Joanes Illarregi eta Beñat Mujika nagusi Nafarroako eta Gipuzkoako Eskolartekoetan

Bizkaie! 2016-04-18 15:17   Bertsolaritzea

Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi nafarrek eta Beñat Mujika eta Aizpea Garmendia gipuzkoarrek datorren bagilaren 4an, Ereñozun, ospatuko dan Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean abestuko dabe.

Apirilaren 15ean Altsasuko Itsasi euskaltegian jokatutako 14-18 urte bitarteko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketearen 30. edizioan, Joanes Illarregi izan da bigarrenez txapelduna. Danetara, zortzi bertsolari gaztek hartu eben parte lehenengo fase edegi batean. Gai orokorragaz, lau oinakaz eta berbea emonda bertsoak osotu ostean, Xabat Illarregi (Leitza), Joanes Illarregi (Leitza), Idoia Granizo (Altsasu) eta Ekain Alegre (Altsasu) ibili ziran bigarren fasean. Azkenean, Joanesek jantzi eban Nafarroako bertsolari gazteen txapela eta Xabat Illarregi, barriz, bigarren sailkatua izan zan. Biek ordezkatuko dabe beraz Nafarroa, datorren bagilaren 4an Ereñozun jokatuko dan Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. 


Beñat Mujikak irabazi dau Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketea

Astegoienean, Eibarren jokatu dira Eskolarteko Bertsolari Txapelketea eta Bertso Eskolen Eguna. Gipuzkoa osoko 200 ume izan dira parte-hartzen. Goizean, Gipuzkoako Eskolarteko bertsolari txapelketea jokatu zan Coliseoan eta, arratsaldean, Bertso Eskolen Egunaren harira atondutako jolasak izan zituen gaztetxuen gozagarri.

Goizeko 11:30ean, hasi zan txapelketako saioa eta kanporaketatik sailkatutako zortzi bertsolariak aurkeztu zituan Mikel Artolak: Aizpea Garmendia, Andoni Mujika, Ane Peñagarikano, Beñat Mujika, Gontzal Belategi, Itziar Mendia, Libe Goenaga eta Urko Arregi. Azkenean, 300 entzule ingururen aurrean, Beñat Mujika izan zan txapelduna eta Aizpea Garmendia txapeldunorde. Beraz, bagilaren 4an, Ereñozun, ospatuko dan Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean abestuko dabe biek.


Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea

Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea maiatzaren 3an hasiko da eta finala, barriz, 22an jokatuko da.


Eskolartekoa

Lehia formatuko ekimen honegaz batera, Eskolartekoa, ikasturtean zehar egiten diran bestelako ekimenen bildumea da: bertso-kopauak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketea... Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jentaurrean erakutsi ahal izateko, euren artean hartu-emonak sendotzeko, hurrekoak bertsozaletzeko, ahozkotasuna eta euskerea klasetik kanpo lantzeko... aukerea emoten daben egitasmoak dira Eskolartekoa osotzen dabenak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu