Itzultzaile automatikoan egindako hobekuntzak aurkeztu ditu Jaurlaritzeak
2016-05-18 15:13 Euskerea berbagaiItzulpen automatikoa euskaraz izeneko jardunaldien barruan, Donostian, aurkeztu ditu Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburordeak, itzultzaile automatikoan egindako barrikuntzak. Besteak beste, euskera-ingelesa parea gehitu deutsie.
Patxi Baztarrikagaz batera, Lucy Software Iberica enpresako Juan Alberto Alonso eta Jaurlaritzako Hizkuntza Plangintzako arduradun Araceli Diaz de Lezana egon dira aurkezpenean. Jaurlaritzearen Euskara webguneko itzultzaile automatikoaren erabiltzaile kopuruaren ganeko datu batzuk emon ditu Baztarrikak, barritasunak azaldu aurretik.
Gero eta erabiltzaile gehiago daukaz Jaurlaritzearen itzultzaile automatikoak, datuetan garbi ikusten danez. 2014ko apirilean, 468.000 konsulta egin ziran, 2015eko apirilean 972.000 eta 2016ko hile berean, 1,6 miloe. Aurten, bataz beste, 50.000 itzulpen eskatzen deutsiez itzultzaileari. Gehien erabilten dana gaztelania-euskera parea da, ondoren euskera-gaztelania eta, gitxien, ingelesa-euskera.
Hain zuzen be, hizkuntza pareetan dakar nobedade nagusietako bat Jaurlaritzearen itzultzaile automatikoak. Aurrerantzean, euskera-ingelesa parea eukiko dau, beste hirurakaz batera.
Bestetik, telefono adimendunetan erabilteko aplikazinoak eguneratu ditue. Asteon edo datorren astean egongo dira eskuragarri, Apple Store-n eta Google Play-n. Eusko Jaurlaritzearen Irekia webgunean ipini ditue, nahi dauenaren eskura, bestetik, lau lexiko elebidunak (euskera-ingelesa, euskera-gaztelania eta alderantziz). Amaitzeko, itzultzaile automatikoa Web Rest zerbitzuaren bidez erabilteko aukerea emongo dabe aurrerantzean.
Horreek nobedade guztiak, Itzulpen automatikoa euskaraz izeneko mintegi edo topaketearen barruan aurkeztu ditu Jaurlaritzeak. 2014an Bilbon egindako Euskarazko IKT mintegiaren jarraipentzat jo dau Jaurlaritzeak Donostian egindako hau. Euskerearen eta beste hizkuntza batzuen arteko itzultzaile automatikoak hobeto ezagutzea izan da topaketearen helburuetako bat.
Era berean, euskerazko itzulpen automatikoaz egin dabe berba. Gaur eguneko egoerea, zailtasunak, erronkak eta abar aztertu ditue. Parte-hartzaileen artean, Google-ko Luis Collado, Elhuyarreko Itziar Cortes eta Jaurlaritzako Jorge Gimenez egon dira, besteak beste.
Jardunaldiotan, Patxi Baztarrika sailburuordeak nabarmendu dau urte gitxian aurrerapen itzelak egin dituala itzulpen automatikoak euskeraz. Gogoan daukat, 2007 edo 2008 bueltan, gaztelaniatik euskerara itzultzeko tresna bat garatzeko lehenengo pausuak egin genduzanean, zientzia-fikzinoa emoten ebala, esan dau Baztarrikak. Herritarrek, gaur egun, normaltasun osoz erabilten dabe Jaurlaritzearen itzultzaile automatikoa, sailburuordearen esanetan. Itzultzaile automatikoak ez datozala giza-itzulpena ordezkatzera azpimarratu dau Baztarrikak, itzulpen automatikoak berrikusi eta zuzenduko dituen personak behar diralako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!