Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra Bilbon egiten dabil batzarra

Dabi Piedra 2016-05-26 12:51   Euskerea berbagai

Europar Batasuneko 16 hizkuntza txiki eta gitxituk parte hartzen dabe NPLD sarean, 35 gobernutako ordezkarien bidez. Urteroko batzar nagusietako bat Bilbon egin dabe. Lurralde bakotxeko hizkuntza politiken barri izateko eta Valentziako Erkidego Autonomoa sarean onartzeko aprobetxau dabe hitzordua. Ganera, mintegia antolatu dabe, Komunikabideak, sare sozialak eta IKTak euskaraz izenburupean.

Lorea Bilbao, Ruben Trenzano, Peggy Heikkinen, Patxi Baztarrika, Meirion Prys Jones, Sabrina Ransom eta Mikel Arregi | Ikusi handiago | Argazki originala

2007an sortu zan NPLD eta, gaur egun, Europar Batasuneko lekuan lekuko 35 gobernu dira kide. Valentzia izango da 36.a, Bilboko batzarrean onartu dabe eta. Urtero batzar nagusi bi egiten ditu NPLDk, bata Bruselan eta bestea hizkuntza gitxituren bat daukan eskualde baten. Igaz, Helsinkin egin eben batzarra eta, aurten, Bilbora etorri dira. Kontuan izan behar da, Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburordea erakundeko presidentea dala. Arratsaldeko saioa Iruñean egingo dabe, Nafarroako Gobernua be NPLDko kide da eta.

Honeek hizkuntzek daukie ordezkaritzea NPLDn: Bretainierak,  katalanak, kornubierak, korsikerak, estonierak, Suediako finlandierak, Finlandiako suedierak, frisierak, galegoak, gaelikoak, karelierak, lituanierak, okzitanierak, samierak, galesak eta euskereak.

Era honetako batzarrak beharrezkoak dira, danok danokandik ikasi geinkelako, adierazo dau Meirion Prys Jones galestarrak. NPLDko sortzaileetako bat eta gaur eguneko zuzendaria da bera. Hain zuzen be, euskerea bultzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dan hizkuntza politikea inspirazino iturri dala adierazo dau. Halandabe, hizkuntza txikiagoek be zer erakutsia badaukiela uste dau Jonesek. Italiako Trento eskualdeko ladiniar hiztunek egindako lana txalotu dau, turismoan bertako hizkuntzearen garrantzia handitzen asmau dabelako.

Bilboko batzar nagusian zeregin bat baino gehiago bete ditue hizkuntza txikietako ordezkariek. Alde batetik, Valentziako Gobernua sarean onartu dabe. Bestetik, zuzendaritzan aldaketa batzuk egin ditue. NPLDko presidenteorde barria izentauko dabe barikuan, Trentoko ladinieraren ordezkari Sabrina Ransom.

Patxi Baztarrika NPLDko presidente eta Jaurlaritzako sailbururodeak, batzarra aprobetxau dau esateko, Europako Hizkuntzen Kartearen Batzordeari gutuna bialdu deutsala, NPLDren izenean. Nafarroan ETB ikusi ahal izan daiten Espainiako Gobernuari presinoa egiteko eskatzen deutso Baztarrikak Batzordeari.

NPLDk Europan daukan zeregina ezinbestekoa dala adierazo dau Baztarrikak. Europar Batasuna alkarte ekonomiko bat baino gehiago da, Europako herrien arteko kohesinoa ez da lortuko aniztasuna errespetau ezean, adierazo dau. Gure helburu nagusietako bat da, Europako erakunde guztiek ulertzea, hizkuntzak jagotea euren zeregina be badala, ganeratu dau Meirion Prys Jonesek. 

24 hizkuntza ofizialez gan, Batasunean dagozan ganerako hizkuntzen alde egin behar dala gogoratu eragin dau Baztarrikak. Horretarako tresna nagusia Europako hizkuntza aniztasunerako bide-orria dala azaldu dau. Garagarrilean, Europako Hezkuntza Komisarioagaz batzarra egingo dabe Bruselan, bide-orri horren nondik norakoak azaltzeko. Hizkuntza aniztasunaren ikuspegitik eragile izan nahi dogula esango deutsagu komisarioari, dino sailburuordeak.

Sarearen batzar nagusiaren harira, mintegia antolatu dabe goizean Bilbon, Komunikabideak, sare sozialak eta IKTak euskaraz izenburupean. Hainbat komunikabidetako ordezkariek eta Euskerearen Aholku Batzordeko IKTen ataleko zuzendari Maite Goñik egin dabe berba, besteak beste. Hizkuntza txikiek teknologia barrietara heldu behar dabe, hori da NPLDren bide-orriaren ardatzetako bat, azaldu dau Baztarrikak.

Mintegia amaitu eta gero, NPLDko ordezkariek agerraldia egin dabe. Patxi Baztarrika presidenteagaz, Peggy Heikkinen presidenteordeagaz eta Meirion Prys Jones zuzendariagaz batera, laster presidenteorde izango dan Sabrina Ransom egon da. Valentziako Gobernuko Hizkuntza Politikako zuzendari Ruben Trenzano be egon da. Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean Lorea Bilbao Kultura diputadua joan da eta, Nafarroako Gobernuaren ordezkari, Euskarabideko zuzendari-kudeatzaile Mikel Arregi.

Munduko hizkuntza plangintzarik onenak Europan daukaguz, azpimarratu dau Jonesek, alkar ezagutzeko aukerea emoten deusku NPLDk. Sareak zeregin garrantzitsua daukala ganeratu dau galestarrak: 2007an NPLD sortu gendunean, geure buruari galdetzen geuntsan honek funtzionauko ete eban; ba, bai, hasi gara alkar ulertzen, danok batera ikasten eta eregiten.

Bilboko zereginak amaituta, batzar nagusiak Iruñean izango dau bigarren zatia arratsaldean, Nafarroako Gobernuak gonbitea egin deutsalako NPLDri. Uxue Barkos lehendakariak harrerea egingo deutse sareko ordezkariei. Barikuan, ostera, IKTen eta euskerearen arteko hartu-emonaren gaiari helduko deutsie barriro. Euskerearen Aholku Batzordeko Gorka Juliok egingo dau berba.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu