Euskerearen Aholku Batzordeak bere egin ditu osoko bilkuran aurkeztutako hiru dokumentu

Bizkaie! 2016-05-12 11:56   Euskerea berbagai

Gu gazteok ikerketearen laburpen txostena eta lan-ildoen proposamena aurrera begira dokumentua aurkeztu eta eztabaidatu dabe, eta hau be bere egin dau Euskerean Aholku Batzordeak. Zein da gazteen errealidadea eta egunerokotasuna?; ze eretxi dabe euren gizarteaz, euren testuinguruaz?; zer esaten dabe euren buruei buruz?; zelan definiduten dabe euren burua gazte euskaldunek?; ze hizkuntza erabilten ditue, zelan?; zer dinoe hizkuntzei buruz?

Iñigo Urkullu lehendakaria buru zala Euskerearen Aholku Batzordeak osoko bilkurea izan dau bart Gasteizen. Ekitaldian Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak be parte hartu dabe, Batzordeko ganerako kideez gan. Hizkuntza-normalizazinoan dabilzan erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertu, bideratu eta koordinetea da Euskerearen Aholku Batzordearen eginkizun nagusia.

Euskerearen Aholku Batzordeak Eusko Jaurlaritzako hainbat sail eta erakundetako ordezkariez gan (Ogasun eta Finantza Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Hezkuntza Sailburuordetza, HABE, EITB, IVAP), EAEko hiru foru aldundien, Euskaltzaindiaren eta Eudelen ordezkariak be batzen ditu, 40 aditu eta Eusko Legebiltzarrak proponidutako 5 kidegaz batera.




Lau izan dira bileran aztergai nagusiak:

- Eta hemendik aurrera zer? dokumentua aztertu da. Hauxe da Euskerearen Aholku Batzordeak bere egin dauen dokumentuetako bat. Euskerea Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) izenburukoaren diagnostikoan sakontzeko AMIA dokumentuaren eztabaidearen ondoren, Euskera 21 Batzordearen aurrean, hainbat kidek holan eskatuta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak konpromisoa hartu eban 'eta orain, 15-20 urteko perspektiban, zer?' galdereari erantzun bat emongo eutson txostena idazteko. Konpromiso hori beteteko asmoz etorren txostena egin eban Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Euskerearentzat nahi dogun etorkizunaz gogoetea jasoten dau dokumentuak, eta hizkuntza hitzarmen sozial eta politikoa indarbarritzeko zutabe nagusiak eta lehentasunen marko bat proponiduten ditu. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak oinarrizko dokumentua aurkeztu eban Euskara 21 Batzordeak 2015eko garagarrilaren 10ean eginiko bilkuran. Oinarrizko dokumentua aurkeztu ondoren, ekarpenak egiteko aukerea emon zan. Esangura horretan, eztabaidarako edegia egon dan dokumentu berezi eta barritzaile honek hainbat ekarpen jaso zituan, bai zenbait Euskera 21eko batzordekidek eginak, baita batzordekide ez dan hainbat adituk idatziak be. Danetara, 34 ekarpen jaso zituan dokumentuak. Hizkuntza Politikarako sailburuordearen oinarrizko testuari batzordekideek eta ganerako ekarpengileek egindako proposamenak gehitu jakozan eta behin betiko dokumentua osotu zan. Dokumentua bere egin eban, aho batez, apirilaren 29an, Euskera 21 Batzordeak.

- Gu gazteok ikerketearen laburpen txostena eta lan-ildoen proposamena aurrera begira dokumentua aurkeztu eta eztabaidatu da, eta hau be bere egin dau EAB-k. Zein da gazteen errealidadea eta egunerokotasuna?; ze eretxi dabe euren gizarteaz, euren testuinguruaz?; zer esaten dabe euren buruei buruz?; zelan definiduten dabe euren burua gazte euskaldunek?; ze hizkuntza erabilten ditue, zelan?; zer dinoe hizkuntzei buruz?. Bart aurkeztutako dokumentu honetan galdera horreen erantzun batzuk jaso dira zenbait gazteren ahotik. Laburpen txosten hau 'Gazteak ikerlari, gazteakaz egindako ikerketa parte-hartzailea' izeneko ikerketa lanaren emoitzea da; 2015eko irailetik eta 2016ko zezeilera bitartean 12 eta 14 urte bitarteko ehun nerabegaz egin zan euren egunerokotasuneko praktikak, identidadeak eta bizipenak jasoteko eta hizkuntzeagaz hartu-emonetan jarteko. Nerabeen ahotsak entzun dira, eurekaz barriketaldiak izan dira eta euren berbetaldien lekuko izateko aukerea egon da. Lan hau, beraz, gazte horreen hizkuntza-esperientziaz blai dago, helburua gazteen eta hizkuntzearen arteko hartu-emon horreek gazteen errealidadean eta izakeran kokatzea izan baita. Lan hau Euskerearen Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-atal Bereziaren eskariz egindako lan bat da.

- Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat dokumentua aurkeztu eta eztabaidatu da: Lan luze hau Euskerearen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-atal Bereziak onartu dau, eta ondoren EABk bere egin. Izenak dinoen legez, lanaren helburua da IKTetan eta Interneten euskerearen presentzia eta erabilerea areagotzeko herri-aginteei gomendioak egitea. IKT Batzorde-atal Bereziari, besteak beste, honako eginkizun honeek aurreikusi jakoz: Euskerazko IKTen ganeko datuak batzeko modu sistematizatua antolatzeko erispideak finkatzea; interneten euskerazko edukiak areagotzeko ekimenak eta lehentasunak zehaztea; euskerazko tresna teknologikoak sortu eta sustatzeko lehentasunak finkatzea; euskarazko IKTen ikusgarritasuna zabaltzeko bideak zehaztea; eta IKTetan euskerea garatzeko zuzendutako diru-laguntzinoen deialdia hobetzeko proposamenak aztertzea.

- Horreez gan, Euskerearen ganeko diskurso partekaturako zoru komunaren oinarriak dokumentuaren barri emon da. EGOD (Euskerearen Ganeko Oinarrizko Diskursoak) egitasmoaren barruan egindako ikerketa horreetako informazinoa landuz, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzeak diskurso desbardinen arteko bateragunea izan leitekeenaren eduki zehatzak zehaztu zituan. Bateragune hori izan daiteke, hain zuzen be, euskerearen ganeko diskurso partekaturako zoru komunaren oinarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu