Euskalkien eta herri-hizkeren inguruko erakusketea ipini dabe Bilboko Zabalguneko eraikinean

Dabi Piedra 2016-05-03 15:08   Euskerea berbagai

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren zazpigarren liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak Bilbon, Zabalguneko eraikinean, Euskara ibiltaria erakusketea aurkezteaz batera. Liburuaren zein erakusketearen oinarrian, euskalkiak eta herriz herriko berbetak jaso eta aztertzeko Euskaltzaindiak egindako lana dago. 1980ko hamarkadan hasitako proiektu erraldoia da Atlasa eta jakintza hori gizarteratzen hasteko ordua dala dino Akademiak.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren zazpigarren liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak Bilbon, Zabalguneko eraikinean, Euskara ibiltaria erakusketea aurkezteaz batera. Liburuaren zein erakusketearen oinarrian, euskalkiak eta herriz herriko berbetak jaso eta aztertzeko Euskaltzaindiak egindako lana dago. 1980ko hamarkadan hasitako proiektu erraldoia da Atlasa eta jakintza hori gizarteratzen hasteko ordua dala dino Akademiak.

Euskaltzaindia sortu zanetik, euskerearen aldaerak jasoteko asmoa egon da eta Gerra Zibilaren aurretik ahalegin batzuk egin ziran. Koldo Mitxelenaren akuluak bultzatuta, 1980ko hamarkadan hasi zan Atlasaren egitasmoa, metodologiarik modernoena erabilita.

Euskerea belaunaldiz belaunaldi transmitidu daben herri guzti-guztietako datuak jaso ziran, edadeko hiztunei egindako alkarrizketen bidez. Horreek datuak aztertu eta konsultarako ipinten dabil Euskaltzaindia. Hamabi liburuko bildumea izango da Atlasa. Zazpigarrena aurkeztu da Bilbon.

Etxeagaz, lurra lantzeagaz eta baserriagaz lotutako kontzeptuak batzen dira zazpigarren alean. Berba bakotxa herri bakotxean zelan esaten dan jasoten da, zerrenda bidez eta mapa koloretsuen bidez. Edukina ahal izan dogun beste aberasten ahalegindu gara, dino Adolfo Arejita Atlasaren zuzendariak. CDan eta papelean atara dabe. Euskaltzaindiaren webgunean konsultau leiteke (hemen).

Alkarlanaren eta persona askoren lankidetzearen ondorio da Atlasa, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazo dauenez. Gure aurrekoakandik ondarea jaso dogu eta gure hurrengoei pasau nahi deutsegu hori, esan dau Urrutiak, lan akademikoa da Atlasa eta gizartera heltzea nahi dogu.

Hizkera bizirako iturri parebakoa dira herri-hizkerak, azpimarratu dau Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Hartara, euskera batua eta euskalkiak ez dirala alkarren kontra ipini behar ohartarazo dau, alkarren osogarri diran ezkero. Batuaren odola dira herri-hizkerak eta kaleko berbetea, ganeratu dau Urrutia euskaltzainburuak.

Iraganean hasi eta honaino heldu dan proiektua da hau, baina begiradea etorkizunean dauka, adierazo dau Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendariak. Atlasean jasotako hizkerek etorkizuneko euskerea eregiteko daukien garrantzia aitatu dabe erakundeetako ordezkari guztiek.

Era berean, herri-hizkeren aberastasuna eta euskereak leku bakotxean euki dauen garapena modu grafikoan ezagutzeko aukerea emoten dabe Atlasaren liburuek. Batutako kontzeptu asko galduta dagoz orain, bizimodua be aldatu egin dalako, dino Arejitak. 1992ra arte egin ziran grabazinoak eta, beraz, lekuko batzuk hilda dagoz dagoeneko. Gure zuztarrak ezagutzeko garrantzitsua da Atlasa, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ganeratu dauenez.

Hain zuzen be, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa zelan egiten dan eta zelako jakintzea batzen dauen jenteari azaltzeko asmoz zabaldu dabe Euskara ibiltaria erakusketea. Maiatzaren 27ra arte ikusi ahal izango da, Zabalguneko eraikinean. Adibide grafikoen bidez, herriz herriko hizkerak zelan aztertzen diran kontetan da, panel handietan. Bilketan erabilitako objektuak, argitalpenak eta abar dagoz, ganera, kristalezko mahai batzuetan.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa datuetan:

Herriak: 132 (bertako euskerea gaur eguneraino gorde daben guztiak)

Lekukoak: 145

Grabazinoak: 4.000 ordu

Jasotako berbak: 10.000 leku bakotxean (guztira, 1,4 miloe)

Arloak: Lexikoa, izenen eta aditzen morfologia, joskerea, joskera-fonetikea

Liburuak: 12 (orain arte zazpi argitaratu dira)

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu