Euskadiko ikasle bat lehenengoz lehiatuko da Nazinoarteko Matematikako Olinpiadan
2016-04-13 10:41Martín Ortiz Bilboko Eskolapioak ikastetxeko ikasleak bigarren urrezko dominea irabazi dau Estaduko 52. Matematikako Olinpiadan eta, ondorioz, garagarrilean Hong Kongen (Txina) jokatuko dan Nazinoarteko 57. Matematikako Olinpiadan parte hartuko dauen Espainiako taldeko kide izango da.
Martín Ortiz Bilboko Eskolapioak ikastetxeko ikasleak bigarren urrezko dominea irabazi dau Estaduko 52. Matematikako Olinpiadan eta, ondorioz, garagarrilean Hong Kongen (Txina) jokatuko dan Nazinoarteko 57. Matematikako Olinpiadan parte hartuko dauen Espainiako taldeko kide izango da. Batxilergoko lehen maila ikasten dabilen Ortizek, brontzezko eta zilarrezko dominak irabazi zituan aurreko bi edizinoetan. Ganera, irailean Txilen jokatuko dan Matematikako 31. Olinpiada Iberoamerikarrean parte hartzeko hautagaia be bada.
Martín Ortizek irabazitako dominaz gan, Roberto Villarejo Bilboko Nuestra Señora del Carmen ikastetxeko ikasleak hirugarren brontzezko dominea irabazi dau, 21. postuan sailkatu baita.
Loiuko Urdaneta ikastetxeko Jorge Laka Calzada izan da Euskal Herriko ordezkaritzea osotu dauen ikaslea. Espainiako 52. Matematikako Olinpiadan 77 ikaslek parte hartu dabe, bakotxa bere erkidegoko lehiaketan sailkatua.
Espainiako 52. Matematikako Olinpiadan lortutako emoitzak, Euskal Herriko ordezkaritza batek inoiz lortu dituan onenak izan dira. Lehiaketa honen antolakuntzako kide diran UPV/EHUko Matematika ataleko irakasleak oso pozik agertu dira: Zorionik beroenak Matematikako Olinpiadako euskal ordezkaritzea osotu daben guztiei egindako esfortzuagaitik! Uste dogu, arrakasta honek gure ikasleak motibetako eta etorkizuneko ekitaldietan parte hartzen animetako balioko dauela.
Era berean, nabarmendu behar da, Martín Ortiz eta Roberto Villarejo dominadunek sarritan parte hartzen dabela UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Matematika ataleko irakasleek bultzatuta aspalditik egiten dan Matematiken tailerrean.
Matematikako Olinpiaden helburua, kiroltasun eta zientzia giro batean, batxilergoko ikasleen artean matematika ikasketak zabaltzea eta matematikako problemei soluzinoa atopetako gustua handitzea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!