Labayruk lankidetza hitzarmena sinatu dau Jaurlaritzeagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz

Dabi Piedra 2016-05-23 12:18   Kulturea

Akordioaren arabera, hurrengo lau urteetan lanean segidu ahal izateko laguntzinoa emongo deutsie Eusko Jaurlaritzeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Labayru Fundazinoari. Euskerearen ikerketan, normalizazinoan eta zabalkundean erakunde estrategikoa da Labayru, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduaren esanetan.

Lorea Bilbao, Patxi Baztarrika eta Adolfo Arejita, hitzarmena sinatzen | Ikusi handiago | Argazki originala

Adolfo Arejita fundazinoko zuzendariak gogora ekarri dauenez, 2000. urtean hasi ziran erakunde publikoakaz lankidetza hitzarmenak sinatzen. Harrezkero, lau urtean behin barritzen dabe akordioa. Aurrekoaren indarraldia amaitu danez, 2016tik 2019ra bitarteko hitzarmena sinatu dabe Jaurlaritzeak, Foru Aldundiak eta Labayruk, Bilbon egindako ekitaldi baten.

Agirian jasoten danez, Labayru Fundazinoak lexikografiaren inguruko programak garatuko ditu eta Bizkaiko euskerearen corpusa bultzatzeko lanean segiduko dau. Trukean, Jaurlaritzeak 118.000 euro emongo deutsoz urtero Labayruri eta Bizkaiko Foru Aldundiak, beste 109.000 euro. Jarraipen Batzordea eratuko dabe laster, lankidetza hitzarmenean jasotako konpromisoak beteten diran jagoteko.

Orain arte Labayruri laguntzen egindako inbersinoa errentagarria izan dala adierazo dau Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Arlo ugaritan ekarpen handia egiten dau Labayruk, eta nik nabarmenduko neuke, Bizkaiko euskerearen corpusa garatzeko eta zabaltzeko lana, dino Baztarrikak. Lorea Bilbaok be, eragile estrategikotzat jo dau fundazinoa, bizkaierearen jagole eta hornitzaile da. Bizkaitik eta Bizkairako egindako lana da Labayrurena, Bilbaoren esanetan, baina Euskal Herri guztiari onurea ekarten deutsana.

Labayru Fundazinoa 1977an sortu zan, orduan Labayru Ikastegia izenagaz, eta 1970ean hasitako zereginak bateratu eta erakunde baten izenpean batzeko asmoz. Harrezkero, alor ugaritan dabil: Bizkaiko euskerea eta Euskal Herriko ondare tradizionala ikertzen nabarmendu da, baina euskera ikastaroak, hizkuntza normalizetako plangintzak, formakuntzea eta abar be lantzen ditu, euskal gaien bibliotekea ahaztu barik.

Horren harira, Adolfo Arejita zuzendariak, Labayruk helburu ugari daukazala azaldu dau: Euskera biziaren baliabideak batzea eta gizarteratzea, tradizinozko ohiturak gordetea, transmisinoari edukin sendoz laguntzea eta abar. Ibilian-ibilian bihurtu gara erreferentziazko erakunde.

Bide horretan, Labayruren lanari babesa emoteko, herri agintariek bat egitea beharrezkoa dala dino Lorea Bilbaok. Euskereak urteotan euki dauen gorakadea, besteak beste, Labayruk egindako aportazinoari esker izan dala adierazo dau Patxi Baztarrikak eta hurrengo urteetan be lan horrek fruitua emongo dauela ziurtatu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu