Andres Urrutiari emon deutsie Bilboko Liburu Azokako Urrezko Lumea

Dabi Piedra 2016-06-07 13:06   Euskerea berbagai

Euskerea eremu barrietara eroateagaitik eta euskal autore klasikoak errekuperetan egindako ahaleginagaitik jaso dau gorazarrea Andres Urrutia notario eta Euskaltzaindiko buruak. Euskerearen alde gogoz eta poztasunez lan egiteko deia egin dau sarituak.

Ana de Castrok emon deutso Urrezko Lumea Andres Urrutiari | Ikusi handiago | Argazki originala

Makina bat zereginetan nabarmendu da Andres Urrutia eta danetan euskerea izan dau lantresna. Notarioa da lanbidez eta alor horretan euskereari lekutxua egiteko ahaleginean dabil. Zuzenbidearen eremuko lexikoan be ekarpenak egin ditu. Horregaitik, Xabier Kintana euskaltzainak nabarmendu dau, Urrutiaren kasua aitagarria dala: Karreradun euskaltzale gehienek euren ohiko lanbidetik kanpoko arloetan lantzen dabe euskerea, baina Andres beti ahalegindu da bere ohiko lana, notariotzakoa, bezeroei euskeraz eskaintzen.

Deustuko Unibersidadean emoten dituan ikasgaietan be euskerea erabiltea erabagi dau Urrutiak. Era berean, euskal literatureagaz eta euskerearen ondare kulturalagaz lotutako ikerlan ugari egin ditu. Autore klasiko batzuk publiko zabalaren eskura ipinteko lanak egin izan ditu, adibidez Juan Bautista Eguzkitzaren eta Eusebio Erkiagaren ingurukoak. Hiztegigintzan be egin ditu ekarpen ugari. Euskaltzainburua da 2004tik.

Andres Urrutiaren lana zabala da, euskerearentzat arrotz ziran eremuetan ibili izan da, adierazo dau Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendariak. Xabier Kintanak ganeratu dauenez, ahalegintzen da Euskaltzaindiak egiten dauena gizarteari erakusten eta teknologia barrietara eroaten.

Urrutiak esker onez hartu dau Bilboko Liburu Azokeak emon deutson saria. Etxekoei eta euskalgintzan dabilzan guztiei eskaini deutse Urrezko Lumea. Nori eta notario bati lumea emon deutsazue eta eskertzekoa da, esan dau lehenik eta behin. Notariook lumea erabilten dogu gizarte zibilean jazoten dan guztiaren ganekoez fedea emoteko eta ni beti ahalegindu naz luma hori euskeraz erabilten. Lumea teknologia barrietara eroan behar dala uste dau, euskerearen geroa mundu digitalari lotuta dagoalako.

Euskerearen alde egiteko deia egin dau Urrutiak, krisiaren eraginez baliabideak murriztu diran honetan. Hizkuntzearen alde gogoz eta alaitasunez behar egiteko eskatu dau. Historiak zor handia dauka euskereagaz eta nik bakarrik ezin deutsat bueltea emon, baina ekarpentxua egiten ahalegintzen naz egunerokoan, ganeratu dau.

Blas de Otero be aitatu dau Urrutiak, saria hartzeko ekitaldian. Izan be, haren olerki ezagunenetako batzuk euskerara itzuli ditu euskaltzainburuak oraintsu. Ez da ahaztu behar, Blas de Oteroren jaiotzearen mendeurrena dala eta, Liburu Azokeak idazle hori omendu dauela aurten. Gomuta berezia euki nahi dot gaur, Blas de Otero gogoan hartu, azaldu dau. Sabina de la Cruz haren alargunari eskerrak emon nahi deutsadaz, Blas de Otero Fundazinoan parte hartzeko aukerea emoteagaitik eta poesien euskal itzulpena egiteko laguntzinoagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu