Bosgarren urteurrena bisitarien igoereagaz ospatu dau Balenciaga museoak
2016-06-08 08:33 Kulturea2011ko bagilean zabaldu zan Getarian Cristobal Balenciaga moda-diseinatzaileari eskainitako museoa. Harrezkero, 284.000 bisitari hartu ditu. Museo gaztea danez, oraindino programazinoa zabaltzeko eta bide barriak topetako lanean dabilzala adierazo dabe arduradunek.
Museo gaztea gara, esperimentetan gabilz, bisitariakandik ikasten, beste eragile batzukaz lankidetza barriak aztertzen eta jardueren egitaraua zehazten, azaldu dau Miren Vives Balenciaga Museoko zuzendariak. Helburu garbia daukiela dino: Cristobal Balenciagak eta haren lanak modearen eta goi mailako joskintzearen munduan daukan garrantzia zabaltzea eta bultzatzea eta horrek ganerako arte-sorkuntzetan daukan eragina azpimarratzea.
Bost urte beteta, pozik eta baikor dira museoko arduradunak. Izan be, inaugurazinoaren osteko bisitari piloaren ondoren, kopurua bajatzen joan da urtetik urtera, baina igaztik barriro hasi dira bisitari gehiago joaten. Holan, igaz, % 6 handitu zan bisitarien kopurua eta, aurtengo lehenengo bost hileetan, % 22koa izan da hazkundea, igazko epe beragaz alderatuta. Guztira, museoa martxan egon dan bost urteotan, 284.763 lagun joan dira hango erakusketak ikusten. Hezkuntza-programetan 4.673 personak parte hartu dabe.
Bisitarien herenak Euskal Autonomia Erkidegokoa dira, batez be gipuzkoarrak, baina beste herrialde askotako bisitariak be hartu ditu Balenciaga museoak. Inkestea bete daben bisitariek nota ona emon deutsie eta, batez be, jasotako tratuak, eraikinak, bildumek eta museografiaren arloak jaso dabe puntuazino altua.
Guztira, 17 erakusketa antolatu ditu museoak bost urtean. Tartean dagoz Cristobal Balenciagari buruzko lau erakusketa espezifiko eta inaugurazinoaren harira eratu zana. Bestetik, modeagaz lotutako aldi baterako beste 11 erakusketa be egon dira. Orain Balenciaga parpailan barrena izenekoa dago eta dagoeneko 11.000 bisitari baino gehiagok ikusi dabe. Beste museo eta erakunde batzukaz sortutako alkarlanari esker, kanpoko piezak ekarri ahal izan dira eta museoaren funtsetako materiala beste uri batzuetan erakutsi ahal izan da.
Museoak 2.150 piezako bildumea dauka, orain dala bost urtekoaren bikotxa. Emole eta mailegu-egile partikularrei esker, ondarea sortzen da eta berau jagon, aztertu eta zabaltzen dogu guk, dino Maite Vivesek.
Hamarkada erdia beteta, baikor dagozala dino Vivesek. Bosgarren urteurrena ospatzeko tartea be hartuko dabe asteburuan. Gau edegia egingo dabe, hau da, bagilaren 11n, zapatua, museoa zabalik egongo da gaueko 21:00etatik 00:00etara. Aretoak doban bisitau ahal izango dira eta zuzeneko musikea egongo da bitarte horretan. Bestetik, asteburuan bertan, ohi baino bisitaldi gidatu gehiago egongo dira eta familientzako tailer bat antolatuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!