Aitor Gametxo eta Diego Vivanco aukeratu ditue Wroclaw urian egonaldi artistikoak egiteko
2016-05-04 17:34 Euskaldunak munduanAitor Gametxo lekeitiarrak Wroclaw uriaren eta bertako gorren komunidadearen erretratua osotuko dau City of sounds and Silence proiektuan; Diego Vivanco barakaldarrak, barriz, artistek bizi daben aldaketa eta ziurtasun eza islatu nahi ditu ¿Y mañana qué? egitasmoaren bitartez.
Hirugarren urtez, Etxepare Euskal Institutuak, Donostia 2016 Fundazinoak eta Donostia Kulturak deialdi bat jarri dabe abian, Joan-etorriak programearen barruan hainbat euskal artistek Poloniako Wroclaw urian egonaldi artistiko bat egiteko aukerea izan deien. Mobikortasuna, kulturen arteko trukea eta alkarlana sustatzeko helburuagaz sortutako deialdi honetara sorkuntza arlo anitzetako egitasmoak aurkeztu ditue, bai eta diziplina arteko proposamenak, betibe Wroclaw eta Donostia 2016 Europako Uriburutzetako arloakaz loturiko proiektuak izanik.
Erakundeek gaur jakinarazo dabe nortzuk izan diran aurten hautatutako sortzaileak: Aitor Gametxo eta Diego Vivanco. Lehenak Wroclaw uriaren eta bertako gorren komunidadearen erretratua osotuko dau City of sounds and Silence proiektuan; bigarrenak, artistek bizi daben aldaketa eta ziurtasun eza islatu nahi ditu ¿Y mañana qué? egitasmoaren bitartez.
Uriburutzearen harian, berritasunak gehitu jakoz aurten Joan-etorriak programeari. Edizio honetan ohiko parte-hartzaileak diran Donostiari eta Wroclaw-i (Polonia), Arhnem uri holandarreko Motel Spartie taldea eta 2020ko Europako Kultur Uriburu izentau barri daben Rijeka uria (Kroazia) gehitu jakez. Azken bi horreetara euskal artista bana joango dira; beraz, danetara lau euskal artistek izango dabe beste herrialde batzuetan euren lanak egiteko aukerea aurten; Donostiak, barriz, zazpi hartuko ditu, lehengo edizinoetan baino lau gehiago. Krista Burger eta Kenneth Letsoin, Motel Spartieko zuzendari Claudia Schouten-ek lagunduta, dabiz dagoeneko Gipuzkoako uriburuan lanean.
Bestalde, aurten artistek sei eta zortzi aste arteko egonaldiak egingo ditue helmuga herrialdietan. Aurreko edizinoetan hiru astetakoak izan ziran, baina hain emonkorrak izan ziranez, egonaldien denporaldiak luzatzea erabagi da, holan artistek baldintza hobeak izan deiezan eta programearen beste helburu bat errazago lortzeko, hau da, bertako artista eta eragileakaz sarelanean jardutea eta kolaborazinoa zabaltzea.
Aitor Gametxo - City of Sounds and Silence
Aitor Gametxok Wroclaw uriaren eta bertako gorren komunidadearen erretratua eratuko dau City of sounds and Silence proiektuan, sinfonia-filmiko eran. Uriko soinuak eta isiltasuna buztartuz, komunidade horren heterogenotasuna (umeak, gazteak, bikoteak, gurasoak...) erakutsi nahi da, euren eguneroko eginkizunetan.
Zeinu-hizkuntzearen izakera bisuala kontuan hartuta, maila akustikoan garrantzia izango dabe soinuek eta isiltasunak; irudietan eskuen presentzia nabarmenduko da. Horreen keinuen bidezko lengoaiaz edo gaitasun funtzionalaz gan, ahalmen komunikatiboa landuko da proiektuan, azpitituluen erabilerea baztertzeko.
Lekeition jaioa (1989), Bartzelonan egin zituan ikus-entzunezko komunikazino ikasketak eta sormenezko dokumentalgintza masterrean espezializau zan. Ordutik Bartzelonan zein Euskal Herrian ibili da, beti ikus-entzunezko proiektuetan.
Hainbat sari irabazi ditu, esaterako Zuzendari Onenaren Saria Euskal Zine Bileran (Una de sus vidas), Gidoi onenaren saria Zinebi 57-n (Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa) edota X-Films saria Festival Doc jaialdian (Punto de vista).
Diego Vivanco Gutierrez - ¿Y mañana qué?
¿Y mañana qué? artistek bizi daben aldaketa eta ziurtasun eza islatuko dauen erakusketea da. Hori sortu ahal izateko, proposamen zehatza dakar Vivancok: iragarki bat argitaratuko dau Wroclawen, bere burua lan egiteko eskainiz orain arte lortutako gaitasun eta ezagutza guztiakaz baina ezelako ordainsaririk eskaini barik. Arteagaz lotura zuzena ez dauen alorrean egingo dau lan, bigarren mailakoak izan dituan ogibideetatik bere proiektu nagusia eginez, eta ekintza bera performance bilakatuz.
Proiektuaren helburua da artisten jarrerea zalantzan jartea, eta egun gizartean zelako funtzinoa beteten daben erakustea. Hori guztia egonaldian lortutako argazki, soinu eta bideoakaz osotuko dau, baita batutako ohar personalakaz be.
Vivancoren nahia da beste personakaz lan egitea, arte-sorkuntzan espezializauta ez dagozan lekuetan, parte-hartzaileen eguneroko bizimoduan barruratzea... Funtsean, bere jarduna eskaintzea. Komunikazinoaren eta hurrekotasun kulturalaren mesedetan, artearen eta bizitzaren arteko mugak hausi nahi ditu.
Diego Vivanco Gutiérrez (Barakaldo, 1988) Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederretan lizentziau ondoren, arlo bitan espezializau da: Media Artea eta Denporan Oinarritutako Artea.
Bakarkako zein taldeko erakusketa ugaritan hartu dau parte, baita argitalpen era katalogo desbardinetan be. Hainbat sari be irabazi ditu eta nazinoarteko uri desbardinetan be ibili da arte sorkuntzea garatzen, esaterako Berlinen, Leipzig-en, Wasserburgen, Greifswald-en edota Kadiköy-en.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!