Amaia Olabarrieta: 'Talde guztia kontuan hartuta, ez da egon inor gu baino hoberik'

Dabi Piedra 2016-06-13 08:20   Barriketan

Athletic Club-eko jokalaria

 

Amaia Olabarrieta Athleticeko jokalaria izan da 2003tik. Guztira, 232 partidu ofizial jokatu ditu goi mailan, eta 32 gol sartu. Hiru Liga Txapelketa irabazi ditu erdilariak, azkena aurten. Denporaldi bikaina egin dabe zurigorriek eta talde boteretsuak atzean itxita lortu dabe titulua, 2007tik irabazi daben lehenengoa. Ganera, datorren urtean Europako Txapeldunen Ligan jokatzeko txartela eskuratu dabe.

Denporaldi gazi-gozoa da hau Olabarrietarentzat, halandabe. Izan be, belauneko lesino larri baten erruz jokatu ezinda dago 2014ko martitik. Beraz, aurtengo sasoia amaitzen danean, erretiroa hartuko dau. Bere ibilbide luzearen eta aurtengo garaipenaren garrantziaren ganean egin dogu berba beragaz.

 

1.- Zer moduz joan ziran Ligako ospakizunak?

Zoroen moduan ibili ginan, giro bikaina egon zan eta hainbat jente egon zan gugaz. Sinistezina izan zan.


2.- Orain Kopa txapelketea jokatuko dozue. Ze aukera ikusten deutsazuz Athletici?

Urtero legez, aukera ona dogula uste dot. Momentu onean ailegau gara. Ligea irabazi eta gero, askok pentsau leike egin beharrekoa eginda dagoala, baina ez, Kopea be irabazi nahi dogu. Ganera, Athleticek ez dau inoz Kopea irabazi eta, orain daukagun emozinoagaz eta gogoagaz, hau izan leiteke urterik onena.


3.- Ligeari jagokonez, urte askoan ibili zarie irabaztetik hur, baina azken orduan gitxigaitik huts egiten. Taldean pentsetan hasita egon zarie ezinezkoa izango zala barriro irabaztea?

Bai, bederatzi urte eta gero, askotan horren hur eukita, eta azkenean iges egiten dauela ikusten dozunean... momentu gogorrak pasau doguz, alderdi psikologikotik min emoten dau holako gauza batek. Baina egia da, era berean, urtero sekulako motibazinoagaz ibili garela, aurten hasikeratik amaierara arte eutsi deutsagu maila onari eta urte askotako lanaren emoitzea ikusi da Liga hau irabazita.


4.- Bartzelonaren eta Atletico Madrilen mailako taldeak dagoz Ligan, mundu guztiko goi mailako jokalariz beteta. Zein da zuen sekretua talde horreei aurre egin eta sailkapenean aurretik geratzeko?

Ligea irabazi eta gero emondako prentsaurrekoan Iraiak esan eban, bi edo hiru talde dagozala jokalari onak daukiezanak, baina indibidualizazinoak ez dauela balio futbolean. Taldeak funtzionau behar dau ondo eta erakutsi dogu, talde guztia kontuan hartuta, ez dala inor egon gu baino hoberik. Nik uste dot hor egon dala giltzarria, taldekide guztiok sendo ibili gara, bakotxak bere aportazinoa egin dau eta, asko sufriduta bada be, horrek arrakastea ekarri dau.


5.- Jokalari guztien ekarpena ezinbestekoa izan da, min hartutako jokalari garrantzitsuen ordez sartu diranek be neurria emon dabelako. Bigarren taldetik heldutako gazteek erantzunkizuna hartu dabe, ezta?

Taldean bakotxak jakin behar dau zer egin leiken laguntzeko. Nik uste dot danok daukagula hori garbi. Harrobitik datozan futbolari oso onak dagoz. Aurten euki dabe euren gaitasuna erakusteko aukerea. Esaterako, Maite Oroz bigarren taldetik heldu da eta partidu guztietan titular izan da. Aulkian egon diran gehienak bigarren taldekoak izan dira. Hori poztasun handia da, ze badaukagu harrobia, biharamunerako jokalari onak izango doguzala badakigu.


6.- Halandabe, gazteek ondo jokatu daben arren, beteranoak zarie taldearen oinarria: Eli Ibarra, Vanessa Gimbert, Iraia Iturregi, Erika Vazquez, zu zeu...

Bai, jokalari beteranoak eukitea lagungarria da. Askotan, beteranoen aportazinoa ez dago horren lotuta alderdi teknikoari edo fisikoari. Izan leiteke ekarpen psikologiko bat, esperientziak asko balio dau.


7.- Aurten entrenatzaile barria euki dozue, Joseba Agirre. Bere lehenengo denporaldian Liga txapelketea irabazi dau. Zer ekarri dau?

Berba baten esanda, freskotasuna. Azken finean, gatxa da talde oso bat aldatzea, normalean entrenatzailea aldatzen da. Aurrekoek be lan ona egin eben, baina gauzak ez ziran gura genduan moduan joan eta kasu askotan aldatzea izaten da onena. Josebak freskurea ekarri dau, gogo handiz etorri da.


8.- Zuk zeuk ezin izan dozu aurten jokatu, ezta aurreko denporaldian be, belauneko lesino larri bat dala eta. Taldean egon bai, baina ezin jokatze hori, zelan bizi izan dozu?

Txarto, ez deutsut esango ondo pasau dodanik. Jokalariok jokatu egin nahi dogu, aportazinoa egin zelaian. Baina aspalditik ikusten izan dot gauzak ez dirala joan gura izan dogun moduan, belauna ez da ondo egon. Orduan, pentsau dot ia zelan lagundu eta ikusi dot nire esperientziagaz, aldagelan besteakaz nire jakinduria alkarbanatuta, zeozer aportau ahal izan dodala.

Batez be, futbola behartuta itxi behar izatea da tristea. Azkenean, danori helduko jaku erretiroa hartzeko momentua, baina niri, zoritxarrez, lesino baten erruz heldu jat, ezin izan dot bueltau ezta zelan nagoen probetako be. Hori da txartoen eroan dodan gauzea. Liga hau irabazita, dana dala, tristura hori txikitu egin da eta azkenean une polita da hau.


9.- Ganera, gurutzebide horretan ez zara bakarrik egon: Zure taldekide Saioa Gonzalezek hiru urte daroaz jokatu barik eta zeure moduan erretiroa hartuko dau aurten. Zelan bizi izan dozue hau guztia alkarregaz?

Ba, eskerrak alkarregaz egon garen! Taldekideak izateaz gan, lagun onak gara. Batera bizi izan dogu hau guztia eta momentu txarrenetan alkar babestu dogu. Azkenean, erabagi genduan gure osasunerako onena erretiroa hartzea izango zala.


10.- Omenaldia egin eutsuen bioi maiatzean Lezaman, Oiartzunen aurkako partiduaren aurretik. Aurreskua egin eutsuen jantzari batek, taldekide guztiak eta Josu Urrutia presidentea han egon zan... Zelako unea izan zan zuentzat?

Goizean altzau nintzanean euria zan eta pentsau neban tristea izango zala euritakoagaz urten behar izatea, baina azkenean aterri egon zan. Giro bikaina egon zan, taldekideak agurtu ahal izatea itzela izan zan.


11.- Hamahiru denporalditan 232 partidu jokatu dozuz. Zer emon deutsu zuri Athleticek?

Mundua ezagutu dot, Europatik be ibili ginan Txapeldunen Ligan. Beste talde eta jokalari batzuk ezagutzeko aukerea euki dot. Ganera, Athletic barrutik zer dan jakin dot, barrutik sentidu ahal izan dot itzelezkoa dala, zaleak be bakarrak dira, hemen bakarrik dagoz holakoak. Azkenik, esango neuke taldekide eta lagun piloa egin dodazala klubean.


12.- Athleticen egindako ibilbidean, zein da gogoan gordeten dozun momenturik onena?

Galdera gatxa da. Akaso, lehenengo deia jaso nebaneko momentua. Esan eustenean Athleticek nigaz interesa eukala, sekulakoa izan zan. Horren ostean, bigarren lekuan aukeratuko neuke San Mamesen jokatu gendunean lehenengoz, Ligea irabazi eta zale guztiakaz ospatu genduan, momentu berezia izan zan. Honeetan egunotan bizi izan doguzanak be ederrak dira, eta freskoago daukadaz memorian. Jakinda ez dodala datorren urtean segiduko, oso polita izan da holan agur esatea.


13.- Kontuan hartuta ze meritu daukan irabazi barri dozuen tituluak, uste dozu gizartean errekonozimendua faltau jatzuela?

Holako momentuetan atzera begiratu behar dogu. Gogoan daukat orain dala 14 edo 15 urte neuk ordaindu behar nebala neure fitxea. Gaur egun aldaketa handiak egon dira eta hor Athleticek itzelezko aportazinoa egin dau. Badakit oraindino aurrerapausu handiak egin behar dirala, gizartea ohitzen dabil emakumeak gero eta arlo gehiagotan ikusteaz. Ondo goazala uste dot, bidea da inportantea, ze trabak topauko doguz, baina atzera begiratu ezkero aurrerapausu itzelak egon dira eta holan segidu behar da.

Onena litzateke honetaz bizi ahal izatea, ez dot esaten mutilek daukiezan soldata handi horreek jasotea, baina behintzat futbola izan ahal izatea gure dedikazino bakarra. Gaur egun ezinezkoa dala badakigu, baina polita izango litzateke hori lortzea. Athleticek pausu hori egiten badau, epe luzera uste dot garaipen gehiago eta oihartzun handiagoa ekarriko leukezala eta gizarteak gauza normaltzat hartuko leuke gure lana.


14.- Datorren urtean Europan jokatuko dau Athleticek, Txapeldunen Ligan. Zuk zeuk jokatu zenduzan partidu batzuk Europako txapelketetan, 2004an eta 2007an. Herrialde askotan hemen baino aurreratuago dagoz emakumeen futbola jagoteko orduan, ezta? Eredu izan leitekez?

Bai, ze herrialde batzuetan hemen baino lehenagoko tradizinoa dauka emakumeen futbolak. Gizartean emakumearen normaltasun hori sartzen aspaldi hasi ziran. Eredu hori eukitea beti da ona, hemengoagaz konparau leiteke, zer hobetu geinkean jakiteko. Batez be, helburu bategaz, biharko egunean emakumeen futbola normaltasun handiagoagaz hartzea.


15.- Gabarrearen kontura sortu dan polemikeak lagundu dau emakumeen futbolaren eskariak gizarteratzen?

Bai, bai. Egunotan gatazka asko egon dira, gabarrea atera behar dan ala ez, eta gu ez gara horretan sartzen, hori erabagiten daben persona batzuk badagoz, baina egia da horrek ekarri dauela eragin on bat: Oihartzun handia euki dau polemikeak eta gizarteak berak parte hartu dau eztabaidan. Aurrerapausuak emoten segidu ahal izateko, gizartearen inplikazino hori inportantea da.

Aldagelan, ahalegindu gara jenteak egin dauen eskaria entzuten eta ulertzen, Athleticetik kanpo bazagoz edo ez badozu egoerea ondo ezagutzen, gabarrea eskatzea gauza normaltzat joten dozu, jenteak bardintasun hori nahi izatea gauza ona da. Baina gutako batzuek bizi izan genduan 2007ko ligea irabazteagaitik autobusean Bilbotik ibili ginanekoa, eta poz-pozik ibili ginan. Beraz, autobusean zein gabarran, guretzat inportanteena jenteagaz momentu hori alkarbanatzea da, horrek ez dauka preziorik.


16.- Etorkizunera begira jarriko gara. Lehenik eta behin, Athleticen eta euskal futbolaren geroari jagokonez, harrobia zelan ikusten dozu?

Hor lan itzela egiten da, Athletic bera lan bikaina egiten dabil. Bizkaian, eta Bizkaitik kanpo be bai, erreferente bat eukitea oso inportantea da, ikusten da gero eta nesken talde gehiago dagozala. Horrek ekarten dau biharamunean harrobi gehiago eta emoitza hobeak egongo dirala. Etorkizunean ez da egongo ezelako arazorik Athleticek aurrera egin daian eta Euskal Herriko talde asko egon daitezan.


17.- Eta zure etorkizuna zelan ikusten dozu? Futbolagaz lotuta segiduteko asmorik badozu?

Oraingoz lasai hartu gura dot hau, egunerokora ohitu. Arraro egingo jat taldekideakaz ez egotea eta Lezamara ez joatea. Baina egia da nik odolean daroadala futbola eta ez dot baztertzen futbolagaz loturea daukan zeozertan sartzea. Nire esperientzia, zelan edo halan, gaztetxuei erakustea, hori konpartidu ahal izatea, hori da gura dodana. Lagundu ahal dodan arloren bat badago, ni prest egongo naz, edozein dala be. Baina aukeratzekotan, akaso entrenatzaile izatea gustauko litzakit.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu