Bertsotruk ekimena barriro egingo dabe datorren ikasturtean
2016-06-13 13:20 BertsolaritzeaEuskal Herriko Bertsozale Alkarteak aurreratu dauenez, Portugaleten egingo da 2016ko Bertso Eskolen Eguna, irailaren 17an. Egun horretan hasiko da Bertsotruken bigarren denporaldia.
Helduen bertso eskoletako kideen arteko hartu-emona bultzatzen dau Bertsotruk egitasmoak. Era askotako bertso-saioak antolatzen dira, batzuk formalagoak, beste batzuk bazkarien, afarien, antzerkiaren edo jolasen ingurukoak. 2015eko zemenditik 2016ko maiatzera bitartean egin da lehenengo ekitaldia eta 26 bertso eskolak emon dabe izena.
Normalean plazara urteten ez daben bertsolari asko inpliketea lortu dau Bertsotrukek eta giro polita egon da antolatutako 29 saioetan. Hortaz, Bertsozale Alkarteak dino, balorazino ona egiten dauela eta ekimenaren edizino gehiago antolatuko dituala, helduen bertso-eskolen batzordearen bidez.
Danetara, Euskal Herri osoko 26 bertso eskolak hartu dabe parte eta erronka edo saio libreak izan dira, hau da, bertso-eskoletako antolatzaileek erabagi dabe formatua eta lekua. Lehenengo edizinoan 30 saio izan dira ondorengo herrietan: Etxarri- Aranatz, Alegia, Markina-Xemein, Oñati, Irun, Mungia, Iurreta, Mañaria, Barakaldo, Gasteiz, Barañain, Legorreta, Gabiria, Orio, Zumarraga, Oñati, Zarautz, Bergara, Lesaka, Aramaio, Arantza, Irun, Lasarte-Oria, Erandio, Gernika-Lumo, Hernani, Azkoitia, Ordizia eta Larrabetzu.
Bertso Eskolen Eguna, irailaren 17an
Aurten, normalean baino lehenago antolatuko dabe Bertso Eskolen Eguna, irailaren 17an (igaz zemendian izan zan). Portugalete aukeratu dabe bertso eskolen jai hori egiteko eta Bertsotruken bigarren edizinoa be bertan hasiko da.
Bertso Eskolen Egunaren ganeko detaile gehiago irailaren hasikeran emongo ditu Bertsozale Alkarteak, baina aurreratu dabe hil horren 2tik 12ra erosi ahal izango dira bazkarirako txartelak, 15 euroan. Bertsotruk ekimenean izena emoteko epea, datorren ikasturtea hasten danean zabalduko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!