Domeinu publikoko 1.100 liburu erabiltzaileen eskura ipini ditu eLiburutegiak
2016-05-31 11:30 KultureaJaurlaritzeak bultzatutako liburutegi digitalak, eLiburutegiak, aukera barri bat gehitu deutso bere eskaintzeari: Egile eskubideetatik libre dagozan liburu klasikoak deskargetako aukerea emongo dau aurrerantzean. Euskerazko, gaztelaniazko eta ingelesezko 1.100 obra baino gehiago hartu leitekez, doban. Ganera, eLiburutegiaren zerbitzua diasporako euskaldunei zabaldu deutsie.
Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen esanetan, eLiburutegiaren bigarren fasea martxan dago. Lehenengo fasean, maileguan hartu ahal izateko ahalik eta liburu gehien interneten eskaintzea izan zan helburua eta, bigarrenean, zerbitzu barriak gehitzea. Esate baterako, liburu klasikoak deskargetako aukerea edo maileguak diasporatik egin ahal izatea.
Argitaratu ziranetik urte asko pasau diralako, liburu batzuek ez dagoz egile eskubideen menpe eta era librean banatu eta irakurri leitekez, domeinu publikoan dagozalako. Hori aprobetxauta sortu dau Jaurlaritzeak zerbitzu barria. Euskerazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburu klasiko batzuk aukeratu eta erabiltzaile guztien esku ipini ditue. Mailegu arruntetan, liburua deskargau eta 21 egunez euki leike erabiltzaileak bere gailu elektronikoan. Domeinu publikokoen kasuan, ostera, deskargea betiko da, eta doban.
Egile eskubideetatik libre, liburu ugari dagoz, altxorra dago hor, adierazo dau Muñozek. Armiarma bildumeagaz alkarlanean sortu dabe euskerazko liburuen katalogoa. Armiarmak batutako ehun liburu inguru epub formatura egokitu ditue. Biblioteca Cervantes izan dau Jaurlaritzeak lankide gaztelaniazko eskaintzea osotuteko eta 500 titulu inguru dagoz aukeran.
Ingelesari jagokonez, New Yorkeko liburutegi publikoak hasitako Guttenberg proiektuagaz bat egin dau eLiburutegiak. Ingelesezko liburu klasikoak irakurleen eskura modu digitalean ipinteko egitasmo erraldoia da Guttenberg. Izakera publikoa eta edegia dauka eLiburutegiak eta horregaitik onartu dau New Yorkeko liburutegiak proiektuan. Holan, Jaurlaritzearen ekimenez, ingelesezko 500 liburu inguru ipini dira sarean eta amerikarrek beste 500 ingururen ardurea hartuko dabe. Hortaz, gaur egun domeinu publikoko 1.100 liburu dagoz aukeran eLiburutegian, hiru hizkuntzatan, baina New Yorkekoek euren lana amaitzen dabenean, gehiago izango dira.
Sarean ipini doguzan liburu asko lehendik be egon dira interneten, azaldu dau Joxean Muñozek, baina guk formatu txukun eta eroso baten ipini doguz. Ganera, Guttenberg proiektuko liburuen azalak euskal ilustratzaileek egin ditue. Hareen lana mundu zabalean ezagunago bihurtzeko balio izango dauela uste dau sailburuordeak.
Gaur egun, eLiburutegiaren katalogoan, 12.000 titulu dagoz aukeran. Urtea amaitu orduko, 15.000 izatea espero dau Jaurlaritzeak. Tartean dagoz domeinu publikokoak izateagaitik sartu dituen guztiak. Horreen artean, 20. mendeko liburu ezagunak dagoz, baita aspaldiko lan literario ospetsuak be: Axularren Gero (1643), Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) eta abar. Gaztelaniaz, Cervantesen Kixote eta, ingelesez, Shakespeareren lan ugari dagoz, besteak beste.
Domeinu publikoko liburuak zein ganerakoak kontuan hartuta, eLiburutegiak eskaintza zabala daukala azpimarratu dau Muñozek. Norbere ordenagailu, tablet edo telefonora modu erraz eta legezkoan bajatu leitekez liburuok. Jaurlaritzeak kanpaina bat abian ipiniko dau interneten, hain zuzen, jenteak legez kanpoko deskargak baztertu eta liburuak modu zilegi baten lortzeko bideak ezagutu daiazan, adibidez eLiburutegia.
Interneten liburuak doban irakurri arren, egile eskubideak errespetau leitekezala azaldu nahi dogu kanpaineagaz, dino Muñozek. Autore, itzultzaile eta editoreak babestu behar doguz. Sare sozialetan eta bilatzaileetan, ohar bat ipiniko deutsie deskargak egin nahi dituenei, eLiburutegiaren barri emonaz. Bagilaren 15ean hasita, hile biz egingo dabe kanpainea.
Beste alde batetik, diasporako euskaldunek dagoeneko eLiburutegiaren zerbitzuak erabili leikeezala azaldu dau Muñozek. Horretarako, eLiburutegian erregistrau beharko dabe. Mundu digitalera salto egin dogun honetan, zergatik mantenidu muga geografikoak? galdetu dau sailburuordeak. Laster barrikuntza gehiago be ekarriko ditu eLiburutegiak: App edo aplikazinoa sortuko dabe eta katalogoko liburu guztiak Daisy sistemara egokituko ditue. Ikusmen arazoak daukiezanei laguntzeko sistemea da Daisy eta laster eskuragarri egongo dala aurreratu dau Muñozek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!