Euskerazko lehenengo kalkulagailu zientifikoa aurkeztu dabe
2016-06-07 00:41 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzeak bultzatu dau tresna barria, Casio multinazionalagaz batera. Iberiar peninsularako personalizautako lehenengo kalkulagailua da Class Wiz dalako hori eta, euskeraz ez eze, gaztelaniaz, portugesez eta katalanez erabili leiteke.
Lehenengo Class Wiz modeloak 2015ean ipini ziran salgai. Urtebete geroago, euskeraz be ipini dabe modeloa. Horretarako, Eusko Jaurlaritzearen babesa eta bertoko irakasleen laguntzinoa euki dau Casio enpreseak. Izan be, batez be eskolan erabilteko aproposa da kalkulagailua.
Punta-puntako aurrerapenak dakarz Class Wiz modeloak. Holan, ordenagailua balitz legez, bereizmen handiko pantailea dauka. Kalkulu-orri baten oinarrizko funtzinoakaz praktikau ahal izango dabe ikasleek, hau da, batuketak, biderketak, bataz besteko balio maximoak eta minimoak kalkuletea eta abar. Telefono eta tabletakaz konektetako aukerea emoten dau, ganera.
Arlo akademikotik begiratuta, aurkeztutako kalkulagailua Espainiako eta Portugalgo hezkuntza sistemetako kurrikulumetara egokituta dago eta azterketa ofizialen araudia errespetetan dau, ez dalako ez programagarria ez grafikoa.
Eragiketa guztiak euskeraz egiteko modua emoten dau kalkulagailuak eta eskuliburuko argibide guztiak be euskeraz idatzi ditue. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak dinoanez, teknologia barriak dagoeneko ez dira gauza interesgarri bat, ezinbesteko baliabideak baino: IKTak ez dira etorkizuna, oraina dira. Horregaitik, euskerearentzat teknologia arrotz ez izatea funtsezkoa dala dino. Teknologia barriek euskeraz jakin behar dabe, bestela bigarren mailara eta menpekotasunera kondenauko genduke hizkuntzea.
Casio enpreseak, bere aldetik, kalkulagailuagaz lotutako webgunea euskeratu dau (hemen). Izan be, grafiko, taula eta diagrama batzuk ikusteko, webgune horretara bideratzen ditu erabiltzaileak. Kalkulagailuagaz lotutako beste aplikazino batzuk be eskuratu leitekez gune horretan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!