Arte garaikidea bultzatzeko Eremuak programea herrietara zabalduko da aurten
2016-05-03 14:25 KultureaPello Irazuren, Itziar Okarizen eta Leire Vergararen gidaritzapean, seigarren urteari ekin deutso Eremuak programeak. Euskal arte garaikideari testuingurua ipintea eta sortzaileei aukerak emotea dira helburu nagusiak. Artea gizarteratzeko asmoz, Harriak ekimena egingo dabe lehenengoz, Eremuak hainbat herritako kultur etxeetara eroateko.
Pello Irazuren, Itziar Okarizen eta Leire Vergararen gidaritzapean, seigarren urteari ekin deutso Eremuak programeak. Euskal arte garaikideari testuingurua ipintea eta sortzaileei aukerak emotea dira helburu nagusiak. Artea gizarteratzeko asmoz, Harriak ekimena egingo dabe lehenengoz, Eremuak hainbat herritako kultur etxeetara eroateko.
Bilbon egin dabe Eremuaken aurtengo asmoen aurkezpena. Izan be, aurreko bost urteetan Gasteizko Artiumen euki dau egoitzea eta, aurrerantzean, Bilboko Azkuna Zentrora aldatuko da. Halandabe, proiektu dinamikoa da Eremuak eta leku askotara helduko dira haren ekimenak.
Eusko Jaurlaritzako Kultura arduradun Joxean Muñozek azpimarratu dauenez, artistak dira Eremuak proiektuaren nondik norakoak zehazten dituenak, erakunde publikoakaz alkarlanean. Gaur egun, Itziar Okarizek, Pello Irazuk eta Leire Vergarak zuzentzen dabe egitasmoa. Artearen munduko eragileek erabagiten dabe Eremuaken norabidea, eurak diralako ingurunea eta beharrizanak ondoen ezagutzen dituenak, dino Muñozek.
Aurreko edizinoetan abiatutako arloei, barrikuntzak gehitu deutsiez aurtengo egitarauan. Harriak egitasmoa da nobedaderik handiena. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kultur etxeetan garatuko dabe Harriak: Erakusketak eta arteagaz lotutako ekintzak egingo ditue. Lehenengo ekitaldi honetarako, bost kultur etxe aukeratu ditue, Gueñes, Dulantzi, Lekeitio, Arrasate eta Andoain.
Pello Irazuk azaldu dauenez, gogoeta baten ondorioz sortu zan Harriak. Hutsune bi betetera dator: Batetik, artista gazteek ez daukie euren sorkuntzea modu naturalean garatzeko aukerarik, bitartekoak behar ditue. Bestetik, kultur etxeetan arte garaikideak espazio gitxi dauka. Hutsune biak konpondu nahi izan doguz, dino Irazuk, ganera, herrietara eroan nahi izan dogu, ez urietara, publiko barrietara heltzeko asmoz.
Nazinoarteko erresidentziak izango dira beste nobedadeetako bat aurtengo Eremuaken. Horrezaz gan, aurreko urteetako ekimenei helduko deutsie. Barriro egingo dabe deialdi edegi eta iraunkorra, sortzaileen ekimenak babesteko. Gizartean eragina eukiko daben proiektuak bultzatuko doguz, adierazo dau Itziar Okarizek. Izan be, ez da soruntzea huts-hutsean sustatzeko deialdi bat, artearen eta gizartearen hartu-emonerako tresnea baino.
Eremuak bera be, gizartearen eta artearen arteko loturatzat aurkeztu dabe. Era berean, artisten beharretara egokitutako egitasmoa dala dinoe bultzatzaileek. Izen handiko artistak daukaguz, baina euskal artearen testuingurua eta ehuna sortu nahi doguz, dino Joxean Muñozek. Hartu-emon bizia sortu nahi dogu, artisten artean eta gizarteagaz.
Arte garaikidea eta Eremuak proiektuaren ardatzak gizarteratzeko, aldizkariaren hirugarren alea plazaratuko dabe aurten. Artearen pedagogiari arreta handia eskainiko deutsagu, zehaztu dau Leire Vergarak. Udagoienerako prest egongo da aldizkaria. Era berean, artistei eskainitako koaderno gehiago be atara nahi ditue, urtero gitxienez koaderno bat ataratea da asmoa.
Azkuna Zentroa Eremuaken egoitza barria izango dan ezkero, jardunaldi edegiak egiteko asmoa daukie, aurreko urteetan Artelekun eta Bilbao Arten egin diranen modukoak. Edozelan be, bultzatzaileek garbi adierazo dabe Eremuak proiektu dinamikoa dala eta beharren arabera mobiduko dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!