Maiatzaren 8an, errotak, naturea eta kirola buztartuta Zeanuriko Erroten XI. Ibilaldian
2016-04-25 11:57Aurten XI. edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileek adierazo dabenez, helburuak betikoak dira: batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea eta azkenik, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez pasetako aukerea eskaintzea.
Maitzaren 8rako atondu dau Joko Alai Alkarteak 2016ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten hamaikagarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileek adierazo dabenez, helburuak betikoak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea eta azkenik, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez pasetako aukerea eskaintzea. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, danetara hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan —Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.
Antolatzailea Joko Alai Alkartea da eta laguntzaileak, barriz, Gastronomía Cantábrica, Lankidego Lantalde, Zeanuriko Udala, Gorbeialde, Sagarna Txokoa, Zeanuriko Jubilatuen Tabernea eta Arratiako Gurutze Gorria.
Ibilbide bi: luzea eta laburra
Ibilbide bi atondu ditue antolatzaileak, bata luzea, 18 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 12 kilometrokoa, umeentzako edo ondo preparauta ez dagozanentzako egokitua, jan-edana banatuko dan tokitik helmugara zuzentzen dana.
Urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek. Urtegia atzean itxi eta berehala Barrengoerrota topauko dabe, Beretxikora errekatxoaren ertzean. Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera bajatuko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutse bideari —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro aurrera, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica-k. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira; helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa, eta bisitetako aukerea izango da, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Ibilbidea 18 kilometrokoa izango da baina ibiltariei mereziduko deutse ahaleginak, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udabarrian natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabelako.
Zeanuriko errotak
Ander Manterolak bere Industrias tradicionales en Zeanuri (Bizkaia). I. Molinos harineros ikerketa lanean dinoanez, XIX. gizaldiaren amaierarantz Zeanurin sei burdinola eta hamazortzi errota egozan. Ordutik hona jarduera biak indarra galduz joan dira, holan burdinolen krisiak lantegi horreen desagerpena ekarri eban XIX. gizaldiaren bigarren zatian. Gainbehera horren ondorioz, jente asko labrantzara itzuli zan; nekazaritzara lur gehiago zuzentzeak, uzten ugalketea ekarri eban eta ondorioz eihotzeko premina gero eta handiagoak erroten beharrizana be ekarri eban. Beraz, burdinola batzuk errota bihurtu ziran, hori jazo zan Lanbreabegaz, Ibargutxigaz, Altzibergaz eta Olabarrigaz.
Bestalde, erroten agonia XX. mendearen erdialderantz larriagotu egin zan. Orain dala 45 urte Zeanurin 11 errota lanean baegozan, 1979an 3k bakarrik eihotzen eben, euretako bik etxerako; gaur egun, batek bakarrik egiten dau lan eta berak era testimonialean, Olabarriko erroteak hain zuzen be; beste bat, Ibargutxikoa, noizean behin jarten dabe martxan.
Zeanurin ezagutu diran errota guztiak hidraulikoak izan dira eta udalerriko lau erreka nagusien inguruan eregi ziran:
- Arratia errekea: Lanbreabe, Ibargutxi, Alkiber, Errotabarri, Altziber eta Olabarri.
- Beretxikortakorrekea: Goikoerrota, Erdikoerrota, Barrengoerrota eta Undurraga.
- Uribeko errekea: Atxiti, Intxaurbe, Axpe eta Zulaibar.
- Asterriko errekea: Ibarre, Landaburu, Akeuri eta Uribiarte.
Hamazortzi errota horreetatik lau burdinola izan ziran: Lanbreabe, Ibargutxi, Altziber eta Olabarri. Beste bi ola be egon ziran: Olazar eta Undurragako Olabarri.
Bisitauko diran errotak: Ibargutxi eta Olabarri
Ibilbidean zehar bederatzi errotaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan —Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko, errotea lanean ikusteko eta osotzen daben atalak bertatik bertara ezagutzeko aukerea izango dabe.
- Ibargutxiko errotea: Ipiñaburuko kofradian dago. XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harriak 1950erantz itxi eutson lan egiteari. 1945ean, errotearen azpiko aldean turbina bat eta generadore bat jarriz argindarra produziduten hasi ziran Ibargutxin, eta 1978ra arte gitxi gorabehera Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzen eben elektrizidadea.
Ibargutxiko errotearen instalazinoak guztiz zaharbarrituta dagoz, eta oraindino, noizean behin etxerako garia edo artoa eihotzen dabe jaubeek; horrezaz gan, generadorearen bitartez etxerako argindarra be produziduten dabe.
Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zan. Gaur egun Bitoriano, Satur eta Mª Jesus bere seme-alabak dira jaubeak, eta errotea zaharbarritzeaz eta ingurua txukun-txukun mantentzeaz arduratzen diranak.
- Olabarriko errotea: Ibarguen kofradian dago. Jatorriz burdinolea izan zan eta Zeanuriko patronoa zan Arriola familiaren jabetzea. Pujanatarren aurretik Manterola familiak ustiatu eban, 1898ko zemendiaren 30ean, San Andres egunean, Isidro Pujana, errentari moduan, errotearen kargu egin zan arte. XX. gizaldiaren erdirantz, Benigno Pujanak —Isidroren semeak— errotea erosi egin eutsen Arriolatarrei. Benignok errotari lanetan jardun eban 1995eko urri bigarrenaren 11n hil zan arte. Aitaren heriotzearen ostean, Fermin semeak errotearen zaharbarritze lanei heldu eutsen eta hor darrai gaur egun be jo eta ke apurka-apurka txukunduz.
Olabarriko erroteak hiru harri daukaz eta, gehienbat arrazoi sentimentalakaitik bada be, betiko bezeroen eskariari erantzuteko martxan dagoan Zeanuriko errota bakarra da. Benigno Pujana —herriko azken errotari profesionala— hildakoan, bere alaba Ana Mari izan da lekukoa hartu dauena, azken ehun eta hamaika urteetan familiaren ogibidea izan dan ofizioari bizirik eusteko.
Errotearen ondoan burdinolearen arrastoak azaltzen dira eta gaur egun, hormak zaharbarritzen dabiz. Burdinolean erabilitako balantzea be errotan gordeten da.
Errotagintzearen ganeko gorabeherak ezagutu gura dituenek Olabarrira hurreratzea baino ez daukie, Pujana familiak bisita gidatuak antolatzen ditualako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!