David de Haro: 'Emakume argazkilari bikainen lana ezagutarazotea behar- beharrezkoa da'

Koldo Isusi Zuazo 2016-04-25 10:41   Barriketan

I. Baffest, Barakaldo Foto Festivaleko zuzendaria

I. Baffest, emakumeen sormen-lanak protagonista izango dituan lehenengo erakusketea bagilaren 12tik garagarrilaren 3ra izango da, lanbidea argazki sorkuntzara bideratu daben emakumeen lanak bistaratzeko lehenengo jaialdia. David de Haro argazkilari barakaldarrak eta Luis Benito kultur kudeatzaileak osotzen daben Fotopop kultur produkzino-enpreseak bultzatu dau egitasmo hau, aspalditik emakume argazkilariek egin izan daben lanari balioa emoteko.


1.- Emakume argazkilariak protagonista izango dituan jaialdia da Baffest. Zergaitik? Beharrezkoa zan era horretako jaialdi bat?

Bai, sektorean gizonezkoak nagusi izan arren, gizartean dagozan emakume argazkilari bikainen lana ezagutarazo eta bakotxari merezidu dauen balioa autortzea normala eta behar-beharrezkoa begitantzen jaku. Gizarteak, kasu batzuetan gureztala eta beste batzuetan gurata, emakume argazkilarien lanari ez deutso behar besteko zabalkunderik emon eta arazo horri konponbidea emoteko helburuagaz dator Baffest. Generoari baino gehiago lanen kalidadeari erreparauta, profesional onak zein txarrak topauko doguz gizonezkoen artean eta bardin emakumeen artean be eta, esangura horretan, bakotxari berea autortzea da zentzunezkoa.


2.- Jaialdiaren beste helburu bat argazkiaren bitartez gai sozialen ganean herritarrak sensibilizetea da eta bidebatez Bararakaldo argazki jaialdien mapan kokatzea...

Bai, holan da. Barakaldo herria mapan kokatzeaz gan, lehenengo edizinoaren antolakuntzan, gure ardurea izan da eta izango da beti gizartean behar dan moduan ezagutzen ez diran edo arrazoi bategaitik edo besteagaitik nahikoa zabalkunderik ez daben gaiak ezagutzera emotea. Beraz, erakusketa berezi zein dokumentalen bitartez ahaleginduko gara aitatu gai sozialak ikusleei helarazoten.


3.- Lehenengo edizinoko kartela Sara Prieto ilustratzaile eta diseinatzaile barakaldarrak egin dau. Enkargua izan da ala lehiaketa bidezko hautaketa prozesua egin dozue?


Enkargua izan zan. Sortze prozesuaren zati bat Fotopop, musikea eta argazkilaritzea ardatz dituan produkzino etxeagaz egindako batzar batean zehaztu genduan eta emoitzeagaz oso pozik gagoz, lan ederra egin dau Sara prietok.


4.- Argazki galeria erraldoia osotuz, ibilbide interaktiboa proponiduko dozue, Barakaldoko bost puntu batuko dituan ibilbidea. Zer ikusiko dau Barakaldora hurreratzen danak?

Ez da interaktiboa edo alkarreragilea izango. Ikusleak herrian zehar paseoan doala ikusiko ditu argazki erakusketak, izan be, leku desbardinetan egongo dira kokatuta formato handiko argazkiak. Kontzeptua ez da barria, artea, kulturea kalera ataratearena baina sano interesgarria da herritarrak artelanak dagozan lekuetara joaten ez badira kontrako bidea proponidutea edo behintzat artelanak herritarrei hurreratzea. Zorionez gero eta jente gehiago hurreratzen da argazkilaritzearen mundura, arlo bisualari upealako garrantzia emoten deutsagu, egin danok egiten doguz argazkiak baina interesgarriena adi-adi egon eta momentua harrapatzen jakitea da; berbarako, liburuak be danok irakurten doguz baina ez gara hasten idazten, ez behintzat maila profesionalean, liburuaz gozetan badakigu, idazteko tentazinorik barik...


5.- Publiko adituarentzat egongo da ekitaldirik?

Adituentzat baino gehiago argazkilaritzeagazko interesa izan leikien herritarrentzako jarduerak izango dira herrian. Argazki erakusketez gan, mahai-inguruak, berbaldiak, bisita gidatuak, bookjockey, ekintza solidario bat, kontzertu bat eta umeentzako argazki lehiaketea antolatu doguz eta, akaso, horreetako batzuetan, profesional edota adituentzako interesgune bereziak izango dira.


6.- Baffest jaialdian 4 argazkilariz osotutako erakusketa nagusi bat izango da eta oraingoz dakiguna da Cristina GarcÌa Rodero (Puertollano, 1949) tartean dala. Beste izenik aurreratu zeinke?

Oraingoz, Miren Pastor nabarmenduko neuke, bookjockey bat egingo dau, argazkiak irakurten jakiteko tailerra. Baina horrezaz gan, argazki bilduma ederra ekarriko dau, gauza handirik ezin deutsut aurreratu baina Miren pastorren instalazinoa sekulakoa izango da. Eta horrek ez dau esan gura falta diran beste biak gitxiago izango diranik...


7.- Lehiaketa atalean, barriz, lau euskal argazkilari aurreikusi dozuez: Helena Goñi (Bilbao, 1990), Ainhoa Resano (Iruñea, 1974), Inma Barrio (Bilbao, 1979) eta konbidadu legez Marina Gondra (Barakaldo, 1989). Epaimahaia nortzuk osotuko dozue?

Oraindino epaimahaiaren osoketea zehaztu barik dago baina holako kasuetan ohikoa dan legez, aditu taldea egongo gara eta ahalik eta ebatzi zehatzena emoten saiatuko gara.

Aitatu dozuzan argazkilariei jagokenez, laurak dira euskaldunak eta maila handikoak eta konbidadua, barriz, barakaldarra. Hemengo argazkilarien alde egitea be bada gure helburuetako bat eta bada non aukeratu. Kontua da ze aurtengo irabazlea datorren urteko konbidadua izango dala.


8.- Jaialdian nazinoarteko argazkilariek parte hartzea ez dozue aurreikusi?

Bai, munduan argazkiaren arloan puntaren puntan dabizan sortzaileak gurera ekartea be bada Baffesten helburuetako bat eta datozen edizinoetan bide horretatik jo gura geunke.


9.- Argazkilari amateur edo zaleek ze tarte izango dabe jaialdian?

Aurkezpenean ez genduan honetaz ezer zabaldu baina aurrerago emongo dogu lehenengo edizino honetan izango dogun tarte berezi baten barri eta hor lekua izango dabe amateur edo zaleek. Ganera, argazkilari askoren mezu eta eskabide ugari jasoten gagoz egunotan eta saiatuko gara datozen edizinoetan horreei guztiei lekua egiten.


10.- Etorkizunari begira ze asmo dozue?

Lehenengoa hasi barik goizegi da bihar-etzikoetan pentsetan hasteko baina gure asmoa bada jarraitzea. Barakaldoko Udalak babes osoa emon deusku eta Fotopop produkzino-etxearen lehenengo mobimentua be argia izan da Baffest jaialdiaren alde. Orain arte jazo dogun feedbacka sekulakoa izan da, ezusteko positibo asko hartu doguz eta etorriko diran edizino barriei begira amesetan jarraitzen dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu