Imanol Agirre: 'Loraldiaren egitarauan sartu dogun guztiak barritzailearen markea dauka'
2016-04-04 10:35 BarriketanLoraldia jaialdiko zuzendari artistikoa
Loraldia jaialdiari esker, Bilbo erdigunea hartuko dau euskal kultureak, apirilaren 9tik 24ra. Era guztietako sortzaileak batuko dira, euskal kulturako jokera barritzaileenak erakutsi eta zabaltzeko asmoz. Euskereak kulturgintzan askotariko aukerak emoten dituala aldarrikatu nahi dabe. Musikea, antzerkia, jantzea, literaturea, zinemea, bertsolaritzea eta performanceak dagoz egitarauan, baita pastoral bat be.
Igazko lehenengo edizinoaren aldean, oparoagoa da aurtengo proposamena. Euskal kulturearen udabarriko erreferentzia bihurtzeko bidean beste pausu bat da, Imanol Agirre Loraldiko zuzendari artistikoaren esanetan.
1.- Hamasei eguneko egitaraua antolatu dozue aurten, igazko lau egunen aldean. Asko hazi da Loraldia urte batetik bestera.
Igaz esan genduan lehenengo urratsa emoten gengozala eta gure asmoen zertzelada batzuk emongo genduzala lehenengo urrats horretan. Aurten aurkeztu dogun egitaraua, gure asmo horretatik askoz hurrago dago. Asteburu batetik hiru asteburuko programazinora egin dogu salto, hamasei egunez, eten barik, egunero ikuskari bat, edo bi, izango dira.
Loraldiaren helburua, udabarrian kultur itsasaldi bat altzetea da, argia emotea euskal kultura garaikideari. Gurea kultura eder, askotariko eta osoa dala erakusteko etorri da Loraldia, itsasargi baten moduan, argia emoteko.
2.- Iraupena luzatzeaz gan, zertan hobetu da Loraldia igazko edizinotik aurtengora?
Bigarren urrats hau emoteko, ez dago dudarik, ezinbestekoa izan da finantziabide ederrago bat izatea. Bidaide barria topau dogu horretarako, Bilbao 700 Fundazinoa, eta horri esker, bigarren urrats hau handiagoa da. Arlo guztietan aurrerapausuak egin doguz. Musikan, adibidez, igaz rock eta folk apur bat euki genduan eta aurten, ostera, jazza, antxinako musikea, hip-hop-a eta beste adierazpen asko be badagoz. Jantza garaikidea daukagu, estreinaldiak daukaguz, produkzino propio batzuk eta abar.
Hain zuzen be, hori da guk eskaini nahi doguna: Gaurko euskal kulturea, orain egiten dana, baina etorkizunera begira jarrita. Aurten anbizino gehiago euki dogu eta estreinaldi handiak eukiko doguz, egitarauan sartu dogun guztiak badauka barritzailearen marka hori.
3.- Sortzaileek ulertu dabe zein dan Loraldiaren asmoa?
Urtebete emon dogu proiektua azaltzen eragile askori eta oraindino bide luzea daukagu. Sortzaile batzuek bat egin dabe geugaz, lortu dogu batzuek hainbat gauza udabarrirako gordetea, Loraldirako. Oraindino Loraldia ez da erreferente bihurtu, hori da gure hurrengo helburua: Euskal kulturearen urtean erreferente izatea, Durango udagoienean dan moduan, udabarrian Loraldia izan daitela. Egia esan, gure egitasmoa sortzaile edo eragile bati azaltzen deutsagun bakotxean, berba gozoak, onespena eta hurreko hartu-emona jasoten doguz. Uste dot asmau dogula non egon dan hutsunea, eta horri aurre egiteko sortu dogu formatu hau. Alkarlanean, danon artean, proiektua fintzen joan behar dogu.
4.- Publikoari jagokonez, zelan bultzatuko dozue parte hartzea?
Sormenean badoguz eskaintzeko produktu eta edukin interesgarri eta aberasgarriak. Horregaitik, gure erronkea komunikazinoan dago, ikusgarri bihurtu behar dogu euskal kulturea. Bigarren edizinoan inbersino handiagoa egin dogu komunikazinoan, baina asko dago egiteko. Gure asmoa, ganera, ez da bakarrik euskaldunakana heltzea. Erdaldunek be jakitea nahi dogu, euskal kulturan topauko dituela emozinorako tresnak. Bilbo erdian ipini doguz eszenatoki guztiak, erdaldunei esateko, begira, zeozer galtzen zabize, adi egon ze Loraldian gauza gozagarriak topauko dozuez. Eta, jakina, euskaldun guztiakana be joko dogu: Umeentzako antzerkia eta musikea egongo dira, gazteentzako emonaldiak, helduentzat be preparau doguz gauzak, publiko guztiari zabaldu nahi deutsagu egitaraua. Zale guztiek zeozer erakargarria edo pizgarria topauko dabe hamasei egunotan.
5.- 40 ekitaldi inguru antolatu dozuez Loraldian. Zeintzuk dira ekitaldirik aitagarrienak?
Beti dira deigarriak formatu handiko ikuskariak. Aurten danetarikoa daukagu, formatu handia, txikia, ertaina... Aniztasuna da gure ezaugarrietako bat. Formatu handiari jagokonez, bi aitatuko dodaz: Batetik, Bidador pastorala, Iruñean egindako pastorala, baina Zuberoako ezaugarri guztiak gordeten dituana. Pastoral modernoa da, plaza moderno baten, ze Azkuna Zentrora eroango dogu, apirilaren 9an.
Bigarrenik, Maite K izeneko ikuskizuna dago, apirilaren 23an estreinauko dogu. Camposen kokatu dogu hori eta euskal historiako zazpi emakume dira protagonistak: Inesa Gaxen, Kattalin Agirre, Mentxu Gal, Bizenta Mogel, Emiliana Zubeldia, Madalena Jauregiberri eta gaur egungo emakume bertsolariak. Pier-Paul Berzaitzek sortu dau ikuskizuna eta jantzea, musikea eta ikus-entzunezkoak daukaz. Kukai jantza taldeak eta Joxan Goikoetxeak parte hartu dabe Maite K sortzen.
6.- Egitarauaren barruan sartu dozuez, ganera, orain arte independente izan diran ekimen batzuk, Thinking Football jaialdia adibidez. Zergatik?
Eragile ugarigaz batzarrak egin doguz eta bertatik hainbat idea sortu dira. Athletic Fundazinora jo genduanean, adibidez, idea bategaz joan ginan eta eurek proponidutako idea hobe bategaz urten genduan. Holan sortu da Thinking Football film jaialdiaren barruan euskerazko film laburrak bultzatzeko asmoa. Elkar Fundazinoagaz be hainbat emonaldi antolatu doguz, literatureagaz eta musikeagaz lotutakoak. Goizalde Landabaso, Katixa Agirre, Jasone Osoro, Petti eta abar egongo dira Elkar dendetan. Azkue Fundazinoagaz be badaukagu hitzarmena, sare sozialetan euskerea berbiztuteko. Eragileakaz alkarlanean, idea barriak sortzen dira eta idea horreek Loraldiaren barruan sartzen dira normaltasun guztiagaz. Guk jaialdi horizontala antolatu nahi dogu, euskerazko kulturea bultzatzen eta barrizten dituen egitasmo guztiei ondo etorria egingo deutsegu.
7.- Bilbon egingo dozuez ekitaldi guztiak. Bilboren alde hasikeran egindako apustuari eutsi deutsazue.
Bai, bai, Loraldia sortu da Bilbon izateko. Guk esaten dogu Guggenheimen museoak Bilbo munduko mapa kulturalean kokatu ebala, eta guk munduko kulturearen mapa horretan euskerea ipini nahi dogu. Horregaitik, Bilbon, Bilboko erdigunean da Loraldia. Hamabi espazio baino gehiago erabiliko doguz, uriko erdigunean dagozan espaziorik enblematikoenak dira: Arriaga eta Campos antzokiak, Azkuna Zentroa, Rekalde aretoa, Guggenheim bera, Arte Eder Museoa, La Fundicion, Kafe Antzokia... Bilbotik mundura jo nahi dogu, euskal kulturarik barritzaileena hemen gertatzen dala zabaltzeko.
8.- Lehenengo edizinotik bigarren honetara garapen nabarmena euki dau Loraldiak. Hurrengo urteetako edizinoetan, zertan sakonduko dozue?
Aurten gure asmoetatik nahiko hur dago Loraldia eta beharrean gagoz dagoeneko 2017ko eta 2018ko edizinoetara begira. Orain arte esandako lerrotik joko dogu, hau da, sormen mundu barritzaileena Loraldira ekarten, eta esparru guztiak aintzat hartuta. Aurrerapen modura esango dot, opera bat preparetan gabilzala. Urte bi beharko doguz, baina euskerazko opera bat estreinetea da asmoa. Juan Carlos Perezen musikea eta Kirmen Uriberen testuak eukiko ditu. Azkenaldion euskerazko operarik ia ez da egon. Gero eta bide gehiagotara, idea gehiagotara zabaltzen goaz, udabarria izan daitela erreferente bat, danok jakin daigun euskal kulturan danetarikoak egiten dirala, kalidade handiz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!