David Martinez Suarezen 'Menos da una piedra' erakusketea, Bilboko Rekalde aretoan

Bizkaie! 2016-05-12 16:04   Kulturea

Garagarrilaren 3ra arte ikusi ahal izango da artista asturiarraren sormen lana, Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan. Sortzaile gazteen lana bultzatzeko Barriek programearen bidez eratu da erakusketea.

Menos da una piedra erakusketea, proiektu zabalago baten parte dala azaldu dau David Martinez Suarez artista asturiarrak. Punto de origen egitasmoa da hori eta, autoreak zehaztu dauenez, Oteizaren obra baten dauka abiapuntua.

David Martinez Suarez Arte Ederretan lizentziatua da, EHUn. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzearen Eremuak programan parte hartu eban eta egonaldia egin eban Bilbao Arten. Erakusketa ugaritan parte hartu dau Asturiasen eta Euskal Herrian. Bere lanaren zati handi bat ikus-entzunezko sorkuntzak dira.

Barriek 2016 programearen bekea lortu dauen artistetako bat da Martinez Suarez. Menos da una piedra erakusketea, hain zuzen, Barriek zikloaren barruan dago. Bizkaiko Foru Aldundiak emoten dau Barriek bekea, artista gazteen sorkuntza plastiko eta bisuala laguntzeko eta hareen garapen artistikoari bultzadea emoteko.

Garagarrilaren 3ra arte egongo da Menos da una piedra erakusketea Rekalde aretoan, Kabinete Abstraktuan. Sartzea doban da. Ondoren, garagarrilaren 5etik aurrera, Barriek programako bekea jaso dauen beste artista baten, Zaloa Ipiñaren, erakusketeak hartuko deutso lekukoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu