era berean, beste sei lan aukeratu ditue, lehiaketaz kanpo, Off sailean erakusteko.

SGAE Fundazinoa da Fetabi jaialdiaren antolatzailea eta AISGE, Deabru Beltzak eta Campos antzokiaren laguntzinoa dauka.

Nobedade nagusi bi dakarz aurtengo Fetabi jaialdiak. Batetik, euskerazko antzezlan onenarentzako saria sortu dabe. Bestetik, aurten lehenengoz, Off saila egongo da, lehiaz kanpoko antzezlanentzat. SGAEko Euskadiko Lurralde Batzordeko presidente Garbitxuk azaldu dauenez, aurten oinarriak oso zorrotzak izan dira eta sei lanek baino ez ditue baldintza guztiak bete. Ganerakoei be aukerea emoteko, beraz, Off saila sortu dabe eta sail ofizialetik kanpo geratu diran sei proposamen onenak konbidau ditue.

Beraz, sekula baino parte-hartzaile gehiago izango ditu aurtengo jaialdiak, hamaika guztira. Bederatzi konpainia dira, Anima Eskolearen hiru lan aukeratu ditue eta. Orain dala bost urte hasi ginan eta Fetabi jaialdia gure proiektu nagusia bihurtu da, adierazo dau Garbitxuk, aurrera begira be, hazten segidu nahi dogu.

Emonaldi guztiak Bilboko Campos antzokian izango dira. Jaialdiaren egun bakotxean, obra bi ikusi ahal izango dira, sail ofizialeko bat (20:00etan) eta Off saileko beste bat (18:00etan). Salbuespena bagilaren 28a izango da, egun horretan Off saileko Baile de mascaras, Bilboko Anima Eskolearena, baino ez dabe emongo.

Hilaren 27an, jaialdiari ekiteko, Carne, el carnicero y los pecados de otros emongo dabe sail ofizialean. Bizkaiko Antzerki Ikastegiak aurkeztutako obrea da. Off sailean, Anima Eskolearen Calidos y frios ikusi ahal izango da. Hilaren 29an, Anima Eskoleak Blancanieves antzeztuko dau sail nagusian eta Off atala Nafarroako Unibersidadeko ikasleen esku egongo da, Hamlet lanagaz.

Bagilaren 30ean, Errioxako Unibersidadeko TECU taldearen El pelo de la dehesa izango da sail ofizialeko protagonistea eta, Off sailekoa, Tres en uno o maraton de relatos, Bilboko Nexo Teatrorena. Garagarrilaren 1ean, Paren el mundo 2.0 aurkeztuko dau sariketara Getxoko Utopian eskoleak eta Off saileko Tatarabo, por mi y por todos mis compañeros, Gaztela eta Leongo Arte Dramatikoko Eskolearena, be egongo da Bilbon.

Amaitzeko, garagarrilaren 2an, sail ofizialeko euskerazko obra bakarra ikusi ahal izango da: EHUren Antzerki Laborategiko Ofelia maite zaitut. Horregaz batera, Off sailean, Portugaleteko Antzerki Eskolako Auto izango da. Egun bakotxeko obra biak ikusteko sarrerea 10 euroan salduko dabe eta jaialdi osoko bonoa, 25 euroan.

Sari-banaketa ekitaldia garagarrilaren 3an egingo dabe, 19:00etan, Campos antzokian bertan. Let´s Dance konpainiaren jantza ikuskizun bategaz alaituko dabe saio hori. 500 euroko sari nagusiagaz batera, beste hainbat sari be emongo ditue: Euskerazko antzezlan onenari (hautagai bakarra dago), aktore onenei (gizonezko eta emakumezkoen kategorian), testu original onenari eta abar. Publikoaren saria be egongo da, ikusleen artean botazinoz aukeratua.

Konpainiak pozik dagoz Fetabin parte hartu ahal izateaz, antzerki eskolen mundutik urten eta antzerkigintza profesionala ezagutzeko aukerea emoten deutselako ikasleei. Antzoki handi baten lan egiteko modua emoten dau, profesionalek zelan lan egiten daben ikustekoa, azaldu dau Portugaleteko eskolako Jose Miguel Elvirak. Mundu amateurretik urten eta gure lana erakusteko aukerea emoten dau, ganeratu dau Getxoko Utopian eskolako Felipe Guerinek. Biak bat etorri dira, ganera, eskolen arteko hartu-emona bultzatzeko balio dauela jaialdiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu