Lurralde antolaketan ELEren balioa praktikan erakutsiz emon jako hiru urteko zikloari amaierea

Bizkaie! 2016-05-13 10:58   Euskerea berbagai

Hainbat jardunek euskerearen garapenean izan leikiezan ondorioez hausnartu eta beste herri batzuetan egoera horreei zelan erantzun jaken aztertu da; gurean eragin linguistikoaren ebaluazinoa egiteko tresnea eskatu zan; tresna hori sortu, aplikau eta ebaluau egin da, eta azkenik, gure lurraldearen zati batean eragin linguistikoaren erabilerea legez egin daitela jaso da.

Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien 3. edizinoa egin da Donostian. LUHI jardunaldiek orain hiru urte jarritako helburua bete dabela berretsi da bertan. Hainbat jardunek euskerearen garapenean izan leikiezan ondorioez hausnartu dabe; beste herri batzuetan egoera horreei zelan erantzun jaken aztertu da; gurean eragin linguistikoaren ebaluazinoa egiteko tresnea eskatu zan; tresna hori sortu, aplikau eta ebaluau egin da, eta azkenik, gure lurraldearen zati batean eragin linguistikoaren erabilerea legez egin daitela jaso da. UEMAk, Kontseiluak, UEUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak alkarlanean antolatutako egitasmoa izan da.

Hasierako helburu nagusia, bai eta aurreko jardunaldietako ondorioak be, bete egin dirala ondorioztatu dabe jardunaldietako antolatzaileek.

Jardunaldi honeen lehen edizinoan esan bezela, arnasguneak nahitaezkoak dira hizkuntzen berreskurapen-prozesuetan. Euskerearen normalizazinorako abiapuntu eta helmuga dira arnasguneak. Hain zuzen, galera-prozesua emon dan kontrako norantzan, arnasguneak euskereari eusteaz gan, horreek zabalduz, barriak sortuz emongo da normalizazinoa. Beraz helburua ez da arnasguneak babestea bakarrik, babestu ez eze garatu eta zabaldu be egin behar dira, azaldu dau Batzorde Akademikoak (Paul Bilbao, Unai Fdez de Betoño, Miren Segurola eta Iñigo Urrutia).



Azkenik, etorkizunari begira kontuan hartu beharreko elementuak azaldu ditue:


1. Udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragiten daben faktoreak
        
-Udalerri euskaldunetako euskerearen ezagutzearen jatsieran eragin daben faktore nagusiak etxebizitza-hazkundea eta biztanle-mobimentua izan dira.

-Frogatutzat emoten da urigintzeak udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoan dauen eragina.

-Honenbestez, gune horreetan egingo diran proiektu eta jarduerek egoera horri mesede edo kalte egingo deutsien neurtzea ezinbestekoa izan behar dau.


2. Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa: Tresna eragingarria
        
-Ebaluazinoarako tresna egokia da ELE, eta tresna hori erabil daitela lehenetsi beharko litzateke, besteak beste, 2/2016 Legearen 7.7. artikuluak jasoten dauena beteteko.

-Tresna dinamikoa da ELE, eta beraz, gaurkotzeak eta eguneratzeak beharko ditu.

- Jagokon administrazino publikoak tresnea eguneratzeko bitartekoak eskaini beharko ditu.  


3. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak aukera interesgarriak zabaltzen ditu
        
-2/2016 Legeak  7.7 artikuluan betebehar orokorra ezarri dau, proiektu eta plangintzak onesteko prozeduretan, ekimen horreek euskerearen erabilerearen normalizazinoari jagokonez izan leiken inpaktua ebaluetako.

-Nafarroako araudian hori jasoteko pausuak beharko litzatekez.

-Ipar Euskal Herrian ELE apliketako aukerak aztertzea aurreikusi beharko litzateke.
    

4. Corpus juridikoan pausu barriak egin behar dira: 2/2016 Legea garatzeko beharrezko Dekretuak onartu eta abian jarri behar dira.
        
-Toki Erakundeei buruzko Legeak aitatzen dituan bi kategoria barriak, hain zuzen ere, arnasguneak eta  udal euskaldunak Dekretuz zehaztu behar dira.

-Dekretuak argitu beharko dau Toki Erakundeei buruzko Legearen 7.7 artikuluak aintzat hartzen dauen Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa zein kasutan aplikauko dan .

-Dekretuak argitu beharko dau zein proiekturi aplikauko jakon. Udal Legeak proiektu eta plangintzak aitatzen ditu baina hedapena ez da argia.

-Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa administrazino-prozeduretan zelan txertatuko dan argitu beharko da, eta zein balio juridikogaz.

-Komunikazinoz edo autorpen arduratsu bidez baimentzen diran jardueren kasuan be Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa egin beharko litzateke. Kasu horreei begira Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoaz arduratuko dan erakundea nor izango dan zehaztu beharko da.

-Udalerri euskaldunen eta beste administrazinoen arteko hartu-emonak koordinetako baliabideak be asmau beharko dira, izan be Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa ez jagoke udalei bakarrik, aldiz Foru Aldundiak edo Jaurlaritzeak onartzen dituen Plangintzetan be aplikagarria izango da udalen gainean eragin linguistikorik sortarazoten baditue.

-Argitu beharko da nori jagokon ELEak lantzea eta zein izango dan udalerri euskaldunetako udal-administrazinoaren egitekoa.

-Neurri zuzentzaileak benetan eragingarriak izan daitezea, beharrezkoa dan babes juridikoa eskaini beharko dau garapenezko Dekretuak, 0 alternatiba barne hartuz.


5. Euskerearen plan sektoriala
        
-EAEko Legebiltzarrean 2/2006 Lurzoruaren Legea aldatzeko ponentzia jarri da martxan. Lurzoruaren Lege berriak ELE barne hartu beharko leuke, haren aplikazinoa derrigortuz, bai udalerri euskaldunetan (>% 70eko indizea) bai euren inguruko buffer-zonetako udalerrietan.

-EAEko Ingurumen eta Lurralde Politiketako Sailak ELEren derrigortasuna aldaketa-prozesuan dagozan Lurraldea Antolatzeko Gidalerro barrietan be txertatu beharko leuke.

-EAEko Ingurumen eta Lurralde Politiketako Sailak Euskerearen Lurralde Plan Sektorial bat garatu beharko leuke, euskerearen arnasgune geografikoak babesteko, antolatzeko eta kudeatzeko asmoagaz, bai eta horreek zabaltzeko helburuagaz be.

-Euskal Herri osoko administrazinoetako garapen iraunkorrerako plan estrategikoak moldatu behar dira, euskerearen babesa eta bizibarritzea jasoz, berezko kulturearen osogai funtsezkoa dan neurrian.


6. Formazino-eskaintzearen beharra
        
-UEUk sustatua, Eragin Linguistikoaren Ebaluazinoa egiteko ikasketak abian jarriko dira, eta horren sozializazinoa egin beharko litzateke hizkuntza-teknikariez harago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu