Bizantziar Inperioko zenbait persona izen arautu ditu Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2016-05-26 15:40   Euskerea berbagai

Antxinateko zenbait antroponimoren eta mitonimoren euskerazko grafiak finkatu ondoren, Erdi Aroko persona ospetsuren euskerazko izenak lantzeari ekin deutso Euskaltzaindiak. Lehen emoitzea argitaratu da orain: 179. araua (Bizantziar Inperioko persona-izenak), hain zuzen be.

Mila urte iraun eban Bizantziar Inperioak, K.o. IV. mendetik K.o. XV. mendera, eta munduko merkataritza-gune nagusietako bat izan zan. Eragin erabagigarria izan eban Europako parte handi bateko eta Ekialde Ertaineko legeetan eta sistema politikoetan, eta hari esker gorde eta zabaldu ziran mundu klasikoko eta beste kultura batzuetako zientziako eta literaturako obra ugari.

Bizantziar Inperioko izenak latinaren bidetik heldu ziran, gehienbat, Europako mendebaldera. Beraz, Antxinateko eta Erdi Aroko izen horreen euskerazko grafia erabagiteko eripideak Antxinateko Greziako eta Erromatar Inperioko izenetarako erabilitakoak dira. Erispide horreek 1997an emon zituan Euskaltzaindiak 76. arauan, eta 2014an berretsi zituan arau hori eguneratu eta emendatu ebanean. Ez dago, beraz, erispide berririk.

Bizantziar Inperioko 59 persona-izen agiri dira 179. arauan (Bizantziar Inperioko persona-izenak), bi zerrendatan antolatuak. Lehen zerrendan, enperadoreak. Bigarren zerrendan, kultura, arte, erlijino, zuzenbide edo arlo militarreko zenbait persona nabarmenen izenak agiri dira.

Exonomastika batzordeak lantzen dituan lanetan ohi dan legez, zerrenda eleaniztun bat emoten da, izen bakotxa euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez zelan idazten dan erakusteko. Eta latinezko eta grekozko izenak be emoten dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu