Gotzon Batikon: 'Sekula ez naz izan diskoteka eta elektronikoaren zalea'

Koldo Isusi Zuazo 2016-05-23 09:30   Barriketan

Uribe Kostako The Middle Fingers taldeko trikitilaria.

Orain pare bat urte jaio zan The Middle Fingers taldea Uribe Kostan eta ordutik hona bazterrak astintzen dabiz erromeria elektronikoetan. Oraintsu plazaratu dabe zazpi doinuz osotutako diskoa, lehengo doinuak, tradizionalak, klasikoak erritmo elektronikoakaz buztartuta. Taldekideen artean, Fever, Anaconda eta Budha aretoetako DJ egoiliarrak dagoz eta tartean da Gotzon Batikon trikitilaria be. Oraingoan beragaz jarri dogu hitzordua eta ondokoak kontau deuskuz.


1.- Zer egiten dau zu lako trikitilari klasiko batek musika elektronikoa oinarri dauen proiektuan?

[Barreka...] Bai, arrazoia, trikitilari tradizionala naz. hamabost bat urtegaz hasi nintzan erromeriak egiten eta herriz herriko ibilera horretan zazpi urte egin dodaz eta oso gustora ibili naz eta nabil.


2.- Zelan otu jatzuen The Middle Fingers proiektua?

Erromeria giro tradizional horretan nenbilela, Plentziako jaietan, Julen Arredondo, Middle Fingers taldeko gitarristea hurreratu eta proposamena egin eustan, Laredora musika elektronikoko jaialdi batera joateko konbita egin eutsiela eta zeozer barria egiteko konbita edo proposamena izan zan, zehatz esateko. Taldean nik trikitixea jotea gura eban musika elektronikoagaz buztartzeko. Idea gustau eta asko pentsau barik baiezkoa emon neutsen, euskal doinuak eta trikitixea bera zabaltzeko positiboa izango zalakoan eta trikitixearen soinua edozegaz buztartu daitekela pentsetan dodalako.  


3.- Zelan definiduten dozue zeuon burua? Bersinoak egiten dituan taldea, plaza talde elektronikoa...?

Eiketak ez jakuz lar gustetan. Barrikuntzea gara eta zeozelako oihartzuna izan dogu baina gu musikariak gara eta musikea maite dogu. Middle Fingers taldean musika analogikoa eta elektronikoa buztartzen doguz eta horixe da gure ezaugarria. Oraingoz moldaketak, bersinoak egin doguz baina bihar-etzi segurutik geure doinuak sortuko doguz edota beste bide batzuk urratu geinkez.


4.- Beraz, zeuon doinu propioak sortzeko aukerea be ausnartu dozue dagoeneko?

Bai, geure doinuak sortzeko aukerearen ganean egin dogu berba gure artean eta bat gatoz laurok, beti be analogikoak eta gure nahasketak buztartzen jarraituz. Buelta batzuk emon deutsaguz gaiari eta aurrerago ekingo deutsagu horri.


5.- Nortzuk osotzen dozue taldea?

Lau gara, Dani Hernandez, Dani Dhez dja, 2001etik Budha aretoko egoiliarra eta Feverreko speakerra; Ander Pijoan dj egoiliarra Fever eta Budha aretoetan eta produktorea, nahasketa elektronikoen sortzailea, remixetan maisu eta ezaguna elektronika munduaren oinarrian, baita Europan be; Julen Arredondo, Mister Kull gitarristea eta 2006tik egoiliarra da Fever eta Anaconda aretoetan; laugarren kidea, neu, trikitilaria eta abeslaria.


6.- Orain arte emon dozuezan zuzenekoetan jenteak zelan hartzen ditu zuon kontzertuak?

Ondo. Jente gaztea, 14-15etik 35era bitartekoak dira gure kontzertuetara etorten diranak eta gure zuzenekoetara hurreratzen diranen artean euforia da zabaldu eta sortarazo gura dogun sentimendua, barruan dogun guztia emonez horixe lortzea da asmoa eta jenteak ondo hartu gaituela esango neuke.


7.- Euskal gazteria musika elektronikoaren zale al da?

Uste dot baietz. Musikea musikea da, ondo pasetako beste aukera zoragarri bat da musika elketronikoagaz gozetea. Aurreretxi asko egon da baina belaunaldi barriak etorri ahala badoaz desagertzen. Lehen hiruzpalau estilo baino ez genduzan ezagutzen eta gaur egun, barriz, gazteok danetarik entzuten dogu eta askotariko proiektuak segiduten doguz. Lehen be esan deutsut, ni neu erromeria zalea izan naz beti eta urteak daroadaz plazarik plaza. Sekula ez naz izan diskoteka eta elektronikoaren zalea, ganera pentsau izan dot bakar batzuentzako musikea baino ez dala, pastillero edo pilulazaleentzako baina Julenen konbita hartu eta mundu honetan sartzen zarenean, gusto handiz hartzen dozu eta saltsa honetan euskal gazte asko dabilela konturatzen zara. Diskoteka eta areto desbardinetan jente asko dabil dj lanak egiten, gure taldekideak be urteak daroez horretan eta badagoz proiektuak eta taldeak ugari elektronikoa eta hemengo tradizinoa eta doinuak buztartzen dituenak, Las Tea Party, Gose eta abar.


8.- Trikia pop-rockagaz nahastea lehendik be ezagutzen genduan baina barrikuntzea dakarzue musika elektronikoagaz buztartuta. Zein da taldearen esentzia?

Trikitixearen indarra musika elektronikoaren erdian; estilo biak bata bestearengandik urrun egon arren, biak buztartzea, ezkontzea da gure esentzia, gure arma. Horrezaz gan, taula gainean laurok dogun indarra eta produktorearen lan ikaragarria be nabarmenduko neukez.


9.- Oinarrian doinu ezagunak, lehengo hitak, Lau teilatu, Loretxoa... erabilten dozuez baina ez dira bersino libreak, esan gura dot, ahots eta guzti jatorrizko kantuen txatalak eta tarte elektronikoak buztartzen dozuezala. Baimenak eta eskatu behar izan dozuez?

Oraingoz ez. Badakigu bakotxari berea jagokola eta ez dogu ezer ezkutuan egin gura izan baina orain gagoz gaia sakon aztertzen. Zuzenekoetan, barriz, kantu klasiko horreen hasierak neuk kentetan dodaz.

Espero baino erantzun hobea jaso dogu eta ustez promozinotzat erabilteko diskoa zan hau.


10.- Musika elektronikoak makinatxu bat genero eta azpigenero daukaz, house, trap, bounce, drum&bass...Aukeratzen dozuen kantu bakotxari zein jatorkon hobeto aztertzen dozue? Zelakoa da doinu baten sortze-prozesua?

Miresten doguzan kantuak aukeratzen doguz eta hortik aurrera musika elektronikoan ohikoa dan in crescendo goaz intensidadea hartzen lehen aitatu dogun euforia puntua lortu arte. Sentimenduakaz jokatzen dogu, hau da, aukeratutako kantu klasikoaren nortasuna elektronikoak eskaintzen duskuzan genero eta azpigeneroetatik gehien interesetan eta kantuari hobeto jatorkonagaz lotzeko.


11.- Hemendik aurrera ze kontzertu dozue?

Emon doguz batzuk bai eta erantzuna sano ona izan da, Bilboko Kafe Antzokian eta. Hemetik aurrera, Laredoko Summer Sun jaialdian parte hartzeko konbita jaso dogu barriro eta han izango gara abuztuan. Musika elektronikoaren arloan, hiztordu garrantzitsua da eta milazak lagun batzen dira.

Horrezaz gan, Getxon, abuztuaren amaierako Algortako Portu Zaharreko jaietan be joko dogu Pijama egunean, zehatz esateko.


12. Middle Fingers taldean ez eze, laster estreinetako dagoan Lurrak euskal zirku ikuskizunean be parte hartzen zagoz...
 

Bai, hor be trikitixea joten dot eta antolatzaileek aktore be bihurtu nabe, hau da musikariak ikuskizunaren parte aktibo bihurtu gara... Berrogei eguneko erresidentzia egiten gagoz Bilbon. Ezistekorik ezean, zirku garaikidea eta euskal kulturea buztartzen dituan formato handiko ikuskizuna da Lurrak eta bagilaren 10ean izango da lehenengo emonaldia, estreinua, Arabako uriburuko Kaldearte azokan. Egun batzuk aurrerago, barriz, 27an, Bilboko Kalealdian egongo da Lurrak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu