Iñigo Iruretagoiena: 'Bakarrik joatea da abenturea bermatzen dauena'

Koldo Isusi Zuazo 2016-05-09 10:45   Barriketan

Iñigo Iruretagoiena getxotarrak erronka personalak maite ditu eta horretan dabil azken urteotan, munduko 17 herrialde bisitau ditu, nepal mutur batetik bestera zeharkatu dau, bakarrik eta neguan, Finlandian eta Yukonen zeharkaldiak egin ditu, Aconcagua, Elbrus eta Kilimanjaroko tontorrak zapaldu ditu eta deS Sables maratoi gogorra be egin eban.

Orain, barriz, maiatzaren 15ean hegazkina hartu eta Alaskara joaku, MacKinley edo Denali (6.168 m) mendia zapaltzeko esperantzeagaz.

Beharretik etxera bizikletan joiala harrapatu dogu baina prest azaldu da gure galderei erantzuteko.


1.- Noiz sortu jatzun abenturarako dozun pasinoa?

Mendia, naturea eta abenturea beti izan dira nire gustokoak. Gehienon antzera, txikitan gurasoakaz eta lagunakaz izan nituan lehenengo hartu-emonak mendiagaz eta beti esaten dot gurasoek transmitidu eustiela abenturarako pasinoa. 37 urte daukadaz orain eta horreetatik hamabost bat urte egingo genduzan hor zehar karabaneagaz, kanpin dendeagaz oporretan eta hor sortu jatan abenturarako espiritua.


2.- Gaur egun zu zabizen moduan, bizikletan kaminoan ibiltea be nahikoa abentura da. Ez daukazu bildurrik? 

Ez. Bizikletan ibiltea abenturea ete dan ez dakit baina badauka bere enkantua. Lehen baneukan baina aspaldi ez daukat ibilgailurik eta bizikleteagaz ibilten naz egunero hara eta hona, motxilea aldean, beharrera, errekaduak egitera, leku guztietara joaten naz bizikletan. Hotzaren zein euriaren kontra burrukan egin behar da sarritan baina segurutik horrek be balioko deust gero abenturetan bildur eta kopla barik aurrera egiteko.


3.- Munduan zehar egin dozuzanak eginda, medioetan eta ez zara horrenbeste agertu. Zergaitik?

Orain arte ez deutsat jaramon handirik egin medioetan eta agertzeari, ez neban pentsetan ezer berezirik egiten nebanik, ez dot arrazoirik ikusten izan nire burua medioetan aurkezteko. Nire hobbya da tarteka abenturatan ibiltea eta oporrak beti bideratu izan dodaz holako esperientziak biziteko. Azken aldion, akaso, deigarriagoak eta oihartzun handiagokoak izan dira egin dodazanak eta horregaitik hasi zarie medioetatik deitu eta alkarrizketak eskatzen. 


4.- Komunikabideen eta babesleen saltsa horretan sartuta, abentureak bere magia guztia galdu leikela pentsetan dozu?

Ez dot uste. Mugak norberak jarten deutsoz bere buruari baina egia da alde ekonomikoa sano garrantzitsua dala eta muturra ez badozu erakusten inork be ez zaituala ezagutuko.

Dana dala, gaur egun abentura potoloak eta magia handikoak egin daitekez oraindino, gogoa behar da, abentura horreen bila joan behar da, agentziek goitik behera antolatutako bidaiak eta zirkuitu turistikoak baztertu eta nire ustez bakarrik joatea da abenturea bermatzen dauena.


5.- Igaz Nepal mutur batetik bestera, Kanchenjungatik Dolporaino, 2.000 kilometro inguru egin zenduzan, oinez, bakarrik, neguan, GPS barik... Munduan bigarrena zara hori egin dauena. Zelan okurridu jatzun Nepalera joatea? Joan aurretik zelan preparau zinan?

Munduan bigarrena naz hori zeharkaldia egin dauena. Lehenengoa Javier Campos andaluziarra izan zan eta interneten abentura horren barri izan nebanean, berehala pentsau neban neuk be antzeko ibilbidea egitea. Pentsau eta egin, beharrean be kontratu barik geratu eta momentu aproposa zan abentureari ekiteko. Mapak erosi, buruari buelta batzuk bai baina larregi emon barik, ahalik eta azkarren hastea zan nire obsesinoa eta holan izan zan. Motxilea trastez bete, 17 bat kilo, hegazkina hartu eta Kathmandun hartu neban lur, goian zerua eta behean lurra baino ez nituala; oinez hasi eta, esan dozun moduan, 74 egun izan ziran, gora eta behera, egunean 12-14 bat ordu oinez eginez eta GPS eta brujula barik. Jateko kontuan, barriz, arroza eta gailetaxuak eskaintzen eustiezenean pozik baina subertau jat egun bat, bi eta hiru be baraurik emotea.

Ganerakoan, bideari jagokonez, mapa turistikoak izan dira nire salbazinoa, heltzen nintzan lekuan edo inguruan, ahal zanean bateren bat topau eta hurrengo eguneko erreferentziaren barri eskatzen neutson. Holan egin dot bidea, batzuetan azkar eta askotan astiro, ze ordu batzuk oinez egin ostean bueltea hartzea be tokau jat.

Preparazinoari jagokonez, ez dot entrenamendu berezirik egiten baina azken urteotan makinatxu bat saltsa, mendiko lasterketa, ultra trail edo abenturatan ibili naz eta maila fisikoan ez dot aparteko lanik egiten. Ibiltari amorratua naz eta ez dot aparteko nekerik igarri, egunean 12, 14 eta egun batzuetan 16 ordu be egin arren oinez. Eguna argitzen ebanetik gaua egin arteko tartea hartzen neban eta aurrera.


6.- Holako esperientzietan ez dozu bildurrik izaten, berbarako, lapur eta istripuen bildur?

Bildurra ez da lagun ona holako abenturatan eta niri zorionez ez jat ezer pasau; tensino edo estutasun egoerak bai izan nituan, berbarako, behar dan moduko aklimatazinorik ez nebalako egin; bestetik, mando karabana erraldoiak ibilten dira paraje hareetan eta gidariak 4-6 lagun izaten dira, itxura txarrekoak, bat betokerra, bestea herrena, bati esku bat falta jakon, oso gazteak, armaz josita eta gehienetan mozkor-mozkor eginda joaten diranak... Horreekaz kontu handiz ibili behar da eta, ahal dala, bide alternatiboren bat hartu, eurekaz topo ez egiteko. Baina badakit bakarrik ibilikeran eta arazo larriak izan zeinkezala, ezbeharren bat, istripuren bat edo izan ezkero.


7.- Nepaleko abentura horretatik zer nabarmenduko zeunke? Zer ikasi dozu?

Asko ikasi dot, berbak falta jataz abentura hau niretzako zer izan dan adierazoteko. Nepal basatienak, zibilizazinotik urrun dagozan parajeak erakarri nabe gehien, hango jentea zelan bizi dan ikustea barruraino sartu jat, daukien apurra zelan eskaintzen deutsuen, arroz platerkadea emon eta negar malkoek urteten eustien. Lehenaldira osterea egitea lakoa da, beste mundu bat da ha, garrasika, aldarrika komuniketan dira, han ez dago biziorik, euren egunerokoa bizirik irautea da.


8.- Orain arte egin dozuzan abenturen artean, bat nabarmentzekotan, zeinegaz geratzen zara? Zergaitik?

Markarik, kurrikulumik aitatzea ez jat gustetan baina egia da zeozertxu egin dodala. Makinatxu bat herrialdetan egon naz baina asko bidaia antolatuak izan dira eta mendi tontor batzuk be zapaldu dodaz zuk sarreran nabarmendu dozunez. Baina bateren bat azpimarratzekotan, Yukon-Artic-Ultra zeharkaldia aitatu behar deutsut, Kanada eta Alaska bitartean, 500 kilometroko zeharkaldia izan zan, 8 egun, zeropetik 35 bat gradutan egunero, norberak dana aldean, leran eroan behar eban eta kanpoko laguntzinorik ez egoan. Gogortasunaz jaubetu zaitezan, mundu osoko 17 parte-hartzaile baino ez ginan izan. Esperientzia zoragarria izan zan. Beste ultratrail eta maratoi batzuk egin izan dodaz, deS sables tartean baina holakoetan, milaka lagunen artean bat gehiago zara, zenbaki bat, azpiegitura bat dozu alboan eta hor ez dago abenturarik.


9.- Orain, barriz, Alaskara zoaz Denali (6.168 m) igoteko asmoagaz. Igon eta bajatu ala bertan zeozer berezia egiteko amesa dozu?

Igon eta bajatu bai, ez da gitxi. Baina zeozer desbardina be egin gura neuke, orain aurreratuko ez badeutsut be. Bakarrik noa, gitxieneko ekipoagaz eta nire asmoa kanpalekurik eta ez jartea da. Zailtasun tekniko handiko mendia ez da baina latitudean oso altu dago eta hotza izango da arazo nagusienetakoa, zortzimilako mendi batzuen parean jarri izan dabe Denali baina bildur barik noa. Denalin ohikoa danez, hegazkin txiki batek mendiaren oinarrian itxiko nau eta hortik aurrera bakar-bakarrik ekingo deutsat igoereari.


10.- Abentura horreek danak egiteko gitxieneko aurrekontua behar da eta lanean be erraztasunak behar dira. Zelan konpontzen zara?

Baragarri ibilten naz. Jenteak pentsau be ezin leike egin ze arazo eta ze burukomin eragiten deustien. Eskean eta narrasean ibilten naz beti baina besterik ez dago. Aurrekontu oso txikiakaz ibili izan naz orain arte, jenteak itxitako materialagaz, gitxieneko ekipoagaz eta holan. Orain, zorionez, filmazino ekipo bat itxi deust Kaos Entertainment & Rollei ActionCam Team etxeak, ekipazinoari jagokonez be lagundu deustie eta Azul Marino Bidaiak agentziak eta Marco Polo Club ezagunak be azpiegitura, hegazkin txartela eta enparauetan be lagundu deustie eta oso pozik nago. Ganera, getxotarra izanik, Getxo Kirolak taldeak be ekarpentxua egin dau.


11.- Non eta zertan ikusten dozu zure burua 10 urte barru?


Abenturea daroat odolean eta holako zeozertan ibili gura neuke, Yukon, Finlandia, Nepal, mendia, Amazonas... Mendizaletzat ez daukat neure burua baina mendian be ibili eta ibiliko dan abenturazalea naz. Datorren urtean ikastaro batzuk egin gura neukez, kudeaketa gaiak eta neuk egin ahal izateko aurrerantzean, mendiko gidari titulua atara, ingelesa ikasi eta holakoak, oinarri-oinarrizkoak munduan ibilteko.

Bestetik, mendiko lasterketen zirkuituan oso sartuta ibili nintzan aspaldi baina azken bi urteotan mundu horretatik aparte egon naz. Orain nago barriro geldiro-geldiro hor sartzen. Geldi, gora begira egoten ez dakit.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu