'Gu gazteok', gazteen hizkuntz ohiturak, jarrerak eta praktikak ezagutzeko ikerketea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2016-06-09 08:51   Euskerea berbagai

Lan hau gazteon hizkuntza-esperientziaz blai dago, helburua gazteen eta hizkuntzearen arteko lotura hori gazteen errealidadean eta izaeran kokatzea izan baita.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Euskerearen Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-ataleko zuzendari Jone Miren Hernandezek, batzorde-atal honek egindako Gu Gazteok ikerketearen emoitzen txostena aurkeztu dabe Donostian. Aurkezpenean izan da Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Itsaso Andueza be.

Komunikabideetan, kalean, gizartean, oro har, asko berba egiten da gazteei buruz. Baina, zein da gazteen errealidadea eta egunerokotasuna? Ze eretxi dabe euren gizarteaz, euren testuinguruaz? Zer esaten dabe euren buruei buruz? Zelan definiduten dabe euren burua gazte euskaldunek? Ze hizkuntza erabilten dabe? Zelan? Zer dinoe hizkuntzei buruz? Orain aurkeztutako ikerketan galdera horreen erantzun batzuk jaso dira zenbait gazteen ahotik.

Aurrekariak:

Igazko bagilaren 17an, Euskerearen Aholku Batzordeak eginiko Osoko Bilkuran, Gazteriaren Batzorde-atalari gazteek euskerearen ganean eta hizkuntza aniztasunari buruz dituen pertzepzino, identidade edo identifikazino, bizipen, jarrera eta jokamoldeei buruzko gogoetea eta azterketea egiteko eskatu jakon, gazteen parte-hartzeagaz, jakina. Orain aurkeztu dan ikerketeak eskari horri erantzuna emon gura deutso. Gogoratu behar da, pasa dan maiatzaren 11an, Euskerearen Aholku Batzordeak bere egin ebala, aho batez, dokumentu hau.

Ikerketeagaz hasi aurretik, Eta hemendik aurrera zer? dokumentuan jasotako aurreikuspenaren zenbait datu ezagutarazo ditu Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak:

- 2011an, EAEko biztanleria osoaren % 36,4 euskalduna zan, % 19,3 euskaldun hartzailea eta % 44,3 erdalduna. 2036an, barriz, aitatutako proiekzinoaren arabera, % 49,5 euskalduna izango da, % 16,7 euskaldun hartzailea eta % 33,8 erdalduna.

- 25 urtetik beherakoen artean, ostera, hizkuntza gaitasunaren bilakaera honakoa hau izan daiteke: 2011an, adin talde honen % 73,2 euskalduna zan, % 15,5 euskaldun hartzailea eta % 11,3 erdalduna. 2036an, barriz, % 83,4 euskalduna izango da, % 9,3 euskaldun hartzailea eta % 7,3 erdalduna.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan dau: Eta hemendik aurrera zer? dokumentuak datozen 20 urteei begirako lehentasunak finkatzen ditu. Lehentasunetan lehentasun orain arte egindako lanari eustea izan behar dau. Hori bai, lehenetsi behar dogun giza taldea gazteen taldea da. Hainbat arrazoi dagoz honetarako: euskerearen hazkundeak gazteen eskutik etorten jarraituko dauelako; gazteen artean dagozalako euskaldunen proportzinorik nabarmen altuenak; euskeraz hazi, formau eta hezitako belaunaldiak izango doguzalako; gazte euskaldun guztiak euskeraz alfabetatuak diralako; unibersidade ikasketadun gazteen portzentajeak Europako altuenetakoak dira, eta etorkizuneko gizartearen gidari eta liderrak gazteen artean dagozalako. Eta gehitu dau: orain aurkeztutako lana barria eta barritzailea da. Euskerearen Aholku Batzordeko Gazteria Batzorde-atalari eskertu nahi deutsat egindako lana. Kalidade handiko lana, duda barik.


Gu Gazteok:

Laburpen txosten hau Gu gazteok izeneko ikerketa lanaren emoitzea da. 2015eko irailetik eta 2016ko zezeilera bitartean, 12 eta 14 urte bitarteko ehun nerabe baino gehiagogaz egin zan euren egunerokotasuneko praktikak, identidadeak eta bizipenak jasoteko eta hizkuntzeagaz hartu-emonetan jarteko. Nerabeen ahotsak entzun dira, eurekaz barriketaldiak izan dira eta euren barriketaldien lekuko izateko aukerea egon da. Lan hau, beraz, gazteon hizkuntza-esperientziaz blai dago, helburua gazteen eta hizkuntzearen arteko lotura hori gazteen errealidadean eta izaeran kokatzea izan baita.

Ikerketa honen helburu nagusia gazteek euren inguruko hizkuntz ohiturak, jarrerak eta praktikak ezagutzea, aztertzea eta aurkeztea izan da. Horregaz batera, honako helburu zehatz honeek zehaztu dira:

- Gazteen testuingurua ezagutzea.

- Gazte izatearen irudia(k), bizipenak eta identidadeak jasotea.

- Gazteen egunerokotasuneko praktiketara hurreratzea.

- Gazteen hizkuntza kartografia egitea: hizkuntza-praktikak, hizkuntza-guneak, hizkuntza eragileak...

- Hizkuntzearen inguruko gazteen diskursoak jasotea.

Ikerketa hau Gipuzkoako hiru herritako Kuadrillategi egitasmoan gauzatu da: Lasarte-Oria, Pasaia eta Lezon. Guztira, 12 eta 14 urte arteko 105 gaztek parte hartu dabe.


Etorkizunerako proposamenak:

Dokumentu honetara batu diran ikerketearen emoitzak, eztabaida eta hausnarketarako abiapuntu lez planteau dira euskerearen normalizazino sozialaren bidean. Norabide horretan, Euskerearen Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-atal Bereziak aurrera begirako proposamen orokor batzuk zerrendatu ditu:

- Gazteen eta euskerearen arteko harremanetan sakontzen jarraitzea.

- Kirol, kultura eta aisialdirako hizkuntza-plangintza sendoak ezartzea.

- Eskolaren lana indartzea

- Aurreko bi atalen garapenean, atentzinoaa jartea gazteakaz harremanetan dabizan profesional eta eragileakan (irakasleak, kultura sustatzaileak, aisialdi begiraleak, kirol monitoreak…), horretarako ikerketea sustatuz, programa bereziak sortuz, prestakuntza eskainiz, sentsibilizazinoa sustatuz.

- Gazteen euskerazko sorkuntza propioa aktibetako eta egiteko baliabideak (egoerak, ekimenak, diskursoak…) zabaldu, sendotu, sortu eta jakinarazo.

- Euskerearen prestigioa indartzeko ahaleginak egin behar dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu