Euskerearen erabilerea bultzatzeko hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak

Bizkaie! 2016-04-05 15:23   Euskerea berbagai

Uria euskaldunago bihurtzeko sinatu dabe lankidetza hitzarmena Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak. Akordio horren bidez, erakunde biek euskerea eta euskal kulturea zabaltzeko jarduerak antolatuko ditue. Akademiak hizkuntza arloko aholkuak emongo deutsez udaleko zerbitzuetako beharginei.

Uria euskaldunago bihurtzeko sinatu dabe lankidetza hitzarmena Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak. Akordio horren bidez, erakunde biek euskerea eta euskal kulturea zabaltzeko jarduerak antolatuko ditue. Akademiak hizkuntza arloko aholkuak emongo deutsez udaleko zerbitzuetako beharginei.

Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak 2008an sinatu eben alkarren arteko lehenengo lankidetza hitzarmena. Harrezkero, barritzen eta eguneratzen joan dira orduan adostutakoa. Oraingoan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dabe agiria. Eurakaz egon dira ekitaldian Koldo Narbaiza zinegotzia eta Xabier Kintana, Adolfo Arejita eta Erramun Osa euskaltzainak.

Bilboko Udalak, Hezkuntza eta Euskera Sailaren bidez, 15.750 euro emongo deutsoz Akademiari, euskal literaturearen ikaskuntzan erabilteko, urian euskerearen erabilerea bultzatzeko eta aholkularitza linguistikoa emoteko. Alde biek adostu dabe euskerea bultzatzeko berbaldi, erakusketa, ikastaro eta antzekoak antolatzea.

Hitzarmenaren lehenengo emoitzea datorren hilean, maiatzean, ikusiko dabe bilbotarrek. Euskara ibiltaria izeneko erakusketea aurkeztuko dau Euskaltzaindiak, Euskerearen Herri Hizkeren Atlaserako egiten dan lana gizarteratzeko.

Euskereagaz dogun konpromisoa barritzen dogula esan nahi dau hitzarmen honek, adierazo dau Juan Mari Aburtok, euskerearentzat espazioak berreskuratu behar doguz.

Era berean, bai Aburtok eta bai Urrutiak be, hitzarmenak euskerearen erabileran eukiko dauen eragina azpimarratu dabe. Erakunde bien arteko alkarlanari esker, bilbotarrek euskeraz sarriago berba egiteko aukerak emon nahi ditue. Bilbo euskaldun hau euskaldunagoa izan daiten, Andres Urrutiak adierazo dauenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu