Radio Euskadiren historia liburu baten batu dau Leyre Arrietak

Dabi Piedra 2016-05-20 12:38   Kulturea

La historia de Radio Euskadi lanean, 1936tik gaur egun arte euskal irrati publikoak euki dituan gorabeherak eta zailtasunak aztertu ditu Leyre Arrieta Deustuko Unibersidadeko irakasleak. Gerra denporan hasita, ondoren Ipar Euskal Herritik eta Venezuelatik emitidu eta gaur egungo egoitza modernora heldu arteko sasoiak ezagutu leitekez liburuan.

Arantzazu Amezaga, Odile Kruzeta, Leyre Arrieta eta Xabier Irujo | Ikusi handiago | Argazki originala

Radio Euskadiren historiaz berba egitea euskal irrati publikoaz berba egitea da, nabarmendu dau Odile Kruzeta EiTB irratien zuzendariak. Izan be, gaur egungo irrati publikoen sarearen aitzindari izan zan Radio Euskadi orain dala 70 urte. Eten batzuk tarteko, lau sasoitan emitidu dau Radio Euskadik: Lehenengo, Itziarreko Getari baserritik hasi ziran, gerra denporan, emisinoak zabaltzen. Tropa faxistek aurrera egin ahala, Lapurdiko Mugerre herrian ipini eben emisinorako azpiegiturea.

Frantziako eta Espainiako Gobernuen akordioaren ondorioz, Radio Euskadi zarratu egin eben eta urte asko pasau ziran hirugarren aldiz biztu eben arte: 1965ean Venezuelatik hasi ziran emisinoak, Franco hil arte. Azken sasoia, Jaurlaritzearen babespean eta baliabide tekniko askoz hobeakaz bete dau Radio Euskadik, gaur egun arte.

Historia interesgarria da, modu atseginean irakurtzen dana, dino Leyre Arrieta egileak. Emisino klandestinoak, zerbitzu sekretuen parte-hartzea... danetarik dago historia honetan, azpimarratu dau Kruzetak. Nobela bat egiteko materiala dago, Arrietaren ustez, detaile batzuk sinesten gatxak be badira.

Agiri zaharretatik eta lekukotzetatik ataratako datuz eta pasadizoz beteta dago liburua. 2008an argitaratutako liburu baten oinarrituta dago La historia de Radio Euskadi, baina informazinoa eguneratu dau Leyre Arrietak.

Gerrako irrati legez hasi zan Radio Euskadi, Itziarreko Getari baserrian, azaldu dau Arrietak. Hor denpora gitxi egon zan. Mugerren emisinoak barriro hasi ziranean, helburua aldatu eben, Francoren erregimena salatzea bihurtu zan zeregin nagusia. Bitarteko eskasak eukiezan horretarako.

Halandabe, abenturarik handiena Venezuelara aldatu ziranean izan zan. Programazinoa Caracasen preparetan zan, baina emitiduteko antenea basoaren erdian ipini eben, uritik 20 kilometrora. Uhin ertainean bialtzen eben seinalea eta, Ozeano Atlantikoa zeharkatuta, 10.000 kilometrora entzuten zan Euskal Herrian. Nekez, halandabe, Francoren erregimenak interferentziak sortzen zitualako.

Sekretuen aldia izan zan Venezuelakoa. Gitxi batzuek baino ez ekien Radio Euskadi handik egiten zala. Jenteak uste eban itsasotik edo Norvegiako fiordoetatik emitiduten zala. Arrietak gogoratu eragin dau, dana dala, Venezuelako Gobernuaren eta inguruko gerrillen baimena eta errespetua eukiezala.

Venezuelako aldi haretan, Pello Irujo eta Arantzazu Amezaga senar-emazteek asko lagundu eben Radio Euskadiren proiektuan. Orain, hareen seme Xabier Irujo arduratu da La historia de Radio Euskadi argitaratzeaz, berak sortutako Ekin argitaletxearen bidez. Arantzazu Amezagak, liburuaren aurkezpenean, adierazo dau Radio Euskadi mugarria dala euskaldunen historian. Ahalegin handia egin genduan baina nire bizitzako sasoirik onena izan zan. Trukean ezer lortu barik lagundu eben guztien eskuzabaltasuna gogoan hartu dau Amezagak.

Burruka luze baten historia da Radio Euskadirena, dino Xabier Irujok, euskereaz eta euskal kulturaz berba egiteko eskubidea bete ahal izateko lana izan da. Sasoi bateko aitzindariek gaur egun Radio Euskadik, eta irrati publikoak orokorrean, daukazan baliabideak eta zabalkundea ikusi ezkero, harritu egingo litzatekezela uste dau Leyre Arrietak.

Irratiaren alde lan egin daben guztiei omenaldia egitea be bada asmoa, azaldu dau Arrietak. Odile Kruzetak ganeratu dauenez, historia personal eta profesional asko dagoz historia handiago horren azpian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu