Elebideren sorreratik hona, ia laukoiztu egin da kasu kopurua
2016-05-24 16:19 Euskerea berbagaiHizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Herri Administrazinoetan Hizkuntzea Normalizetako zuzendari Joseba Lozanok Elebideren 2015eko memoria aurkeztu dabe gaur Parlamentuan, Kultura, Euskera, Gazteria eta Kirol Batzordean. Agerraldia sailak berak eskatuta egin da.
Elebideren ezaugarri nagusia da hizkuntza eskubide urraketen ganeko kejak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta apliketan laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Esangura horretan, herritar guzti guztien hizkuntza eskubideak babestea dau helburu 2006an sortutako zerbitzu honek, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko ezelako hierarkiarik barik eta herritarren arteko hierarkiarik barik.
Elebidek honako zeregin honeek ditu, beste batzuen artean:
- Hizkuntza eskubideen urraketak zuzen-zuzenean ezagutzea.
- Herritarrak sensibilizetea.
- Aholkularitzea eskaintzea: hizkuntza eskubideen eta araudiaren gainean.
- Kejak jaso, bideratu eta jarraipena egitea: herritarra babestu eta kejea jaso dauen erakundeari aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezan.
- Lankidetzarako protokoloak ezartzea administrazinoakaz eta bestelako erakundeakaz.
Gaur goizeko agerraldia bi zatitan banatu da. Lehenengoan, Jaurlaritzeak hizkuntza politikearen eta hizkuntza eskubideen ganean dauen ikuspuntua laburbatu da; eta, bigarrenean, 2015ean Elebiden jaso eta tramitau diran intzidentzien barri zehatza emon da.
2015eko datuak
- 2015. urtean, 789 kasu edo intzidentzia jaso dira danetara. Kopuru hori goraka doa urtetik urtera, eten barik, Elebide sortu zanetik.
- 2014an baino 377 keja gehiago jaso dira 2015ean, eta, Elebideren sorreratik hona, ia laukoiztu egin da kasu kopurua.
- Kasuak jasoteko bideari jagokonez, bide telematikoa da (posta elektronikoa eta Elebideren webgunea) herritar gehienek erabili daben bidea intzidentzien barri emoteko (% 98).
- 2015. urtean Elebiden izapidetu diran 769 kasu horreetatik % 61 kejak izan dira (danetara, 470); % 35 eskaerak izan dira; % 3, konsultak; eta, % 1, iradokizunak.
- Ondokoak dira kejak sorrarazo dituen arrazoi nagusiak: Administrazinoagaz ahoz zein idatziz aukeratu dan hizkuntzan hartu-emonak gauzatu ezina eta errotulazinoan atzemon diran hutsuneak.
- Izapidetu diran kejatatik 469 kasutan (% 99,8), euskerearen erabilera ezagaitik gertatu da eskubide urraketea. Eta kasu bakar batean, % 0,2an, hain zuzen, gaztelaniaren erabilerarik ezak eragin dau urraketea.
- Gaur egun, kasuen % 94 zarratuta dagoz.
- Gaur egungo egoerearen arabera, kejak zelan zarratu diran erreparauta, urtenbide egokia izan dabenak 702 izan dira. Hau da, kejea jaso dauen erakundeak arazoa konpondu dau edota konponbidean jarri dau.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan dauenez, gauza bat da eskubideak autortuak izatea, eta beste bat, oso bestelakoa ganera, autortutako eskubide horreek bene-benetan bermatuak izatea. Gobernuko kide garen aldetik, gure eginbeharra da neurriak hartzea hobekuntzak lortzeko. Aurrera egin behar dogu, beraz, normaltasunez eta naturaltasunez, prisa barik baina gelditu barik, gure helburua lortu arte: euskerearen eta gaztelaniaren arteko benetako bardintasuna eta bizikidetzea. Horretarako sortu genduan Elebide zerbitzua 2006ko urrian, eta horretarako segiduten dogu lanean hasierako ilusinoagaz.
Eta gehitu dau: Gure ustez, positiboa da aurreko urteetan baino salaketa gehiago izatea aurten. Alde batetik, seguru nago gehikuntza horren arrazoia ez dala eskubide urraketa gehiago izan dirala, herritarrek hizkuntza eskubideak defendiduteko kontzientzia handiagoa erakutsi dabela baino. Beste alde batetik, salaketen gehikuntza horrek argi erakusten dau herritarrek Elebidegazko erakusten daben konfiantzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!