Euskerearen erabilerea handitzeko, 'Geuk eus' kanpainea martxan ipini dabe Bermeon
2016-05-10 18:39 Euskerea berbagaiBermeoko Udalak eta herriko eragile ugarik bat egin dabe,Geuk eus, euskaraz bizitzeko mila arrazoi izeneko kanpainea antolatzeko. Gogoetea egin dabe Bermeon euskereak daukan egoerearen ganean eta ondorio garbi bat atera dabe: Herritar gehienak euskaldunak dira baina erabilerea beherutz doa.
Batez be, euskereari prestigioa emotea eta euskeraz bizitzearen abantailak azpimarratzea izango da Geuk euskanpainearen helburua, horrek herritarrak euskeraz sarriago berba egitera bultzatuko ditualakoan. Ganera, bermeotarrek euskerea galtzen doala sentiduten badabe, kontzientzia handiagoa hartuko dabelakoan dagoz bultzatzaileak.
Herriko alkarteek, tabernek, merkatariek eta eragile kulturalek bat egin dabe kanpaineagaz. Logoa edo irudia be egin dabe eta Bermeoko dendetan ipiniko dabe. Ganera, 34 tabernatako serbilletetan agertuko da logoa.
Bestetik, bost bermeotar ezagunek, euskeraz zergaitik bizi diran azalduko dabe bideo banatan. Komunikabideen eta herriko zinemearen bidez zabalduko dira bideoak. Arantza Ruiloba kirol monitorea izango da lehenengo protagonistea. Hain zuzen be, astialdiko eta kirol arloko monitoreek bat egin dabe kanpaineagaz, ume eta gaztetxuen artean euskerearen erabileran eragiteko ardurea daukielako.
Arrain Azokan, maiatzaren 20tik 22ra, Kalinpan personaiak lagunduta, photocall baten parte hartzeko aukerea eukiko dabe nahi daben guztiek. Bideo baten euskeraz bizitzeko arrazoien barri emon ahal izango dabe herritarrek. Helburua ehun bideo grabau eta 300 argazki ateratea izango da.
Geuk eus epe luzerako kanpainea izango dala azaldu dabe bultzatzaileek eta ekimen gehiago antolatzen joango dirala. Esate baterako, Mikel Etxebarria txalapartariak kanpainarako kantea sortuko dau, Lore Barrena bertsolariaren berbakaz.
Bermeon leku askotan egin leiteke euskeraz berba, Maite Alvarez zinegotziak azpimarratu dauenez: Kalean, etxean, banketxean, udaletxean, dendetan eta abar. Horregaitik, euskeraz berba eginda herri guztia aberasten dala adierazo dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!