Literatura Eskola 27-10-2012 / Aiora Jaka, Joseba Sarrionandiaren itzulpenez
2012-10-27 22:49 Bertsolaritzea Gaur ekin deutso Literatura Eskolak 9. ikastaldiari, Hendaian. Mugak itzulpen-eremuak izan ohi dira, eta Pausuko zubiondoa eremu aproposa (metaforikoa bai, behintzat) izan da kulturen eta literaturen arteko zubi-lanetan ibilitako itzultzaile baten ganekoak entzuteko, sormenaren eta ontzi-aldaketa hutsaren mugan ibilitako itzultzailearen ganekoak entzuteko. Izan bere, Aiora Jaka Irizizar izan dogu irakasle, Joseba Sarrionandiaren itzulpenak izan ditu berbagai. Tesia idatzi eban Jakak gaiaren inguruan, eta, supazterra ikasgela bihurtuta, eremu akademikotik arean urrunduta, Sarrionandiaren itzulpen-jolasak eta sekretuak agertuarazo deuskuz. Labur-labur, honexek izan dira puntu nabarmenak: hiru itzulpen-teoria multzotan sailkatu leikez Euskal Herriko itzultzaileen gogoetak: klasikoak, modernoak eta postmodernoak; bada, Sarrionandiaren itzulpen-gogoetea postmodernoa da: harentzat itzulpena berrirakurketea da, berridazketea, trasnsformazinoa, bertsino barria… Sarrionandiaren itzulpen-praktika bera, ostera, jatorritik nahiko paraje egindakoa da. Periferiatik periferiara ekarritako idazleen testuak urreratu gura izan ditu beti, kultur eta hizkuntza zapalduetakoak, kanonizatuta ez egozanenak… baina, itzulitako testuen jatorrietara jota, batez bere espainolez idatzitako antologiak iturri izan dituala ondorioztatu leiteke. Olgetea darabil eten barik irakurleagaz egileak, Sarrionandiak literaturea eta itzulpena arte legez aldarrikatzen dauenez gero egile, kritikari zein itzultzaile asmatuak topau ditu Jakak, olerki apokrifoak… Literatur keinuak dira danak bere, Sarrionandiak lagunai, bere buruari, literatureari berari... egindakoak, nok daki.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!