Euskaltzaindiak eta Hebrear Hizkuntzearen Akademiak hitzarmena sinatu barri dabe

Bizkaie! 2016-05-25 12:20   Euskerea berbagai

Hebrear Hizkuntzaren Akademiak (Ha'academia Lalashón Ha'ivrit) eta Euskaltzaindiak hitzarmen bat sinatu dabe, beren arteko hartu-emonak landu, alkarri informazinoa eskaini eta agerkariak beren artean trukatzeko helburuagaz.

Sinatutako hitzarmenak Hebrear Hizkuntzearen Akademiaren (Ha'academia Lalashón Ha'ivrit) eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzarako oinarriak eta tresnak ezarri nahi ditu, beren ardurako hizkuntzen ganean alkarregazko azterketa eta proiektuak era koordinatuan garatzeko. Besteak beste, alkarren intereseko argitalpenetan lankidetzea bilatuko da. Kongresu, jardunaldi eta mintegiak alkarregaz antolatzeko aukerea be aurreikusten dau hitzarmenak. Era berean, informazinoa, liburuak, argitalpenak eta ganerako material interesgarriak trukatuko ditue alkarren artean.

Israelgo Estadua sortu bezain laster, 1953an, bertako Parlamentuak Akademia hori hebreerea arautzeko erakunde nagusi izentau eban, eta ordutik bera da hizkuntzearen ortografia, morfologia, gramatikea eta hebreerazko berbak beste hizkuntzetara letraldatzeko arauak emoten dituana, Israelgo Estaduan nahitaez bete beharrekoak.

Akademiak 23 kide daukaz, eta unibersidadeko irakasle, idazle, poeta, hebraista eta teknikari adituz osoturik dago. Egoitzea Jerusalemen dauka.

Independentzia lortu ondoren legeztatu zan arren, Hebreerearen Akademia lehenago sortua zan, 1890. urtean, Eliezer Ben Yehuda-ren eraginez. Hizkuntzalari horrek, hain zuzen, proponidu eta atondu eban hebreera modernoaren berpiztea, ondoko bi oinarri honeetan finkatuta; alde batetik, Bibliako eta azken bi mila urteotako hebreera idatziaren tradizinoa, eta bestetik aramerea eta beste hizkuntza semitikoetan oinarrituz, batez be arabierea kontuan izanda. Harek proponidutako hebreera batu hori, irakaskuntzeari eta Estaduaren laguntzinoari esker gaurko israeldar guztien ohiko hizkuntza bilakatu da.

Aitaturiko hitzarmenaren testua euskeraz eta hebreeraz idatzirik dago. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Moshe Bar-Asher Hebrear Hizkuntzearen Akademiako presidenteak sinatu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu