Basque Culinary World Prize sariak 20 finalistak iragarri ditu
2016-05-27 09:16 Jan edanakBasque Culinary Center-ek (BCC) eta Eusko Jaurlaritzeak antolatu eta emoten dabe saria, Euskadi-Basque Country estrategiaren barruan. Euskadi-Basque Country euskal erakunde guztien babesa eta partaidetzea dauen herrialde-markea da.
Bart iragarri ditue Basque Culinary World Prize (BCWP) sarien 20 finalistak. Basque Culinary Center-ek eta Eusko Jaurlaritzeak sustatzen dabe nazinoarteko saria, eta ekimen eraldatzaileak abiarazo dituen sukaldariak autortzea dau helburu.
Dan Barber sukaldariak Manhattanen dauen Blue Hill jatetxean emon zituen ezagutzera Batzorde Teknikoak aukeratutako izenak. Joaneko apirilaren 30ean zarratu zan izendapenen prozesua, eta mundu osoko 110 hautagai aurkeztu ziran. Finalistak herrialde oso desbardinetatik datoz: Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Danimarka, Espainia, AEB, Frantzia, Holanda, Italia, Mexiko, Erresuma Batua, Hegoafrika eta Venezuela. Eta hainbat eremugaz lotutako ekimenak abiarazo ditue, besteak beste, garapen soziala, hezkuntzea, tokiko ekonomia, osasuna, ingurumena eta elikadura-industria. Ganera, hainbat sukaldari aitzindarik hasitako bideari jarraipena emoten deutsie.
Munduko sukaldari garrantzitsuenetako batzuek eta hainbat arlotako nazinoarteko adituek osatzen daben diziplina arteko epaimahai batek aukeratuko dau irabazlea. BCWP sariaren irabazleak 100 mila euro jasoko ditu, sukaldaritzeraren eraldaketa-boterea islatzen dauen proiektu bati emoteko.
Profilen aniztasunagaz hunkituta gagoz. Bakotxak bere erara eta jagokon testuinguruaren arabera islatzen dau sukaldariek gizartean parte hartzeko modua, ekimen eraldatzaileakaz bat eginik edo ahots publikoa izatearen erantzukizuna hartuta. Gremioan gabizan guztioi inspiretan gaituen istorioak eskaintzen ditue, eta pozten gaitu horreek konpartiduteak, baieztatu dau Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Center-eko zuzendariak.
Hona hemen 20 finalistak: Alberto Crisci (Erresuma Batua), Alicia Gironella (Mexiko), Ángel León (Espainia), Ann Cooper (AEB), Carlos Zamora (Espainia), Daniel Boulud (Frantzia/AEB), David Hertz (Brasil), Gabriel Garza (Mexiko), Jessamyn Rodriguez (Kanada/AEB), José Andrés (Espainia/AEB), Joshna Maharaj (Hegoafrika/Kanada), Leonor Espinosa (Kolonbia), Manoela Buffara (Brasil), Margot Janse (Holanda), Maria Fernanda Di Giacobbe (Venezuela), Massimiliano Alajmo (Italia), Nani Moré (Espainia), Rodolfo Guzmán, (Txile), Teresa Corçao (Brasil). Horrezaz gan, Kamilla Seidler-ek (Danimarka) eta Michelangelo Cestari-k (Venezuela) izendapen bera konpartiduten dabe, alkarlanean egiten daben lanarengaitik.
Izendapenak zezeilaren 1etik apirilaren 30era bitartean jaso ziran, sariaren webgunearen bitartez. Maiatzaren 16an batu zan batzorde teknikoa Gasteizen (Euskadi), 20 finalistak aukeratzeko. Batzordeak Elena Arzak (Espainia) chef aitortua dau buru, eta hainbat unibersidadetako eta ikerketa-zentrotako akademikoz osotuta dago.
Irabazlea 2016ko garagarrilaren 11n iragarriko da, epaimahaiak bilerea egin ondoren. Celler de Can Roca jatetxeko Joan Roca sukaldaria izango da epaimahaiaren burua, eta, horrezaz gan, Basque Culinary Center-eko Nazinoarteko Kontseiluko ganerako sukaldariek be parte hartuko dabe: Gastón Acurio (Peru), Ferran Adrià (Espainia), Alex Atala (Brasil), Dan Barber eta Dominique Crenn (AEB), Dan Barber (AEB), Heston Blumenthal (Erresuma Batua), Massimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Enrique Olvera (Mexiko) eta René Redzepi (Danimarka).
Konbidadu berezi lez, epaimahaiak nazinoarteko adituak be izango ditu, besteak beste, Harold McGee idazle eta ikerlari estadubatuarra, Massimo Montanari historialari, irakasle eta gastronomoa (Elikadurearen Historian aditu nagusietako bat), Laura Esquivel idazle mexikarra (Como agua para chocolate liburuaren egilea) eta Hilal Elver Elikadura Eskubideen kontalari berezia Giza Eskubideen aldeko Nazino Batuen Goi Agintaritzan.
Basque Culinary Center-ek (BCC) eta Eusko Jaurlaritzeak antolatu eta emoten dabe saria, Euskadi-Basque Country estrategiaren barruan. Euskadi-Basque Country euskal erakunde guztien babesa eta partaidetzea dauen herrialde-markea da, eta Euskadi haren berezko balioen bitartez sustatzen dau, berbarako, ahaleginaren kulturea, konpromisoa, gainditzeko gaitasuna, eraldaketarako bokazinoa eta emakume eta gizonentzako aukera-bardintasuna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!