Musika eta zinemearen arteko alkarlana Siroka taldearen lan barriaren aurrerapenean

Bizkaie! 2016-06-13 16:43   Musikea

Aktore lanetan ibili dira Sirokako kideak beste lagun askogaz batera. Goraipatzekoa da taldeko abeslaria dan Maria Riverok egin dauen interpretazino lana, bere fikzinozko alabeagaz batera, Jone Muruzabal, eta zelan ez, Luis Vil zuzendariaren lan profesionala.

'Eskuak eta bideak' film-clipeko fotogramea | Ikusi handiago | Argazki originala

Siroka taldeak bagilaren 16an bere disko barria aurkeztuko dau, Ura izenburukoa. Taldearen laugarren diskoa izango da eta aurrerapen abestia: Eskuak eta bideak izeneko singlea zabaltzeko film-clip berezia egin deutsie kantu horri Luis Vil zinema zuzendariaren esanetara. Film-clip deitu daben bideo honek pelikula izakerea dauka, zinema kutsua eta zazpi minutuko iraupena.

Oraingo honetan aktore lanetan ibili dira Sirokako kideak beste lagun askogaz batera. Goraipatzekoa da taldeko abeslaria dan Maria Riverok egin dauen interpretazino lana, bere fikzinozko alabeagaz batera, Jone Muruzabal, eta zelan ez, Luis Vil zuzendariaren lan profesionala. Bideoan jente askok bizi dauen egoera dramatiko baten testigantzea jaso gura izan dabe, eta alkarregaz, danon giza eskubideak errespetatuak izan daitezan exijidu eta lortzearen garrantzia. Ugaoko Torretxea herriko tabernan aurkeztu dabe filmeko protagonista, kolaboratzaile ta lagun guztiakaz Eskuak eta bideak film-clipa, eta orain sareetan lan potolo honetaz gozetako aukerea eskaintzen deuskue.

Era berean, Siroka taldeak Ura disko barriaren pre-order eskaerea egiteko aukerea zabalik dauka bere webgunean zein sareetan. Ehun kopia zenbakitu baino ez ditue kaleratuko, beraz taldeko jarraitzaileak diskoa eskuratzeko aukera mugatua egongo da.




Zazpi urteko ibilbide oparoa

Siroka musika taldea 2009ko udan sortu zan. Ezagunak ziran lagun batzuk abesti bi sortzeko intentzinoagaz batu ziran eta egindakoak sortarazotako haize boladek Siroka musika taldearen jaiotzea ekarri eban. Taldekideak garai horretan Maria (ahotsa), Gaizka (baxua), Gorka (bateria) eta Ekaitz (gitarra) ziran eta danak bestelako musika taldeetan ibilitakoak dira, besteak beste, Apurka, Izate Faltsua, Feos Pero Majos edota Kloratita hurranez hurran. Aurkezpen moduan Haize berriak diskoa kalerau eben urte horretan. Handik gitxira Gaizkak taldea itxi eta Pepok (All Nighters Club, Keats) hartu eban haren lekua, bira luze bati aurre eginez.

2011eko maiatzean, Karosi disko-liburu ikusgarria kaleratu eben, Tio Pete estudioan grabautakoa, bederatzi kantu eta 9 ipuin labur izan ziran. Urte ta erdiz plazaz plaza bira luzea egin eben 2012ko abuztura arte.

Garai horretan Ekaitzek taldea itxi eban eta bere partez Iñigo Pagaza (Izargi) sartu zan taldean eta hirugarren diskoa grabau eben Andoaingo Garate estudioetan Kaki Arkarazoren eskutik: 3.SZN, doinu ilunagoakaz eta kantu landuagoakaz. Kontzertuen arteko etenaldietan konposatzen jarraitu eben eta Malutak izeneko proiektua jarri eben martxan. Taldeak bideo sortzaileakaz lan egitea erabagi eban eta formatu fisikoa baztertuta, kantuak (Garate estudioan ere Kakiren esanetara grabautakoak) malutak lez jausten doaz sareetara bideoklip formatuan.

2015ean, Pagaza Bartzelona aldera joan zan lanera eta Peporen aitatasunak taldekide barri biri lekua egin behar izan eutsen. David Ciro Sierra baxujolea (ZeinDaZein? eta Feos Pero Majos taldeetan Gorkaren taldekide izandakoa) eta Asier Martin gitarrajole bilbotar gaztea.

2016ko apirilean, Sirokaren 4. disko fisikoa izango dana grabetan sartu ziran Unai Mimenzaren eskutik Tio Pete estudioan. Lau kantu barri, Malutak proiektuko lau kantuak eta erremix batek osotzen dabe maluten urtzeagaz jaio dan disko barria: Ura.

Sirokan rock-a da oinarria, ahots melodikoa eta sinpletasuna. Euskal Herriko errealidadean kokatuak, bidebakokerien salaketak eta inponidutakoo sistemearen aldaketarako oasinoak gidatzen dabe taldekideen ideologia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu