BLVArt pintxoaren aurkezpenagaz abiatuko da BLV – ART programea Bilbon

Bizkaie! 2016-06-06 12:28   Jan edanak

Bilboko Udaleko Kultura Sailak, inguruko zenbait kultur eragilerekin batera, antolatzen dauen BLV-ART programeak Bilbo Zaharra ingurunea abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko dau bagilaren 9tik 18ra.

Barrikuntzatzat, bagilaren 9tik 18ra arte izango dan edizino honetan, proposamen gehienek gastronomia izango dabe hari gidatzaile, GastroART Week izenekoaren barruan. Bertan, artista eta gastronomo talde batek, janariaren eta gastronomiaren zenbait alderdi aztertuko ditue artearen bitartez. Esangura horretan, programazinoa datorren eguenean, hilaren 9an, hasiko da Berreginen Museoan, BLVArt pintxoaren aurkezpenagaz. Pintxoaren sortzaileek, Alberto Lomas, Enaitz Landaburu eta Susana Gutiérrez Babío artista eta sukaldariek, zuzenean egingo dabe pintxoa arratsaldeko 20:00etatik aurrera.  

Izan be, auzoan jaten zan janariaren azterketa historikoan oinarrituz, sortzaileek aspaldiko meategietan eta kabaretetan topau dabe BLVart pintxoa egiteko inspirazinoa. Ganera, pintxoa, ohiko txikito edalontzian inspirauta dagoan portzelanazko ontzi batean aterako da, Susana Gutiérrez Babíok, Sweet Sue ezizenez ezagutzen danak, ekitaldi horretarako beren-beregi sortutako artelanean, hain zuzen be. Bagilaren 9tik 12ra probau ahal izango da ondoko tabernatan: La Gilda, La Viña de San Francisco, Peso Neto, Perro Chico, Marzana, La Cumbancha, Sarean, Pulpería Florines, Bihotz Café eta Café Nervión.

Jatekoagaz lotutako programazinoaren barruan, Fausto Grossi, Ruben Castillejo edo Chiara Vallini lako artistek eskainiko dituen zenbait performance batzen dira. Holan, azken sortzaile italiar horrek, ikus-entzule bakarrari zuzendutako performancea aurkeztuko dau. Ikus-entzulea mahaian jesarriko da, sukaldariak mahaia zelan atontzen dauen ikusteko, baina aurikular batzuen bitartez mundu paralelo amesezkoan eta surrealistan sartuko da. Performance bitxi horrek lau emonaldi izango ditu bagilaren 11n, lau lekutan, eta ikus-entzule lez joateko beharrezkoa izango da plaza bakar hori erreserbetea hemen.

Beste proposamen bat, Jakub Pišek, Beata Kolbašovská eta Erik Bartoš artista eslovakiarren Barra kodea DJ, bape ohikoak ez diran espazioetan gozau ahal izango da, San Frantzisko kaleko harategi batean, adibidez. Oraingo honetan, sortzaileek eskaintzen daben saioan, musikearen oinarria, konsumiduten doguzan janarien ontzien barra kodeak dira, eta kode horreek supermerkatuan erabilten diran eskaner berberak erabiliz irakurriko ditue. Zaborrari eta hondakinei buruzko multimedia performance barritzaile eta bitxia da.

Aldi berean, ikus-entzuleek hiru zeramika, pintura eta eskultura eta pintura erakusketa bisitau ahal izango ditue. Erakusketa horreetan, Sweet Sue, Ignacio Sáez eta Tania Blanco artistek, GastroART Week horren harian egindako azken lanak aurkeztuko ditue. Bertan, janariari, gastronomiari edo prozesautako janarien eraginari buruzko gogoetea egiten dabe artearen bitartez.

Ohikoak diran Bilborock eta BilbaoArte lako guneek be antzerkitik bideo-sorkuntzara, instalazinoetara edo performancera doazen zenbait arte proposamen jasoko ditue. Las Bastardas proiektua da azken horreetako bat. 2015ean, egoitza Bilboko San Frantzisko auzoan dauen Histeria arte-kultura kolektiboak sortu eban performance taldea da. Hiru hilebetez, zazpi lagunek osotutako taldea diziplina horretan ibili zan lanean, konbentzionaltasunetik urrun eta esperimentazino bizi eta organikotik hur dagozan gailu eszenikoen bilaketan inplikautako zenbait artistak lagunduta.

Ohikoa danez, kalea be eszenatoki nagusietako bat izango da. Ikus-entzuleek proposamen bitxiak topauko ditue datozen egunetan, berbarako, jantzan oinarrituta, Ana Capilla ikus-sortzaile eta koreografo andaluziarrak auzoan zehar egingo duen ibilaldia. Ganera, programazinoaren barruan hainbat ibilaldi jasoten dira San Frantziskoko eta Bilbo Zaharreko zenbait txokotatik.

Beste alde batetik, eta ikus-entzule talde zabalagoarengana heltzeko asmoz, aurten familiari zuzendutako sorkuntza tailerrak programau ditue. Mama Creak antolatu eta 0 – 103 urte arteko personei zuzendutako jarduera horretan familia osoak hartuko dau parte esperientzia sortzaile berean. Tailerrak bagilaren 18an izango dira Berreginen Museoan, arratsaldeko 17:00etan eta 19:00etan, eta sarrerea librea izango da, baina aurretik izena emon beharko da kulturabarrutik.eus webgunean.


Uriko artea

BLV-ARTen aurtengo edizinoak dimensio handiko beste horma-irudi bat gehituko deutso uriko paisajeari. Oraingo honetan, uriko artean nazinoarteko figurak, graffiti zaletasun handiko diseinugile industrialak eta munduko hainbat lekutako artelan bitxiak egin dituen Velvet eta Zoer artistek sinatuko dabe. Horma-irudiak, Miribilla kaleko eraikin baten fatxadea hartuko dau, 27 metroko altuerea izango dauen horma-irudia bagilaren 12rako, amaituta egongo da.

Beste alde batetik, aurreko edizinoan legez, BLV-ART jarduera nagusien artean azpimarragarriak dira, baita be, inguru horren aldeko apustua egin daben sortzaileen ekimenari esker sortutako galeria barrietara eta uriko arteagaz lotutako guneetara egingo diran dobako bisita gidatuak. Walks – Arte Zirkuitoa partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak dira, euskeraz eta gaztelaniaz, eta Bilbo Zaharreko hainbat gune bisitauko ditue.

Bisitak bagilaren 10ean, 11n eta 12an egingo dira, goizez eta arratsaldez (11:20an eta 17:50ean), bi ordu inguruko iraupenagaz. Jarduera horretan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena emotea www.kulturabarrutik.net webgunearen bitartez. Arty Walks-ek Bilbao Arte lako lekuak bisitauko ditu, baina baita galeria, estudio eta tailer txikiak eta merkataritza establezimendu barritzaileak be. Leku horreetan sustatzaileakaz eta artistakaz berba egiteko aukerea egongo da.   
Programazinoari amaierea emoteko, Zubiburuk, Berreginez lehen diskoa aurkeztuko dauen INUN kantautorearen kontzertua jasoko dau zapatuan, bagilaren 18an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Jarduera guztiek, baita kontzertu horrek be, sarrera librea izango dabe.
 
BLV-ART-en helburua Bilboko gune horren kultur espezializazinoa da, bertan bizi diranen beharrei erantzuteko baina, batez be, auzo horreek herritar guztientzat erakargarri izan daitezan, abangoardiako kulturgune bilakatuz, bertan musikeagaz, arte plastikoakaz, zinemeagaz edo modeagaz lotutako sorkuntza era barriak sortzen dagozalako. Esangura horretan, programeak balioa emon nahi deutso auzoari, eta uriaren ganerako lekuakaz dauen komunikazinoa sustatu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu