Bele, Euskal Lutheria Eskoleak Musika Eskola eta Konserbatorioetako ikasleen esku ipiniko ditu lutheriako tailerretan eginiko musika tresnak
2016-05-18 13:14 MusikeaPrograma barri honen bidez, Belek 20 musika tresna itxiko ditu (14 biolin eta 6 biola) Euskadiko Musika Eskola eta Konserbatorioetako ikasleen esku, danak be Bele eskolako lutheria tailerretan eginak.
Bele, Euskal Lutheria Eskolako ikasleek eginiko harizko musika tresnak datorren 2016-2017 ikasturtetik aurrera bizibarritu egingo dira, eta euren doinurik goxoenak ateratzen hasiko, musika ikasleen eskuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak musika tresna horreek maileguan ixteko abian jarri dauen programea aurkeztu dau gaur goizen Bilbon, Bele lutheria eskolara egin dauen bisitan. Programa barri honen bidez, Belek 20 musika tresna itxiko ditu (14 biolin eta 6 biola) Euskadiko Musika Eskola eta Konserbatorioetako ikasleen esku, danak be Bele eskolako lutheria tailerretan eginak.
Bilboko lutheria ikasleek hiru urteko ikasketa planaren barruan egin behar dituen musika tresnak dira: biolin bana lehen urtean, biola bana bigarrenean, eta biolontxelo bana hirugarrenean, ikasketa amaierako proiektua izango dan musika tresnaz gan. Beraz, 2017-2018 ikasturterako programa honetan sartzeko prest 40ren bat tresna izango dirala aurreikusten da, biolontxeloak barne.
Bele-Bilboko Euskal Lutheria Eskoleak egiten dauen lana eta bere izakerea bakanak dirala jakitun, eta bertan egiten diran musika tresnen kalidadeagazko ziurtasunez jarri dau abian Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak programa barria. Lutheria eskoleagaz eginiko apustua barriro gizarteari itzultzea be bada helburua, Euskadiko musika ikastegien sareko ikasleen mesederako gertatuko baita ekimena.
Musika tresna horreetako bat maileguan jasotea salto kualitatibo handia izango da musikari gazteen ikasketa prozesuan. Izan be, tresna profesional bat izango dabe esku artean, guztiz artisau eran egina.
Hari-instrumentuak maileguan
Euskadiko Musika Eskola edo Konserbatorioren batean matrikulauta egon eta musika tresna bat maileguan hartzeko interesa daben ikasleek, bagilaren 3ra arte egin leikie eskaerea eskolan bertan. Jagokon zuzendaritzeak bermatu beharko dau eskaerea, eta musikako ziurtagiri akademikoagaz batera aurkeztu beharko da.
Lehentasuna izango dabe ikasketa profesionaletako (edo maila baliokideetako) instrumentuak ikasten hasten diran ikasleek, eta bardinketarik izan ezkero, gazteenek. Eskaera kopurua eskuragarri dagoan musika tresna kopurua baino handiagoa balitz, programeak baremo bat be ezartzen dau. Erispide akademikoak (nota hobeari puntuazino altuagoa) eta edadea (gazteei puntu gehiago) hartzen ditu kontuan baremo honek. Ikastetxe-arteko orkestretan edo kontzertu pedagogikoetan parte hartzea merezimendutan puntuagarri izango da.
Maileguan daukan bitartean, ikasleak musika tresnearen ganeko ardura osoa izango dau, eta hori jagon eta jagokonean itzultzeko konpromisoa hartzen ditu. Ikasturtea amaitutakoan, Belera itzuli beharko dau musika tresnea. Itzultzerakoan, musika tresneari txosten bi erantsi beharko deutsoz irakasleak: tresnea erabili dauen ikaslearen ebaluazino-txostena batetik, eta tresnearen balorazino teknikoa egiten dauen txostena bestetik. Mailegua hurrengo ikasturterako barritzeko aukerea be aurreikusten dau programeak.
Zer da Bele?
Hurrengo ikasturtean beteko dira 30 urte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila lutheria ikasketak eskaintzen hasi zanetik, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Konserbatorioaren barruan. Ordutik, Estaduan lutheria ikasketak eskaintzen dituan eskola publiko bakarra izaten jarraitzen dau. 2014an, egun indarrean dagoan Ikasketa Plan barria onartu zan. Alemania, Ingalaterra, Italia, Frantzia, Suitza eta gai honetan punta-puntan dagozan beste zenbait herrialderen eredua hartu zan erreferentziatzat.
Bele, Bilboko Euskal Lutheria Eskoleak hiru ikasturtetan antolatzen dau bere Ikasketa Plana. Hiru urte horreetan, arkuzko hari-instrumentuak –biolinak, biolak edo biolontxeloak- eskuz, artisau eran eregiten ikasten dau ikasleak. Artisau bokazinoa, musikeagazko gustua eta luthierraren langintzeagazko zaletasuna dauen edozeini zuzendutako ikasketak dira.
Ikasketa ez arautuen artean kokatzen da lutheria, hau da, ez dago titulazino ofizialik. Dana dala, ikasketak amaitzen dituen personek gaitasun-egiaztagiri bat jasoten dabe, 1986an hasitako ibilbidea dauen eskola batek emona, Belek emona.
Belerako sarbide probak
Uriarte sailburuak Bele lutheria ekolara egin dauen bisitan, maiatzaren 25era arte Bele eskolarako sarbide probatarako izena emoteko epea zabalik dagoala gogorarazo dau. Euskadiko Lutheria Eskolearen egoitzan bertan izango dira proba horreek, datorren bagilaren 17an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!