Txaber Altube bizkaitarrak irabazi dau Eskolarteko txapela Ereñotzun

Bizkaie! 2016-06-06 08:26   Bertsolaritzea

Txirritaren jaioterrian jokatutako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean Txaber Altube abadiñarra izan da onena. Euskal Herriko ia lurralde guztietako ordezkariak batu ditu saioak. Altuberen atzetik, Beñat Mujika izan da txapeldunorde.

Alaia Martin, Txaber Altuberi txapela ipinten | Ikusi handiago | Argazki originala

Jose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolari handia gogoratuaz hasi eben saioa zapatuan. Maite Berriozabal gai-jartzaileak esandako moduan, 80 urte geroago ez dira Ereñotzuko bertsolari ezagunaren inguruko aitamenak desagertu. 1936ko bagilaren 3an hil zan Txirrita eta, beraz, heriotzearen 80. urteurrenaren biharamunean jokatu eben bertsolari gazteek finala.

Euskal Herriko etorkizuneko bertsolarien erakusleiho bihurtu zan egun batez Ereñotzu. Herrialde bakotxeko eskolarteko txapelketako onenek parte hartu eben finalean (Zuberoakoak baino ez ziran faltau izan). Honeek izan dira 2016ko finalistak: Beñat Mujika Izagirre, Nahia Sasco Etxeberri, Xabat Illarregi Marzol, Txaber Altube Sarrionandia, Joanes Illarregi Marzol, Peru Amorrortu Barrenetxea, Kerman Diaz Franco, Elixabet Etxandi Goyenetche, Unai Mendiburu Valor, Aizpea Garmendia Iartza, Oier Urreizti Lafitte eta Aroa Arrizubieta Barredo.

Lehenik eta behin, agurrak bota eta ofizioka ekin eutsien lan puntuagarriari, binaka jarrita. Puntuazinoaren arabera, sei onenak aukeratu ditue eta bakarkako lana egin behar izan dabe horreek. Aizpea Garmendia, Beñat Mujika, Joanes Illarregi, Nahia Sasco, Txaber Altube eta Xabat Illarregi izan da seikote hori.

Txaber Altube bizkaitarra izan da irabazlea eta Beñat Mujika gipuzkoarra txapeldunorde. Alaia Martin bertsolariak jantzi deutso txapela Altuberi. Mintzolak antolatutako Ahots baten ekimenaren barruko egonaldian parte hartzeko txartela irabazi dau abadiñarrak. 

Honeek ibili dira finalean epaile: Aitor Jimenez (Arabaren ordezkari), Iban Thicoipe (Nafarroa Beherea), Joseba Santxo (Bizkaia), Martin Aramendi (Gipuzkoa), Joakin Arregi (Lapurdi) eta Nerea Bruño (Goi Nafarroa).

Finala amaitu eta gero, ekitaldi gehiago egin ditue Ereñotzun. Larre-Gain sagardotegian bazkaria egon da eta Agin Laburu eta Eli Pagola ibili dira bertsotan. Erromeria egon da gero.

Eskolarteko Txapelketea Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak antolatzen dabe, hainbat laguntzaileren babesagaz.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu