ETS taldeak 2027ko martiaren 13an emongo dau kontzertua, Gasteizko Buesa Arenan

Bizkaie! 2026-04-29 10:50   Musikea

Agortu egin dira 2027an etxera bueltan eroango dituan Etxean ikuskizunerako aurresalmentan eskuragarri egozan 30.000 sarrerak.

Hiru gau. Euskerazko musikarako mugarri izandako ibilbidearen ondoren heldu da. BEC entzutetsura 45.000 persona batu eta Bartzelonako Palau Sant Jordin eta Madrilgo Movistar Arenan historia egin ondoren, ETSk beste erronka bati ekingo deutso, oraingo honetan euren jaioterrian, Etxean ikuskizunagaz. Madrilgo eta Bartzelonako kontzertuek proiektuaren egungo garrantzia erakutsi dabe: zazpi hilabete baino gehiagoko lana, 100 personatik gora oholtzan eta 300-350 profesional inplikauta. Zuzenekotik harago, ETSren inpaktuak gora egiten jarraitzen dau. Madrilgo Movistar Arenan emon eban azken kontzertu handiaren emonaldiak, EITBren bitartez, 207.000 ikusle izan zituan, eta zuzeneko formatua gainditzeko eta audientzia masiboakaz konektetako gaitasuna berretsi eban talde arabarrak.

Etxean aurrekaririk bako ekitaldia izango da: 360 graduko ikuskizuna, agertokia Buesa Arenako erdigunean dauena, orain arte Araban euskeraz egindako ekitaldirik handiena izatea espero da. Hamarkada bi baino gehiagoko ibilbideagaz, ETSk eszenatoki masiboetara eroan dau euskerea eta musikatik harago doan fenomeno kultural bihurtu dau bere proposamena. Etxean jatorrira bueltetea da. Eta jatorri hori etxea da. Hitzordu barrirako sarrerak eskuragarri dagoz entolsarmiento.com eta lasttour.org. Erakundeak ohartarazo dau erabilgarritasuna oso mugatua izango dala.

Etxean

Gasteiz, Buesa Arena.

2027ko martiaren 13an, zapatuan. Erosi sarrerak hemen.
2027ko martiaren 19an, barikuan, SARRERAK AGORTUTA.
2027ko martiaren 20an, zapatua, SARRERAK AGORTUTA.





Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu