Jabi Onaindia: 'Nork edo nork euskeraz zeozer egiten badau, Bizkaia Irratian badauka bozgorailua'

Dabi Piedra 2016-05-16 11:24   Barriketan

Bizkaia Irratiko zuzendaria

Igazko udagoienean 25. urteurrena ospatu eban Bizkaia Irratiak eta orduan hasitako ospakizun giroagaz bat eginaz, Bizkaia Saria emongo deutso Bizkaiko Foru Aldundiak gaur, astelehena. Radio Nervion irratiak be jasoko dau izendapen hori gaurko ekitaldian eta Radio Euskadik, ostera, Bizkaitar Argia saria. Mende laureneko ibilbidean, programazino osoa euskera hutsean, bizkaieraz, egiteko erabagiari eutsi deutso Bizkaia Irratiak eta bertako zuzendari Jabi Onaindiak dinoanez, aurrerantzean be holan segiduko dabe.

Aldaketa sasoiak datoz komunikabide tradizionalentzat eta Bizkaia Irratiak teknologia barrietarako jauzia egin dau dagoeneko. Hasikerako baloreei uko egin barik, entzuleakana heltzeko bide barrien bila dabil Bizkaia Irratia. Bizkaia Saria, euskerearen alde ekinean dabilzan guztiei emondako saritzat jo dau Onaindiak.


1.- Bizkaia Saria emongo deutsue Bizkaiko Foru Aldundiak, Radio Nervionegaz batera. Zer esanahi dauka zuentzat sari horrek?

Lehenik eta behin, poz handia eta aurrera egiteko hauspo itzela. Egia da, azken baten, euskerea eta bizkaierea bultzatzen egiten dogula guk lan, baina askotan ez dogu egiten dogunean pentsetan, eguneroko zereginetan ibilten garelako. Egiten doguna zenbateraino dan garrantzitsua ez dogu pentsetan. Orduan, honelako sari bat emoten deutsuenean, atzera begiratzen dozu eta konturatzen zara, 25 urteotan lan egin dogula euskerearen alde. Beste askogaz batera egindako lan horri esker, euskerea aldatu egin da, sendotu eta prestigioa hartu. Gure egunerokoan sartuta, ez gara konturatzen, baina geuk be geure garautxua ipini dogu. Indarra emoten deusku honek aurrera segiduteko, egiten dogunak eragina daukala ikusi dogulako.

Guk hartzen dogu sari hau, euskerea edo bizkaierea sustatzeko egindako ahaleginari emondako sari moduan. Gu bitarteko bat gara, euskerazko zerbitzu hori emoteko zereginean. Horregaitik, euskerea sustatzen dogun eragile guztiei zabaldu behar jake sari hau.


2.- Azkenaldion sari ugari jaso dozuez: Lauaxeta saria, Bilboko Udalaren aitamena, orain hau... gizarteak zuen lana aintzat hartzen dauela esan nahi dau?

Nik uste dot baietz, azken finean guk gizarteari zeozer emotea izan dogu helburu hasikeratik. Irratia sortu zan momentua gogoan hartu nahi dot: Bizkaia Irratiak 25 urte bete ditu baina aurretik egindako ahalegin baten ondorioa izan zan. Bilboko Eleizbarrutiak apustua egin eban Herri Irratiaren bidez, euskeraz irratsaioak egiteko, euskeraz egitea oso gatxa zan sasoi baten. Apustua aspaldi-aspaldi egin zan eta gero, urte batzuetara, Bizkaia Irratia sortu zan, harrezkero bere bidea euki dau. Askok egindako lana aintzat hartzen da jasotako sariokaz.



3.- Mende laurena gogoan hartuta, ekitaldi ugari antolatu dozuez. Zer moduz joan dira ospakizunak?

Ospakizun giroan ibili ginan eta urte amaiera betea euki genduan. Balorazino oso positiboa egiten dogu. Egunerokoan egiten ez diran gauzak antolatzea izan da gure asmoa: 25 orduko irratsaioa adibidez. Lan handia izan zan, baina erantzuna oso ona izan zan. Entzuleen dei asko euki genduzan, zorion mezu asko jaso, parte-hartze itzela egon zan. 25 orduko irratsaiora, irratian ibili izan diran personak etorri ziran, musikariak, idazleak, batzuk goizaldean ganera. Jasotako erantzun horrek erakusten deutsu, atzetik jente asko dagoala, egiten dogun hori aintzat hartzen dauena eta eskertzen dauena.


4.- Zuen balore nagusiak euskerea eta bizkaerea bultzatzea eta kristinau baloreak zabaltzea dira. 25 urtean gizartea asko aldatu da, betiko baloreei eustea erraza da zuentzat?

Kontua moldatzea izaten da, sasoietara egokitzea. Ezaugarri horreek biek, euskereak eta kristinau baloreek, presentzia handia daukie irratiaren egunerokoan. Bizkaierea geurea da eta holantxerik segiduko dogu. Nork edo nork euskerearen alde edo euskeraz zeozer egiten badau, irratian badauka bozgorailua, eta horren barri emoteko oihartzuna emongo deutsagu behintzat. Bizkaierearen aldeko apustuari eutsiko deutsagu, ikusi dogulako bizkaiereak prestigioa hartu dauela, erakunde eta persona askoren lanari esker. Bizkaierea zabaltzen, sendotzen eta erakusten segidu behar dogu.

Kristinau baloreei be eusten deutsegu, Bilboko Eleizbarrutiaren irratia izanik. Eleizbarrutiak eta gizarte arloan dabilzan eragileek egiten daben guztiak badauka bozgorailua gurean, eta gure baloreakaz bat egiten dabe guztiek. Guk ikusten dogu zenbat jente dabilen besteei laguntzen, alkartasun giroan... Gizarte ikuspuntu hori guretzat oso inportantea da. Preminan dagozanak oso kontuan hartzen doguz, ekitaldi solidarioak be bai, oso kontuan hartzen dogu ikuspuntu sozial hori. Gaur egun gizartean dagoan egoerea ikusita, preminan edo makal dagozanei laguntzea gure eginbeharra dala sentiduten dogu.


5.- Entzule fidelak batu dozuez mende laureneko ibilbidean. Zer eskaintzen deutsazue ba?

Batetik, hurreko irratia garela. Bizkaia horren handia be ez da eta euskeraz egiten dogunok gitxiago gara. Orduan, entzuleakaz tratu zuzena euki geinke. Saio parte-hartzaile asko daukaguz, ganera gaur egun whatsappa, emaila, entzuleakaz bat egiteko bide asko dagoz. Hasikera-hasikeratik hor dogu, esaterako, zorion-agurren tartea, saio horrek beti lagundu izan dau jenteagana heltzen, parte-hartzea bultzatzen eta gu ezagutzera emoten be bai. Hizkuntzeak berak be, entzulearen berbetatik hur dagoan hizkuntzea erabilteak, identifikazinoan laguntzen dau. Nik uste dot entzule askok etxeko sentiduten dabela Bizkaia Irratia, eurena balitz legez hartzen dabela.

Egia da, ganera, informazino lokala asko lantzen dogula. Herrietako eta auzoetako kontuak ataraten doguz irratian, orduan jenteak eskertu egiten dau bere inguruko informazino hori jasotea. Horrek be eragiten dau entzulea fidela izatea.


6.- Entzuleakana heltzeko bideak be aldatu egin dira teknologia barriak agertu diranetik. Zuek zelan egin dozue aldaketa hori?

Ba ikasi, ikasi eta ikasi, hori da giltzarria. Teknologia barriena hasi egiten da, baina ez da sekula amaitzen. Egunero gauza barriak sortzen dira, aukera barriak sortzen dira. Hori derrigorrean txertatu behar izan dogu geure egunerokoan. Hau da, guretzat albisteak idaztea edo mikrofono aurrean jartea eguneroko zeregina dan moduan, Facebooken eta Twitterren gure barri emotea be eguneroko horretan sartu dogu. Horretarako badogu laguntzailea, ze gure lankide bat gai horretara bideratuta dago, berak koordinetan gaitu teknologia barrien alorrean eta sortzen diran aukerak azaltzen deuskuz.


7.- Entzule gazteakana heltzeko, teknologia barriak izan leitekez bidea.

Bai, guk erabilten doguz gazteakaz bat egiteko. Dana dala, oso gatxa da, irratientzat orokorrean, entzule gazteak erakartea. Irrati musikalek bai, entzule gazte asko daukiez, baina ganerakoontzat, oso sektore gatxa da. Orduan, gu ahalegintzen gara eurak dagozan lekuetara joaten. Izan leiteke eurentzako moduko edukin interesgarriren bat egotea irratiko emisinoan (musikea, kirola, kooperazinoa, hezkuntzea...), baina ohiturarik ez dabe eukiten irrati konbentzionala entzuteko. Lantzen dogun edukin interesgarri hori, beraz, hareekana hurreratu behar da, Facebook, Twitter eta antzekoen bidez zabaldu. Gero, egiten dogunaren artean, eurek aukeratuko dabe euren gustukoa zer dan. Akaso orain ez, baina ezagutzen bagaitue, urte batzuk barru etorriko dira gurera. Inkestek dinoe gaztetan irratia gitxi entzuten dala baina helduago egin ahala irrati entzule egiten dirala asko.


8.- Harrobi lana behintzat egiten dozue, ze umeentzako programa bat baino gehiago daukazuez, ezta?

Bai, besteak beste, Dona-Dona dogu. Beti ez dau izen hori euki baina 25 urtean mantenidu dan programea da, uste dot ez dauela inoz etenik izan. Ordua be, gitxi gorabehera beti izan da bardina, goizeko 8:10ak bueltan. Garrantzitsua da guretzat umeek irratiaren erreferentzia eukitea, eurentzako moduko tartetxu bat dagoala jakin daiela. Ganera, euskeraz da eta eskolara joan aurreko tartetxu horretan aukerea daukie euskeraz disfrutetako: Lehiaketako galderei erantzun, telefonoz deitu, probak egin... Orain dala 20 urte baino gehiago tartetxu hau entzuten ebenak helduak dira orain eta badakit, eurakaz egoten nazalako lantzean behin, Bizkaia Irratia entzuten dabela batzuek.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteagaz eta Bilboko Udalagaz alkarlanean, bestalde, Zortziko Txikia saioa daukagu, honek be baditu makinatxu bat urte. Bilboko ikastetxe batzuetara joaten gara eta bertsolaritza klasean landu dituenak grabetan deutseguz, bertsoak kantetan ditue, asmakizunak kontetan ditue eta abar. Horretan, 12 urteko neska-mutilek parte hartzen dabe. Bide batez, irratia ezagutzen dabe, zelan lan egiten dan, zelan funtzionetan dauen eta, jakina, euren saioa entzun leikee etxean, emitidu egiten dogulako grabautakoa.


9.- Etorkizuna aurrikustea gatxa izaten da, baina zuek zer darabilzue buruan aurrera begira?

Egoera ez da baikorra edo, behintzat, ez dago bape argi nora jo behar dogun. Dana arin aldatzen da eta apur bat despistauta gabilz. Ohiko irratiari eutsi egingo deutsagu, hor ez dago zalantzarik. Gure saioak egokitu beharko doguz entzuleen eskarietara. Gizartea aldatu egiten da, entzuleak aldatu egiten dira eta programazinoa be horretara egokitu behar da, tarteka-marteka aldaketak eginaz. Interneten derrigor egon behar dogu, orain gure emisino guztia webgunetik on-line entzun leiteke, munduko edozein lekutatik Bizkaia Irratia entzuten da horri esker. Sare sozialetan be bete-betean gabilz, hor topera sartu behar dogu, ahalik eta etekinik handiena atera.

Nik helburu nagusi bi aukeratuko neukez, aurrerantzean gogoan eukiteko: Batetik, entzuleakaz interakzinoa eukitea, parte hartzeko aukerea emonaz. Bestetik, kalean egotea, egunean egunean egiten diran ekitaldietara joatea, saioak kanpotik egitea. Beste askoren artean, horreek eginbehar biak daukaguz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu