'Portu Zaharra, etxez-etxe' eta 'MagicFly Experience', ondarea eta turismoa dinamizetako ekinbideak Getxon

Bizkaie! 2016-03-29 14:54

Getxoko Udalak Portu Zaharra, etxez-etxe izeneko ekimena martxan jarri dau; ibilbide bat da, Portu Zaharreko itsas-ondarea berreskuratu eta gune berezitzat nabarmentzeko, Getxok Abragaz eta itsasoagaz dauen loturearen erakusgarri. Horretarako, Turismo Bulegoak, Eusko Ikaskuntzagaz eta bertoko auzokidealaz alkarlanean, hainbat baliabide diseinau ditu bisitarien artean tokiko baloreak eta espiritua sustatzeko eta erraz ulertzeko

Getxoko Udalak Portu Zaharra, etxez-etxe izeneko ekimena martxan jarri dau; ibilbide bat da, Portu Zaharreko itsas-ondarea berreskuratu eta gune berezitzat nabarmentzeko, Getxok Abragaz eta itsasoagaz dauen loturearen erakusgarri. Horretarako, Turismo Bulegoak, Eusko Ikaskuntzagaz eta bertoko auzokidealaz alkarlanean, hainbat baliabide diseinau ditu bisitarien artean tokiko baloreak eta espiritua sustatzeko eta erraz ulertzeko. 
 
Turismo zinegotzi Irantzu Uriartek adierazo dauenez, ekimena auzoko oroimen kolektiboari eta euren bizimoduei zabaldutako lehioa da. Nahi doguna da persona guztiak, auzokideak eta bisitariak, proiektuaren parte izatea, Portu Zaharra gune bizia, kulturgintzan eraginkorra eta ingurumenagaz jasangarria izan daitela.
 

Seinaleak

Portu Zaharreko ibilbidea egiteko auzoko 50 etxebizitza identifikau eta, lehenengo fasean, 33 hautatu ditue. Horreetan plaka bana ipini dabe etxeko izena, eraikuntzea noizkoa dan eta informazino gehiago (beste izen batzuk, biztanleen ogibideak, lehenengo jaubea, antxinatasuna …) zabaltzen dauen QR kodea agiri dala. Ibilbidea 2004an, Mikel Gorrotxategi Nietok eta Sofia Suso Otxoa de Eribek egindako Getxoko leku izenak izeneko ikerketan oinarrituta dago.

Era berean, ondarearen interpretazinorako hiru panel ipini ditue: Zerumuga begiztatzen, Aretxondo kaleko goiko partean; Abra, Getxoko itsasoa, Ereaga moila kaleko beheko partean (Itxas-Bide tabernaren aurrean), eta Portu Zaharraren espiritua, Etxetxu erdiko gunean.


Ibilbide birtuala 

Turistek normalean egiten daben ibilbidea zabaltzeko asmoz (moilea, eskailerak, plazea...), terrazetatik, tabernetatik eta jatetxeetatik kanpo, ibilbide birtuala diseinau dabe Portu Zaharrean zehar, eskuko telefonoen bitartez egitekoa. App honen funtzino nagusia da ibilbide toponimikoak osotzen dituen Portu Zaharreko etxebizitzak kokatzea. Halan da be, hainbat  informazino ditu Portu Zaharreko tabernei eta jatetxei, oroigarri-dendei eta Algortako Azokeari buruz.

Aplikazinoa eskuragarri dago lau hizkuntzatan (euskerea, gaztelerea, ingelesa eta frantsesa) eta osasunari eskainitako atal bat be badauka: kirola egiteko paseoak eta aholkuak emoten ditu bizitza osasungarria eroateko. Ganera, personearen pisua eta altuerea sartuta, konsumidutako kaloriak zenbatzea eta ibilitako distantzia neurtzea ahalbidetzen dau.


Errezeta-liburua

Portu Zaharreko etxeetan eta jatetxeetan batzen dagozan materialagaz, errezeta-hautaketea egingo dabe ondoren herriko gastronomia-liburua argitaratzeko, beren ohiko platerrakaz. Errezeta zaharrenak edo auzoko identidadearen adierazgarrienak lehenetsiko ditue.

Portu Zaharreko betiko errezetak izango dira; esklusiboak ez diran arren, auzoko elikaduran, historian edo bizimoduan toki berezia izan dabenak. Horretarako Medikuntzako, Historiagintzako eta Elikadurako profesionalen ekarpenak jasoko ditue eta azalduko dabe zein izan dan elikagaiek, bizimoduek eta aro desbardinetako egoerek alkarren artean izan daben eragina.

Berbaurreak datu etnografikoak eta gastronomikoak izango ditu (hatxetako arrantzea, eta abar), baita Pedro Bilbao medikuari dedikautako testu bat be. Jatorriz Portu Zaharrekoa izanik, aintzindaria izan zan gaixotasunei aurre egiteko bizitza eta elikadura osasungarria izateko garrantziaz gomendioak emon zituana.


MagicFly Experience, ibilbide turistiko eta kultural alkarreragilea

Getxoko Turismo Bulegoak jarri dau martxan MagicFly Experience ekimena; proiektu barritzaile hau jaio da dinamizazino-turistiko alkarreragilea izateko. Eskuko telefonoaren bitartez, udalerriko gune esanguratsuenetatik ibilbidea eskaintzen da bertan planteautako igarkizunak asmatuta. Proiektu aintzindaria da, esklusiboa eta Getxoko ekintzaileen enpresa batek erregistrauta.

Turismo zinegotzi Irantzu Uriartek adierazo dauenez, Getxoko Udalaren jarduera arloetako bat da produktu eta zerbitzu turistikoak sustatzea merkatu estrategikoetan, udalerriko ondare nagusienen ahalik eta aprobetxamendu handiena lortzeko. MagicFly Experiencearen helburu nagusia da Bizkaia Zubiaren inguruetan batez be, baina baita Portu Zaharrean batzen diran bisitariak eta turistak animetea inguru bi horreek lotzen dituan itsas-ertzetik ibiltera, informazinoa, irudiak -antxinekoak eta egungoak-, eta bideoak eskainiz. Esperientzia positiboa bada, Turismo Bulegoak udalerriko beste gune batzuetan ezartzea aztertuko dau.

MagicFly Experiencearen erabilerea oso erraza da. Interesatuek Bizkaia Zubia plazan jarritako totemera hurrera eta bertan, ezelako aplikazinorik deskargau barik, panelean agertzen dan QR kodean sartu, besterik ez dabe egin behar. Hortik aurrera, ibilbidean zehar agertzen diran 7 pista jarraitu baino ez da egin behar. Ibilbidearen batez besteko iraupena 1,5 eta 2,5 ordukoa da, horretarako bisitariak ezartzen dauen erritmoaren arabera. Informazinoa eskuragarri dago euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu