Alex Txikon: 'Tontorrera heltzea ez zan izan garrantzitsuena'
2016-03-21 09:41 BarriketanMendizalea
Nanga Parbat tontorra (8.126 m) zapaldu eta Euskal Herrira heldu barri da Alex Txikon Lemoako mendizalea. Historian sartu da Txikon, aurretik inork ez ebalako Himalayako zortzimilako hori neguan igon. Ali Sadpara pakistandarragaz eta Simone Moro italiarragaz heldu zan tontorrera, hile bi baino gehiagoko espedizinoa biribiltzeko. Tamara Lunger taldekidea helburutik metro gitxira geratu zan, ondoezak jota. Etxera bueltan, Himalayako bizipenak azaldu deutsoz Txikonek Bizkaie!-ri.
1.- Igaz helburutik hur egon zinan eta aurten bai, Nanga Parbat igotea lortu dozue zuk eta taldekide bik. Non egon da arrakastearen giltza?
Giltza bi alderditan egon da: Batetik, talde guztiak egin dauen lana, gugaz han egon diran laguntzaile guztiak, babesleak eta abar. Bestetik, kirol arloagaz lotuago, igazko igoereak asko lagundu dau, aurten asko hobetu dogu planifikazinoa.
Igazkoagaz alderatuta baldintzak hobetzen ahalegindu gara. Adibidez, lerak erabili doguz pisua Behe Kanpalekutik Lehenengora igoteko. Ganera, egunero mobiduten ahalegindu gara. Behe Kanpalekua ez da oso altu egon, 4.200 metroan, eta egunero gitxienez lau edo bost ordu gora eta behera ibilten ahalegindu gara, geldi ez geratzeko eta sasoia ez galtzeko. Kanpalekua leku on baten euki dogu. Igaz apurtu egiten jakuzan dendak eguraldi txarragaitik eta aurten askoz hobeto egon gara. Inportantea izan da, bestalde, tontorrera igoteko egunean berandu urten genduala. Normala goizaldeko hiruretan urtetea izango zan eta guk seiretan urten genduan.
Eta, zelan ez, pasinoak be laguntzen dau, mendia maite dogu, natureagaz hartu-emonean egotea. Hori guztia batuta, gauza handia egin dogu, baina gauza handi hori ez da tontorra, bertan egindako guztia baino, zelan lan egin dogun taldean, gauza ederrak bizi izan doguz.
2.- Zelakoa izan zan zezeilaren 26a, tontorra zapaldu zenduen eguna?
Ez dot gogoratzen espedizinoko momenturik garrantzitsuena legez, beste momentu bat gehiago izan da. Baina poztasuna bai, ilusinoa. Simone Moro gugana heldu bitartean, ezinegon handia sentidu neban, Behe Kanpalekura abisua pasau gura nebalako, baina Simone heldu arte itxaron behar genduan. Ordu lauren geroago heldu zan eta, orduan bai, gogo biziz deitu genduan behera. Behe Kanpalekuan pilo bat poztu ziran.
Tontotuta modura egon nintzan han. Hanketako eta eskuetako beroa manteniduteko ahaleginean, kontzentrauta nengoan, eta halako baten, begiradea altzau eta K2 ikusi neban aurrez aurre, ordura arte konturatu barik! Holako oroitzapenak daukadaz, baina tontorrekoa baino momentu ederragoak egon dira. Esaterako, Loiuko aireportura heldu ginanean, lagun guztiak eta familiakoak han zain, hunkitzekoa izan zan eta betiko eukiko dot momentu hori gogoan eta bihotzean.
3.- Tontorrera heldu osteko lehenengo gaua, Laugarren Kanpalekuan, benetan gogorra izan zan, ezta?
Bai, bai, ze gogorra izan zan! Beste gau batzukaz konparauta sekulakoa izan zan. Tenperatura bajuak eta eguraldi gogorra izan genduzan, baina txarrena izan zan buruari bueltak emoten hasi nintzala. Tontorra lortuta daukazu, baina pentsetan hasten zara, bihar eukiko ete dot indarrik bajatzeko? Ondo helduko ete gara Behe Kanpalekura? Gau luzea izan zan.
4.- Lastimea Tamara Lunger ez zala zuokaz heldu goraino...
Pena handia hartu genduan. Holako lehenengo igoera bat egiten lehenengo emakumea izango zan eta horretarako zorian egon zan. Sekulakoa izango zan hori. Gure arteko giroa bizi eta gero, Tamarak danei emoten deutsen maitasuna ikusita, zelako indarra eta kemena daukan jakinda, penaz geratzen zara. Baina momentu baten, berak ikusi eban gora egiten segidu ezkero, prezio karuegia ordainduko ebala gero.
5.- Ali Sadpara, ostera, Pakistaneko heroi bihurtu da. Zuk zeuk bizi izan dozuz hari egindako omenaldiak...
Ezin dozu imajinau be egin zer izan zan ha. Ia bideoren bat topetan dodan, hemengo jenteari erakusteko zer izan zan. Benetan, milaka eta milaka persona batu ziran Skardu-n [Sadpararen jaioterria da], eta Islamabad-en [Pakistaneko uriburuan] prentsaurrekoa antolatu eban hango Klub Alpinoak. Telebista, alkarrizketak,... sekulakoa izan zan, oso ondo egon zan guztia.
6.- Simone Moro eta Tamara Lunger azken unean batu ziran zuen espedizinora, lan gehiena eginda egoala. Hareek zeuen lantaldean onartzea kiroltasunezko keinutzat jo dabe batzuek, ez dalako ohikoa.
Azkenean, alkarbanatzea da inportanteena, han zagoz eta gauzek berez urteten dabe. Ez dozu hasarretu behar, bakotxa bere taldean zarratuta. Naturaltasunez, gauzak alkarbanatzea da kontua, azkenean inportanteena da danok personak garela. Alik eta biok lanaren % 95 eginda geunkan, baina aukerea sortu zan. Horri esker, Simone Moro historiara pasauko da, dagoeneko neguko lau lehenengo igoera lortu ditualako zortzimilakoetan. Hori lortzeko, euskaldun batek, pakistandar batek eta emakume italiar batek laguntzinoa eskaini genduan eta hori polita da.
7.- Lehia edo konpetentzia handiegia sumatu dozu oraingoan, ia Nanga Parbatera nor lehenengo heldu?
Ezin dot ziurtasunez baieztau, baina Behe Kanpalekuan sentidu neban giro ona egoala baina gero jenteak ez zituala egia osoak esaten, edo euren hurrengo mobimentuak zeintzuk izango ziran ez ebala esaten. Taldeen artean ezelako arazorik egon ez zan arren, horreek detaileak hor dagoz.
8.- Daniele Nardik espedizinoa itxi eban, zer jazo zan?
Ba, begira, pasau jakun, gu gengozala Behe Kanpalekuan eta erabagiten genduanean hurrengo egunean goruntz joatea, Nardi behean geratzen zan. Etzi, bardin antzean, eta etzidamu be bai. Lan eta lan egin dogu Alik eta nik, eta Nardiri ez dakit zer pasau jakon, baina ez da gugaz batera egon. Beharbada beste idea bat eukan buruan, edo ez dakit nik, baina talde lanean ez dau parte hartu. Gero, gauza batek beste batera eroaten zaitu eta azkenean joan egin zan. Kirol aldetik ez zan motibauta egon edo ez dakit zer, baina nik ziur dakidana da taldean ez dauela parte hartu, eta guk ez deutsagu trabarik jarri, berak uste eban bere lekua Behe Kanpalekuan egoala, besteok lan gogorra egiten genbilzan artean.
9.- Nanga Parbateko tontorra zapalduta, ziklo bat zarratu dozula dinozu. Aurrerantzean, zer egin nahi zeunke? Himalaya aldera bueltauko zara ala beste leku batzuetara joan nahi dozu?
Gatxa da orain hori esatea, ikusi beharko da. Esango deutsudan gauza bakarra da, egongo garela guk gura dogun lekuan, hori seguru. Beste leku askotan be egon gura izango dogu, K2n edo Everesten, baina hori ez dago gure esku, alderdi ekonomikoan ez dalako gure neurrikoa. Beste liga bat da hori, Txapeldunen Ligaren parekoa, eta Alex Txikonen lantaldeak inoz ezin izango dau Txapeldunen Ligan jokatu, zoritxarrez. Baina pozik gagoz daukagunagaz eta ahaleginduko gara guk gura dogun lekuan egoten. Orain, dana dala, Euskal Herriaz disfrutauko dogu, apurka-apurka indarrak berreskuratu eta gero ikusiko da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!