'Hutsartea' poema liburua aurkeztu dau Aritz Mutiozabalek

Bizkaie! 2016-03-21 12:47   Kulturea

Aritz Mutiozabalek oraintsu aurkeztu dau Hutsartea poema liburua Baionan, Maiatz argitaletxearen eskutik. Poesiak badauka nigan holako menpekotasun bat, barruak hustutzeko balio deustana, edo zer kontatua dodanean beregana jotera eroaten nauena. Eta apurka-apurka poema solteak idazten hasi nintzan, eta gauza bat zala eta bestea zala, koadernoan dezente pilatu jatazala konturatu nintzan. Hutsartea ez zan horren hutsa izan, beraz.

Aritz Mutiozabalek oraintsu aurkeztu dau Hutsartea poema liburua Baionan, Maiatz argitaletxearen eskutik.

Bitarte huts batean hasi nintzan poemategi honegaz. Artean ez nekian liburu bilakatuko zanik, ezta liburu baterako proiektu izan eitekeanik be. Orain urte bi eta erdi nire lehen poema liburua emon neban argitara, ha be Maiatz argitaletxearen babesean: 'Gorren dantzalekua'. Prozesu luzea izan zan, eta denpora batez poesiarik ez idaztea erabagi neban, hutsarte bat hartzea, beste literatur genero batzuk jorratzeko, eta batez be irakurteko.

Kontua da poesiak badauela nigan holako menpekotasun bat, barruak hustutzeko balio deustana, edo zer kontatua dodanean beregana jotera eroaten nauena. Eta apurka-apurka poema solteak idazten hasi nintzan, eta gauza bat zala eta bestea zala, koadernoan dezente pilatu jatazala konturatu nintzan. Hutsartea ez zan horren hutsa izan, beraz
.

Ordura arte idatzitako poemek be, bitarte huts bategaz, denporearen eten bategaz, zerikusia eben ganera. Holan, hainbat atal bereiztea erabagi eban egileak; hasieran hiru izan ziran, ondoren poema gehiago sortu ahala, laugarren atal bat etorri zan... eta, azkenean, bost atal agiri dira liburuan:

- Lehena: Geografia zartatuak. Orain pare bat urte igeslari politikoek manifestu bat irakurri eben, hemen Ipar Euskal Herrian, euren sorlekura itzultzen hasiko zirala esanez. Urola Kostako Hitzak aukerea izan eban eskualdeko igeslari batzuekaz batzeko erreportaje bat osotzeko. Egungo egoera politikoaz gan, euren kezketako bat zan: horrenbeste urte etxetik kanpo egon ondoren zer topauko eben euren sorterrian. Etxea arrotza egingo ete jaken kezka hori.

Sensazino horretatik abiatutako poemak jasoten dira, batez be, lehen atal honetan: urteak erbestean, atxilotuta, igesean edo ezkutuan egote horren barruan gatazka intimoago batean oinarrituta. Jakinda, edo itxaropena izanda, euren egoera hori denpora tarte batez dala. Ez betiko.

- Bigarrena: Amesen itsasaldia. Lo gagozan unea, 7-8 orduko loaldia, amen batean pasetan da. Bitarte horretan, amesak izaten doguz, baita amesgaiztoak be, batzuk gogoratzen doguzanak, baina beste batzuk ez. Askotan eguneko gorabeherak proiektetan jakuz itxuraldatuta loaldietan. Ames gozoenak, barriz, izarrik gagozanean egiten doguz. Lotan zein izarrik egin, amesetan gagozanean geure baitan sartzen gara. Itsaso zabal horretan sartzen gara, eta itsasoa ez da beti bardin egoten: olatuak dagoz, korronteak, harrotu daiteke, barealdiak...

- Hirugarrena: Amnesia markako erlojua. Hirugarren atal hau da akaso existentzialistena, Gorren dantzalekuan maiz agertu zan gaia; honetan, ostera, ez dago ironiarako jokerarik. Oro har, iragandako garaiaz, gomutez, nostalgiaz eta damuaz dabil egilea. Atzera begiratze horretan pasetan dogun denporaz. Denpora galtzen ete dugun? Hori norberak hausnartu beharko dau.

- Laugarrena: Mihia huelgan. Honek be lotura zuzena dauka Gorren dantzalekua lanagaz. Akaso jarraipena be izan daiteke. Kasu honetan, ez entzunarena egitetik isilik geratzera egiten dau salto. Isiltasuna da ardatz: lotseagaitik, galarazota dagoalako, bateren bati arrazoia emoteko edo arrazoia kentzeko... Hutsarte isil bati aurre egiteko nahiko da % 5eko ausardia, eta ausardia horrek bizitza goitik behera aldatu leike.

- Bosgarrena: Eklipse bat nire ordenagailuan. Azken atala da kritikoena eta, beharbada, personalena. Bertan, idazle nazen aldetik izan dodazan eta ikusi dodazan gorabeheren eta oztopoen inguruko hausnarketa bat egiten dot. Izan be, askotan idazleok sekulako lana hartzen dogu, ilusinoz beteta, geure poemak, ipuinak edo nobela bat idazten, eta badirudi egindako lan horrek ez dauela ezertarako balio. Alperrik galdutako denporea izan dala. Akaso, neure buruari harriak botaten nabil, baina lehen esan dodan legez, nahikoa da % 5eko ausardia isilik ez geratzeko eta zu zeu izateko.

Maiatz argitaletxeak eta, batez be, Lucien Etxezaharretak niganako apustua egin dabe, lan honetan sinistu dabe, eta biziki eskertuta nago poemategi honi bide emoteagaitik. Era berean, ez dot ahaztu nahi Itxaro Borda be, Maiatzeko kidea, berak egin deustalako liburuaren hitzaurrea, eta, egia esan, poemategiak jasoten dituan kezka eta hausnarketak oso ondo batu ditu. Niretzat ohore bat izan da Itxaroren parte hartzea eta oso eskertuta nago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu