Bilboko ikastetxeetako neska-mutil bertsolariek kurso amaierako jaia egingo dabe astelehenean
2016-06-10 13:27 BertsolaritzeaGu ere bertsotan egitasmoaren barruan, Bilboko 32 eskolatako Lehen Hezkuntzako ikasleek bertsolaritzea lantzen dabe klasean. Ikasturtean ikasitako guztia Arriaga antzokira eroango dabe astelehenean, hilak 13.
Bizkaiko Bertsozale Alkarteak eta Bilboko Udalak antolatu dabe jaia, ikastetxeakaz alkarlanean. Koldo Narbaiza Euskera zinegotziak gogoratu dau Udalak 29 urte daroazala Gu ere bertsotan programea babesten. Bertsolaritzea indartzen da eta ikasgelan landutakoa ondo pasatzen daben bitartean lantzen dabe umeek, dino Narbaizak. Euskerearen erabileran be eragin positiboa daukala ganeratu dau.
Bilbon, 32 ikastetxetan lantzen da Gu ere bertsotan programea, 5. eta 6. mailetan. Ikasle asko diranez, asteleheneko Arriagako jaian, 16 ikastetxek parte hartuko dabe, erdiek. Datorren urtean ganerakoak izango dira antzokian dabe eta, aurrerantzean, urte biko txandak egiten segiduko dabe. Parte hartzea bultzatu nahi dogu eta ume guztiak batera egonda hori oso gatxa litzateke, azaldu dau Eli Arostegi Bizkaiko Bertsozale Alkarteko sustapen ataleko kideak.
Horrenbestez, 16 ikastetxetako 700 ume inguru egongo dira Arriaga antzokian astelehenean. Goizeko 10:30ean hasiko da ekitaldia eta hiru zati eukiko dituala azaldu dau Arostegik: Lehenengoan, ikasleek gelan egindako lana erakutsiko dabe, bideoen, asmakizunen eta bestelakoen bidez. Bigarren zatian, Lorea Zulaikak gitarrea joko dau eta umeek beragaz kantau ahal izango dabe, karaokea balitz legez. Amaitzeko, topaketea egingo dabe ikasleen eta lau bertsolari ezagunen artean. Oihana Bartra, Arkaitz Estiballes, Jone Uria eta Etxahun Lekue joango dira Arriagara, gaztetxuakaz berba egiteko asmoz.
Egitasmo sendoa da Gu ere bertsotan, Bizkaiko Bertsozale Alkarteak emondako datuak aintzat hartu ezkero. Aurten, Bizkaiko 180 ikastetxetan landu dabe programea. Bilbon, ganera, jarduera bereziak antolatzen ditue. Arriagako jaiaz gan, Bizkaia Irratian asteroko irratsaio bat dago, Zortziko Txikia, eta lantzean Bilboko ikastetxe bateko neska-mutilak joaten dira, ikasgelan landutakoa erakustera. Ganera, Bil eta Bo personaiak sortu ditu Bertsozale Alkarteak, programeagaz lotuta.
Irati Erkizia da Bilboko ikastetxeetara bertsolaritzea eroaten daben irakasleetako bat. Eskola gehienetan astero ordubeteko saioak egiten dituela azaldu dau. Bertsolaritzea bitartekoa da, ikasleek euskerea modu naturalean erabili daien, jentaurreko gaitasunak lantzeko... dino Erkiziak, Bilboko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, ikasle batzuek euskereagaz daukien kontaktu bakarra da. Programazinoa ikastetxe bakotxaren beharretara egokitzen dabe, bai une bakotxean lantzen dagozan gaietara moldatuaz eta baita ikasleen aniztasuna kontuan hartuta be.
2016/06/13 10:30
Bilboko Arriaga antzokianErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!