Kultura Auzolanean planeko asmo gehienak erabat bete dira

Dabi Piedra 2016-05-25 12:10   Kulturea

Eusko Jaurlaritzeak, erkidegoko beste erakunde publikoek eta eragile pribadu ugarik abian ipinitako plana da Kultura Auzolanean. Hogei egitasmo zehatz garatzeko helburua ia erabat bete dala azpimarratu dau Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, 2014-15 aldiaren balantzea egiteko ekitaldian. Proiektu kultural estrategikoak aurrera atarateko, alkarlana ezinbestekoa dala ganeratu dau.

Goiko lerroan: Igone Martinez de Luna, Gonzalo Olabarria eta Mª Jose Telleria, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kultura zuzendariak. Behean: Nekane Alonso, Joxean Muñoz eta Miren Azkarate | Ikusi handiago | Argazki originala

Erakundeen eta eragile kulturalen arteko alkarlana aspaldi hasi zan martxan, orain dala hamar urte baino gehiago. Hasikeran, baina, estrategia orokorrak landu zituen eta, 2013an, egitasmo zehatzago eta egingarriagoak ezartzeko beharra ikusi eben. Holan sortu zan Kultura Auzolanean. 2014-15 aldiko hogei proiektuetatik gehienak, % 100ean bete dirala azpimarratu dau Muñozek. 2016rako, esku-hartze gehiago daukiez aurrikusita.

Jaurlaritzeagaz batera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiak eta erkidegoko udalak dagoz Kultura Auzolanean planean sartuta, eragile pribaduakaz batera. Hamar urte baino gehiagoko alkarlanari esker, integrautako politika kulturalen oinarria ipini dogu, Igone Martinez de Luna Arabako Kultura diputaduak adierazo dauenez. Bakarka ezin doguna egitera heltzen gara alkarlanean, ganeratu dau Miren Azkarate Donostiako Kultura zinegotziak.

2014-15 aldian hogei gai landu ditue, hiru moltsotan banatuta: Kulturearen sustapenerako proiektu sektorialak, kultura ondarea babesteko proiektu sektorialak eta zeharkako proiektuak. Hamasei kasutan, erabat bete dira aurrikusitako asmoak eta, ganerako lauretan, bidean dira. Hortaz, aukeratutako estrategia egokitzat jo dau Muñozek.

Dagozan beharrei oso lotutako estrategiak dira, azaldu dau sailburuordeak. Eragile kulturalek daukiezan beharrizanak identifiketako orduan, Euskal Kulturearen Behatokiak egindako lana ezinbestekoa izan dala ganeratu dau, sektore baten eragin nahi danean, berau oso ondo ezagutu behar da.

Landu diran eremuen artean, esaterako, Kulturklik atariarena eredugarritzat jo dau Muñozek. Hasikeran, Jaurlaritzearen inguruko hitzordu kulturalak baino ez zituan jasoten eta, gaur egun, erakunde guztiek egiten dabe aportazinoa eta, beraz, erkidegoko jarduera kulturalaren erreferentzia fidagarria da. Beste alor askotan be eragin da, esaterako, sorkuntza fabrikak sortzen, finantza eredua aztertzen, euskerazko zinemea zabaltzen, jantzen artxiboa horniduten, Irakurketako Euskal Sare Publikoa eratzen eta abar.

Kultura Auzolanean egitasmoaren bigarren aldia be martxan da. 2016an garatuko da hori, hau da, Jaurlaritzearen agintaldia amaitu arte. Lau eremutan eragingo dabe: Jarduera kulturalean emakumeen presentzia areagotzen; EAEko sorkuntza-guneak egituratu eta koordinetan; Bibliografia nazionala osotuten; eta ondare ez materialaren plana egiten. Ganera, euskereari bultzadea emongo deutsiela agindu dau Muñozek.

Nekane Alonso Bilboko Kultura zinegotziak dino, gizarte garatu eta askotarikoa sortzeko bidean, bide egokia dala Kultura Auzolanean: Norabide egokian goazala uste dot. Etorkizuneko asmoen artean, hiru nabarmendu ditu Alonsok, funtsezkoak diralakoan: Emakumeen parte-hartzea sustatzea, euskal kulturea gizartean zabaltzea eta euskerea bultzatzea.

Emakumeak kulturearen lehen lerrora ekartearen ganean, gogoetea egin dau Joxean Muñoz sailburuordeak. Haren esanetan, emakume askok parte hartzen dabe sorkuntza kulturalean, orain dala urte batzuk baino gehiagok, baina askotan ez dira postu nabarmenetan egoten. Gaur egun, orkestra bateko kide gehienak emakumeak dira, hori orain dala 30 urte pentsau ezina zan; baina zenbat dira orkestra-zuzendari? Gitxi batzuek baino ez dabe kristalezko sabaia apurtzen. Fakultadeetako neska kopurua ikusita, gero hori ez dala proportzino berean jarduera kulturaletara heltzen uste dau Muñozek. Emakumeei lagundu behar jake, baina ez jaialdi baten hareen txokoa sortzeko, edo etiketa baten azpian lan egiteko, normaltasun osoz agertzeko baino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu