Udabarriko fasea eukiko dau, aurten lehenengoz, Bizkaiko Bertsolari Txapelketeak

Dabi Piedra 2016-04-04 13:58   Bertsolaritzea

Apirilaren 10ean hasiko da 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea eta antolatzaileek aurreratu dabenez, aldaketak ekarriko ditu. Lehenengo aldiz, udabarriko fasea eukiko dau, udagoieneko ohiko fasera nortzuk pasauko diran erabagiteko. Bederatzi saiotan, 56 bertsolarik parte hartuko dabe aurreko fasean, domekan Berrizen hasita.

Apirilaren 10ean hasiko da 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea eta antolatzaileek aurreratu dabenez, aldaketak ekarriko ditu. Lehenengo aldiz, udabarriko fasea eukiko dau, udagoieneko ohiko fasera nortzuk pasauko diran erabagiteko. Bederatzi saiotan, 56 bertsolarik parte hartuko dabe aurreko fasean, domekan Berrizen hasita.

Hausnarketearen ondorio da formatu barria, azaldu dau Bizkaiko Bertsozale Alkarteko presidente Asier Ibaibarriagak. Bertsolariakaz eurakaz berba eginda, sumatu dabe eskualdeetako sailkapen faseak agortuta egozala, haize freskoa behar zala. Holan, eskualdeko faseei eutsi deutsie, baina txapelketatik bereizita, eta udabarriko fasea sortu dabe.

Orain arte, eskualdeko faseen bidez erabagiten izan da nork jokatuko zituan udagoieneko kanporaketa nagusiak. Aurrerantzean, bederatzi saioko fase barrian banatuko dira udagoienerako txartelak. Bizkai guztiko bertsolariak batuko dira hor, eta ez dau bakotxak bere eskualdean kantauko.

Udabarriko fasean 56 bertsolarik emon dabe izena. Txapelketako komunikazino arduradun Maddi Ibaibarriagak azpimarratu dau, 19k lehenengoz parte hartuko dabela txapelketan. Bizkaiko eskualde guztietako bertsolariak egongo dira, nabarmendu dau Ibaibarriagak.

Lehenengo saioa apirilaren 10ean jokatuko da, Berrizeko Kultur Etxean. Maiatzaren 22ra arte, Bermeo, Erandio, Ondarroa, Derio, Gueñes, Orozko, Arrigorriaga eta Getxon be ibiliko da udabarriko fasea. Puntuazinoaren arabera, onenak udagoieneko fasean izango dira. Bertan batuko jakez inoz Bizkaiko finalista izan diranak, horreek udagoienerako txartela badaukie eta.

Udagoienean 30 bertsolari lehiatuko dira. Lehendik finalista izandako zenbatek emoten daben izena, horren arabera jakingo da udabarriko faseko zenbat pasetan diran azken kanporaketetara. Finala, ohiko moduan, abenduan izango da.

Formatu barriagaz, freskotasuna emon nahi deutsie txapelketeari, eta belaunaldi barriei parte hartzeko aukerea emon. Hileotan egindako lanari esker, ganera, gai-jartzaile eta epaile barri asko be sartuko dira aurten, Maddi Ibaibarriagak gogoratu eragin dauenez.

Txapelketa honetarako aukeratu daben irudiak be, aldaketarako nahia adierazoten dau. Saltoa emotea da gure helburua, saltoa bertsokeran eta saltoa plazara, dino Maddi Ibaibarriagak. Ganera, irudiagaz, idea nagusi bat be adierazo nahi dabe: Eskura daukaguna hartu eta moldatu, ondo pasetako, hori da irudian  egin doguna eta hori da bertsolariek egiten dabena. Txapelketako mezua Joseba Etxebarria larrabetzuarrak idatzi dau.

1958an jokatu zan lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketea eta aurtengoa 22. edizinoa izango da. Gure geurea dan bertsolaritzea kalera ataraten segidu behar dogu, oihartzuna euki daian, adierazo dau Lorea Bilbao Bizkaiko kultura diputaduak. Txapelketea antolatzeko alkarlanaren balioa azpimarratu dau Bilbaok. Formatu barriagaz indarbarrituta dator txapelketea.

Informazino guztia Bizkaiko Bertsozale Alkartearen webgunean sortutako gunean ipini dabe. Udabarriko faseko saioetako sarrerak ez ditue aurretiaz salduko. Saio bakotxa hasi baino ordubete lehenago zabalduko dabe txarteldegia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu