Euskerearen etorkizuna zein izango dan iragarri eben Iurretarrek Mintzopotean

Bizkaie! 2016-05-09 18:20   Euskerea berbagai

Maiatzaren 6an, Iurretako lehenengo Mintzopotea egin eben, euskerea herriko kaleetara aterateko helburuagaz. 30 herritar inguru batu ziran Iurretako Dantzari auzunean, sei mahaitan banatuta euskerearen iraganaz, etorkizunaz eta beste hainbat kontuez berba egiteko.

Maiatzaren 6an, Iurretako lehenengo Mintzopotea egin eben, euskerea herriko kaleetara aterateko helburuagaz. 30 herritar inguru batu ziran Iurretako Dantzari auzunean, sei mahaitan banatuta euskerearen iraganaz, etorkizunaz eta beste hainbat kontuez berba egiteko. Tragoek eta pintxoek lagunduta, giro aparta sortu zan herriko plazan.

Iurretan, beste hainbat udalerritan legez, euskerea sustatzeko antolatzen diran ekintzetako asko leku zarratuetan egiten dira: Kultur Etxean, Udaletxean, Euskaltegian... Ekimen barritzaile honegaz, Iurretarrek euskerea kalera atera nahi izan dabe. Pintxopotea egun batez Mintzopote bihurtzeko ideia Iurretako Euskereen Aholku Batzordean jaio zan. World kafe metodologia erabili zan, eta saioa Elhuyar Aholkularitzako teknikariek bideratu eben.

Parte-hartzaileek hiru gai izan zituen berbagai, ordu biko iraupena izan eban Mintzopotean. Zein izango da 2050eko abenduaren 3an, Euskerearen egunean, egunkariek jasoko daben titularra? Talde bakotxak titular bat adostu eban, eta guztiek etorkizun oparoa aurreikusi eutsien euskereari: 'Euskaltegiak desagertu dira, bezero barik geratu dira', 'Orain dala 10 urte ospatu zan azkenekoz euskerearen eguna'.


Iurretako berba zaharrak berreskuratzen

Etorkizunetik iraganera salto egin eta Iurretako berba zaharrak eta esaerak berreskuratu nahi izan zituen. Batzuek zerrenda luzea osotu eben; beste batzuek, barriz, amama-aititari eta abadeari deika ibili ziran aspaldi ahaztutako berbak topau guran. Dagoeneko erabilten ez diran berba gitxi batzuekaz batera, gaur egun be iurretarren ahotan barra-barra dabilzan beste asko gehitu genduzan danon artean osotutako zerrendara: olgau, papaue, errime, mozolue, enbraskue, prakadune, susterbakue, itturran, erdu, eskatza, urkuldu, enparaue, xaparro...

Zer emon deusku guri euskereak, eta zer emon deutsagu guk euskereari?

Saioa amaitzeko, parte-hartzaileek euskereagaz izan dituen hartu-emonen inguruan gogoetea egin eben. Horren harira aitatu ziran kontuen arabera, euskereak ekarpen handia egin deutse iurretarrei: izakerea, jente barria ezagutzeko aukerea, leihoa, hizkuntzeagaz olgetako aukerea, sentiduteko era bat, biziteko modu bat. Iurretarrek, trukean, jarraipena emon deutsie eta emongo deutsie euskereari, ahalegina, gogoa eta bihotza.

Saioa baloretako, kantu-kantari ibili ziran; talde bakotxak abesti edo bertso bat kantau eban, eta kantuz emon eutsien amaierea Iurretako lehenengo Mintzopoteari:

Zenbat hizkuntza arrotz 
izan ditugun gainetik
guk erabaki bat hartu gendun
euskaraz ta euskaratik
gure munduan bizi nahi dugu
bajatu barik trenetik
hartu dagigun beretik eta
emon dagigun geuretik.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu