UEUk ezinbesteko jo ditu erakunde publikoen babesa eta unibersidadeen arteko lankidetzea

Bizkaie! 2016-06-13 11:02   Euskerea berbagai

Iñaki Alegria UEUko zuzendariak unibersidadeko euskerazko online eskaintzea bideratuko dauen proiektu baten beharra azpimarratu dau Euskerazko online eskaintzea unibersidadean: egoera eta erronkak jardunaldiaren edegieran.

Ezkerretik eskumara: Iratxe Esnaola, Carles Sigalés, Juan Jose Álvarez eta Iñaki Alegria | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindia, Eusko Jaurlaritzea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Hego Euskal Herriko lau aurrez-aurreko unibersidadeak, UNED eta UOC Universitat Oberta de Catalunyako Ikaskuntza eta Irakaskuntzako errektoreordea jardunaldi batean batu ditu, eragileen eretxi eta esperientziak ezagutzeko eta alkarlanerako zubiak eregiteko asmoz.

Iñaki Alegria UEUko zuzendariak unibersidadeko euskerazko online eskaintzea bideratuko dauen proiektu baten beharra azpimarratu dau Euskerazko online eskaintzea unibersidadean: egoera eta erronkak jardunaldiaren edegieran, eta egitasmo hori alkarlanean aurrera eroan leikien eragileen eretxia eta esperientziak ezagutzeko foro legez aurkeztu dau saioa. EUko zuzendariaren esanetan, online unibersidadea euskal unibersidadearen behar handienetako bat da, eta bideragarria da. Horixe egiaztatu dabe azken hiru urteotan egindako azterketek: beharrezkoa eta egingarria dala.

Iratxe Esnaolak be estrategikotzat jo dau jardunaldia, eta UOC Universitat Oberta de Catalunyaren eredua ekarri dau: Administrazinoen babesa jasoten dau eta unibersidadeen arteko alkarlana dau oinarri. Euskal jendarte jantzia eta euskeraz jantziko dan jendartea aldarrikatu ditu UEUko Talde Eragileko partaide eta jardunaldiaren koordinatzaileak.

Erakunde publikoek ekin deutsie beren ikuspuntua azaltzeari. Euskaltzaindiaren izenean, Erramun Osak egin dau berba. Mundu lehiakor honetan, ez da bera beste hiztun komunidadeakaz alderaketak egitekoa, ezta besteek eskaintzen dabena iparrorratz lez hartzearen aldekoa be: Gure komunidadeari begira egin behar dogu lan, eta erreferente eta ikusgai egingo gaituen proiektuak sustatu. Ezin dogu hori banaka, eremu bakan batzuetan egin; alkarlana ahalbidetu behar dogu. Osaren berbetan, errentagarritasun ekonomikoari baino, sozialari erreparau behar jako, eta baliabideak jartea eskatzen deutse horrek erakundeei.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrerea azaldu dau, jarraian, Gotzon Egiak. 2010etik, online eskaintzara bideratu dau erakundeak UEUri emoten deutson babes ekonomikoa, unibersidade edegiak, jakintza edonon eta edonoiz eskainiko dabenak, beharrezkoak diralakoan. Egiaren ustetan, alor honetan hutsetik eta oinordekotzarik barik jarduteak eredu propioa, baldintzatu bakoa eta gaztea garatzeko aukerea dakar.

Eusko Jaurlaritzako Unibersidade zuzendari Javier Alonsok be hartu dau berbea. Hizkuntzak ikasle kopurua mugatzen dauela ohartarazo dau, baina publiko potentziala egon badagoala, eta euskerearen osasun digitala hobetu daitekela; unibersidade eta erakunde bakotxak emon leikezan puntako ikastaroak online eta euskeraz eskaintzea erabagigarria da, eta unibersidadea edegia eta inklusiboa izan beharko litzatekeela erantsi dau.

Ondoren, Hego Euskal Herriko aurrez aurreko lau unibersidadeek, hau da, Euskal Herriko Unibersidadeak, Nafarroako Unibersidade Publikoak, Deustuko Unibersidadeak eta Mondragon Unibersidadeak, euren euskerazko on line eskaintzea zein dan azaldu dabe eta etorkizunean emon asmo dituen pausuak aurreratu.

Marko Galarza irakasleak egin dau berba Nafarroako Unibersidade Publikoaren izenean, eta aurrez aurreko aurkezpenetan oinarritzen diran betiko metodologien inertziagaz jarraitzen dogula adierazo dau: Hizkuntzeagaz zerikusirik ez dauen fenomenoa da: ez erderaz, ez inglesez, ez doguz eduki on-line ugari topauko gure unibersidadean. Irakasle batzuen iniziatiba personalei esker garatu dira eduki gitxi batzuk, interneten. Datorren ikasturterako gradu eta graduondoko aukerako irakasgaien edukiak on-line garatzeko deialdia edegi dabela be jakitera emon dau Galarzak: Hizkuntza guztientzat eta kreditu kopuru mugatu batentzat zabaltzen da, baina lehen pausu handia da NUPen.

Mondragon Unibersidadearen esperientziaz Edurne Galindez on-line koordinatzaileak egin dau berba. Internet bidezko eskaintzaren erronkea hartzailea eta haren behar espezifikoak kontuan hartzea dala esan dau: Eredu pedagogikoan, modalidadean eta hizkuntzan asmau behar da. Ganera, ikasketak on-line egiten dituen ikasleen artean ixte tasea oso bajua dala azpimarratu dau.

Urtza Garay UPV/EHUko irakasleak azaldu dauenez, on-line plataformak aurrez aurreko eskolen osogarri ditue; edozelan be, graduondoko 19 titulu dira online edo erdipresentzialak. Horreetatik hiru euskeraz eskaintzen ditue, eta Garayk azpimarratu dauenez, master amaierako lana euskeraz eta inglesez be egin daiteke gaztelerazko graduondoko gehienetan.

Bestalde, MOOC Online Ikastaro Masibo Edegien bidean egiten dagozan apustua be nabarmendu dau. Campus birtualak deialdi bi egin ditu irakasleek holako ikastaroak diseinau eta argitara deiezan.

Alex Rayonek argi esan dau Deustuko Unibersidadeak eskaintza mugatua dauela euskeraz eta online. Transformazino digitala da euren erronka estrategikoa egun, eta metodologia eta eredua zein irakasleen ohiturak internetera eta IKTetara moldatzea. Esangura horretan, baztertu egiten dabe MOOC eredua.

Etenaldiaren ondoren, Carles Sigalés Condek, UOC Universitat Oberta de Catalunyako Ikaskuntza eta Irakaskuntzako errektoreordeak, unibersidade edegiak kataluinar jendartean izan dauen eragina aditzera emon dau. UOC-ek 21 urteko ibilbidea dauka, eta unibersidade mailako urrutiko hezkuntzea katalanez eskaintzeko helburuagaz sortua, munduko lehenengo on-line unibersidadea dogu berau. Kataluniako Generalitateak katalanezko eskaintzea garatu nahi izan eban UNEDen barruan, eta erakunde honen ezezkoa jasota, bere kontu, beste unibersidade bat sortzea erabagi eben. Gaur egun, 200.000 laguneko komunidadea da, eta 50.000 ikasle eta, gitxi gora-behera, 70.000 graduatu ditu. Hezkuntza eredu sinplea baina indartsua dauka UOCek. Ez dago aurrez-aurreko eskolarik, eta irakasleen berbaldiak be ez ditue eskaintzen internet bidez. Ikaslea da protagonista, eta irakaslea bidelagun.

Galderen tartean, UOCen antzeko proiektu bat gaur egun Euskal Herrian garatzeko gakoak zeintzuk litzatekezan galdetu deutsie Sigales Conderi, eta nabarmendu dau hartzailea ondo identifikau behar dala eta beste unibersidadeakaz lehiatu baino, alkarlana bilatu behar dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu